Tuesday, June 19, 2007

Liga Nazionala Madrilen

Igande honetan Alcalá de Henaresen liga nazionaleko 5. jardunaldia jokatu da, jokatzekoa zen behintzat, ez baitzen amaitu.

Larunbat bazkalostean irten genuen Oñatitik Iñaki, Mikel eta hirurok, egia esan nahiko giro ona zegoen hemen, baina Madrilera gerturatzen gindoazela zerua gero eta beltzagoa zegoen, Somosierra inguruan izugarrizko ekaitza harrapatu genuen. Arazo gabe heldu ginen Alcalara, baina hotelera joateko ondoko merkatalgunean bira pare bat eman behar izan genituen, ez baitzegoen guztiz ondo seinalizatuta. Hoteleko harreran neska bat eta mutil bat, neskak 20 minutu itxaroten eduki gintuen, ez baitzuen gure erreserba aurkitzen, eta mutila berriz galduta zegoen, ez zekien zer egin behar zuen ere. Pedro, Encarna eta Iriarte nafarrak ikusi genituen hotelera iristeaz bat, eta hauek azaldu ziguten El Clan talderako bidea.

Trasteak gelan utzi ostean, El Clan taldearen bilgunera joan ginen, ia Mejorada del Camporaino iritsi ginen, bidegurutzea atzean utzita, eta berriz itzultzeko beste buelta luze bat. El Clan taldekoek harrera bat gertatu zuten bertaratutako arkulari guztientzat, eta gu berandu samara iritsi ginen, ordurako ia jende guztia bazihoan. Hala ere, barbakoan gertatutako saltxitxa eta hirugiharra gustura jan genituen, sangria freskoarekin lagunduta. Guztien artean zegoen urduritasuna, eguraldi eskasa baikenuen momentu horretan ere, eta iganderako beldur ziren.

Hotelera bueltan, merkatalgunean paseatu genuen, izozki bana janaz. Ondoan genuen Buffalo Grill tabernan garagardo pare bat eta freskagarri bat eskatu, eta euskaldunen ohiturari eutsi genion, barraren aurrean jarrita. Goiz oheratu ginen, 6:15 aldean esnatzeko. Gosaltzera abiatu ginenean jantokia beteta zegoen, baina lekutxo bat aurkitu genuen guretzako.

El Clan-eruntz abiatu ginen, euria geratu gabe ari zen. Goiz iritsi ginenez, kotxe barruan itxarotea erabaki genuen, zertarako alperrik busti! Azkenean kotxetik irtetzea erabaki genuen, arkuak muntatu eta tabernara, han zeuden beste arkulari batzuk. Aterpetxo baten azpian, jente guztia berotzen, baina etzegoen guztiondako lekurik, haseratik busten. Eskerrak Iñakik aterki bat utzi zidala, bestela...

Patruilak biltzeko deia egin zuten, nirekin batera Irune aretxabaltarra, Ruben errioxarra, eta Ruben madrildar-avilarra. Gaztela Leongo Luis bat etortzekoa zen, baina antza denez eguraldi txarrak etxean gelditzea bultzatu zuen. Lokatza pila bat bidean, euria bota eta bota, eta hasi ginen gure ibilbidearekin, horia tokatu zitzaigun lehenengo egiteko. Tiroak oso politak, lekua ederra, baina egiten zuen euriarekin, bideetan errekak sortu ziren, lurra oso labainkorra eta biguina zegoen. Amaitzen ari ginela antolakuntzakoak etorri ziren tirada bertan behera gelditzen zela oihukatuz. Guri 3 diana falta zitzaizkigun, eta amaitzea erabaki genuen, nahiz eta ez zuten uzten hori egiten. Tentu handiz bota genituen azkenengo 3 dianetako geziak. Ni oso gustura aritu nintzen, gezi gutxi joan ziren kanpora, bizikleta bakarra egin nuen gainera. Lastima gero diana batzuk kendu egin zituztela puntuazioak kontutan hartzeko.

Jentearen aurpegia ikusteak nahikoa esaten zuen. Ibilbide zuria egin zutenek azaldu zutenez, ezinezkoa zen han ibiltzea. Antolakuntzakoak berriz, ia negarrez. Lan bikaina egin zuten, baina eguraldia ez dago gure esku, eta huts egin zigun!

Otartekoa jan, gertatu zizkiguten opariak jaso, kirol-poltsa bat, kamiseta bat, bidaiarako trivial joku bat, El Clan taldeko pina, eta sakelakoan jartzeko fanta boteilatxoak, jentea agurtu eta martxa. Aranda de Dueroko bideko zerbitzugune baten jateko gelditu ginen eta 6:30etarako etxean geuden. Zapore gazi-gozoa utzi digu tirada honek, ea datorren igandean Ordizian jokatuko den Euskadiko 3D txapelketan bestelakoa den.

No comments: