Sunday, June 28, 2009

Euskadiko Txapelketa

Gaur jokatu da Donostian aurtengo Euskadiko basoko arkutiroketa txapelketa. Gure taldetik Iñaki, Rafa, Koldo, Lander, Jose Luis eta seirok joan gara, Oñatitik Mikel ere joan delarik. Ohiko tiradetara joateko baino beranduago geneukan hitzordua goizean, izan ere tiraldia beranduago hastekoa zen. Azkenetakoak izan gara Ilunbera iristen, kotxe ugari aurkitu ditugu bertan.

Berotzeko asti larregi ere ez dugu eduki, eta gero bakoitza bere patruilara. Nirean Cesar, Katsen eta Iñigo, eta gustura egin dugu ibilbidea. Zelaian hasi gara, bigarren tiroan basurde bat gerizpetan, eta gu berriz eguzki azpian, kontraste larregi ondo ikusteko. Gero basoan sartu gara poliki-poliki, eta zuhaitzek ematen ziguten eguzki babesa eskertu dugu, batez ere amaieran berriz zelaira itzuli garenean.

Tiroak nahiko gertu zeuden, baina guztietan zegoen oztoporen bat, gorputza eroso jartzeko zailtasunak, itzal eguzki kontrasteak, zuhaitzak, hostoak, ... Baina ibilibidea polita izan da, larregi nekatu gabe, motza baitzen, eta gainera lokatzara gutxirekin.

Amaitzean ikusi dugu jendea pozik zegoela orokorrean, nik ere nire tiraldirik onenetakoa egin dut, eta aipatzekoa Koldoren lana, 3. sailkatu da arku librean, ligan ere horrela sailkatu zen, eta Jose Luis berriz 4. geratu da longbowarekin.

Bertaratu garen guztiok familia argazki koloretsua atera dugu, eta txapelketa bat ondo amaitzeko egin behar den bezala, sari banaketa izan da. Lehenengo ligako txapelak banatu dituzte, eta ondoren Euskadiko txapelketakok. Zorionak hemendik txapeldun guztiei!!

Ez nuke geratu nahi Diarcoko jente guztia zoriondu gabe, lan bikaina egin duzue guztiek, eta guk gustura pasatzeko beharrezkoa zena egin duzue, beraz eskerrak ere eman behar dizkizuegu, Mila Esker!!

Monday, June 15, 2009

Liga nazioanala Gaintzan

Atzo jokatu zen Gaintzan, Ordizia Arkunaturaren eskutik, aurtengo liga nazionalari amaiera eman dion jardunaldia. Egia esateko larunbatean hasi zen, gertatu zuten harrerarekin, barbakoan egindako hirugihar eta saiheskiarekin, edari hotzekin, sagardo kupelarekin, eta bertaratutako jente guztiarekin.

Igandean goiz jaiki beharra eduki genuen, normalean Gaintzara joaten garena baino ordu 1 lehenago, hala ere kotxe ugarirekin egin genuen topo Koldo, Lander eta hirurok. Kotxea aparkatzeko Babes Zibilekoen laguntza eduki genuen gainera! Arkuak muntatu, zeruari begiratu, ez atzokoan ez zegoen euri arrisku handiegirik, jente ezaguna agurtu eta txabola ondoan jarri zuten beroketa gunera.

Material azterketa arin pasatu genuen, horrela berotzeko denbora gehiago hartuz. Gainera nahi zutenentzako gosaria zegoen goiko negutegien ondoan, kafea, gailetak,... Batzuk uste dut hor berotu zirela gehiago arkuarekin baino. Gero patruilak biltzeko deia egin zuten, nirekin Ilde ordiziarra, Jordi eta Marina kataluniarrak, eta Jordi castelloitarra, eta lehenengo ibilbide gorria egokitu zitzaigun, ohikoa Gaintzan tiraldiak ospatzen direnean.

Oso polita zegoen ibilbidea, izugarrizko bisonte bat, diana bikoitzetan animali handiak jarrita, tiroak goruntz, beheruntz, blind batetik bota beharreko Bambi txikia,... oso zailak ez ziren arren, guztiek zuten zerbait, hanka ongi jartzeko zailtasunak, zuhaitz-abarrekin ahaztu beharra, belarrak ezkutatzen zituen dianak,... Zoragarria benetan.

Lehenengo ibilbidea amaitzean, ondo merezitako otartekoa, badute batzuek zerbait ikasi beharra, eta negutegiaren ondoan Kiowa, Diarco, eta Ordiziakoekin batera jan genuena. Ordurako Goierri Telebistakoak ikusiak genituen, eta ETBkoak ere azaldu ziren.

Ordutegiak bastante errespetatuz, bigarren ibilbideari ekin genion, oraingoan Patxiren baserritik gora joan eta pinudian murgildu ginen. Hasierako dianara iristea gehiago kostatu zitzaigun oraingoan, ibilbidea ere luzeagoa baitzen. Hemen ere tiro politak, distantzia guztietara eta inklinaziodunak eta postura desberdinak behartzen zituztenak.

Gurekin patruilan zetorren Jordi kataluniarrak irabazi zuen, ikustekoa zen nola botatzen zuen, ia guztiak sartzen zituen. Horrelako txapeldunekin batera botatzea aberasgarria da. Neri ere ondo joan zitzaidan, arratsaldean, halakoetan ohi dudan bezala, goizean baino hobeto bota nuen, eta oso gustora geratu nintzen.

Basoko aldatzez gain, atzoko jardunaldia asko zaildu zuen beste faktore bat hezetasuna izan zen, tenperatura nahiko altuak zeuden, eta hezetasuna larregikoa, izugarrizko sargoria. Denbora guztian izerditan blai, eskerrak ibilbideetan zehar ur-puntuak zeudela, eta pinudian zegoen botila handia asko eskertu genuen.

Bukatu zenean nahi zuten guztientzako otartekoak erosteko aukera jarri zuten, tabernaz gain, ideia ona, batez ere bidaia luzea aurretik zutenentzako. Partehartzaile bakoitzak kamiseta bat eta pin pare bat jaso genituen, eta asko izan ginen gainean geneukan kamiseta bustia kendu eta Ordiziakoa jantzi genuenak, lehor sentsazioa edukitzeko asmotan.

Hemendik zorionak irabazleei. Eta noski, zorionak Ordiziako taldea osatzen duzuen guztioi, segi horrela lanean!! Lana ondo egiten denean, partehartzaileak ere gusturago bueltatzen dira etxera, eta pentsatzen dut lana egin dutenak ere bai! Mila Esker guztiagatik!!

ARGAZKIAK

Monday, June 08, 2009

Basoko Euskal Ligako 5. jardunaldia

Atzo jokatu zen Larrabean aurtengo euskal ligaren azken jardunaldia, eta arraroa ematen badu ere, eguraldi bikainarekin.

Gure taldetik Koldo, Lander, Iñaki, Rafa, Oihana eta bostok joan ginen, Koldoren "autobusean". Hara iritsi ginenean, betiko jentea agurtu, arkuak muntatu, berotu, eta azkenean bakoitza bere patruilarekin elkartu ginen. Nirekin Rafa, Cesar eta Alfredo. Gure artean giro paregabea eduki genuen, ibilbide ederrarekin gozatzen, goiz eder bat pasatzeko balio izan zigun.

Rafa inspiratuta zegoen, oso tirada polita egin zuen. Ni ere gustura geratu nintzen egindako lanarekin. Bestalde ezin aipatu gabe utzi Koldo bigarren sailkatu dela ligako amaierako sailkapenean, zaila izango du Martin gainditzea, baina saiatu gabe ez da geratuko.

Itzultzean ia ohitura bihurtu dugun legez, Gatzagainen kafetxo bat hartzen geratu ginen, mundua konponduz!

Datorren igandean liga nazionala Ordizian, han izango gara.

Friday, June 05, 2009

Gipuzkoako Aire Zabaleko Txapelketa

Aurreko larunbatean jokatu zen Donostiako Loiola hipikan aurtengo Aire Zabaleko txapelketa. Oñatitik Iñaki eta biok joan ginen, eta Mikel ikusle bezala. Egun beroa eduki genuen, guztiak txapel eta eguzkitako betaurrekoekin ikus zitezkeen.

Iñakik sailkapen fasea ez zuen gainditu, eta nik gainditu nuen arren final laurdenetan kanpora. Aipatzekoa kanporaketak hasi aurretik guztiontzako otarteko eta edari bana genituela, ez da hori edozein txapelketetan ikusten.

Gehiengoa Diarco taldekoak ziren, eta domina gehienak beraientzat izan ziren.

Sailkapenak

Argazkiak