Monday, December 24, 2007

San Jesus Karratu

Atzo antolatu zuen Ordiziako Arkunatura taldeak beraien santu patroiaren izena daraman lehiaketa, San Jesus Karratu saria hain zuzen ere.

Oñati aldetik Iñaki, Rafa eta hirurok joan ginen botatzera, ta Mikel berriz ikustera etorri zen. Gaintzara iritsi ginenerako kotxe pilatxoa zegoen bide ertzean. Arkuak gertatu, eta txabolaruntz abiatu ginen.

Jente ezaguna agurtu, batenbatzuk berri samarrak ziren, beroketak egin eta lehiaketa hasi zen. Nirekin batera Mikel eta Alfredo donostiarrak, eta Jose Mari errioxarra, azken unean Agustinen baja izan genuen, beraz laukotean aritu ginen. Umore ona izan genuen nagusi taldean. Berrikuntza batzuk zituen lehiak, animali bakoitzari 2 piketa desberdinetatik bota behar zitzaion, eta 20 animalietatik 2 mugikorrak ziren, basurde bat eta untxi bat. Orokorrean animaliak urrun zeuden, baina tiro guztiak oso politak iruditu zitzaizkidan.

Puntuazioa, exkax. Entrenamentu falta, lo gutxi eginda, ez dago aitzakiarik. Jose Mari oso ongi aritu zen, podiuma zapaldu zuen gainera. Alfredok ere remontatu egin zuen. Oñatiarron aldetik aipatu behar Iñakik izugarrizko pleno bat egin zuela, emozionatu egin zen antza, baina niretzat meritu handiagoa dauka Jose Marik puman egin zuen plenoa, zegoen distantziagatik, eta bisore gabe botatzeagatik.

Amaieran otartekoa, ederra zegoena, bizikletekin etorri zirenei denboralditxoa itxaron, eta sari banaketa egon zen. Sari bezala jarri zituzten "trofeoak" originalak eta politak ziren, Ildek egindako 2 animali ere bazeuden sari bezala, bat zozketa bidez Mikel Jareñori egokitu zitzaion, eta bestea aldiz puntu gutxien egin zuen helduarentzako izan zen, Axen izan zen zorteduna.

Urtarrilean guztiok elkar ikusiko dugulakoan, hemendik Mila Esker Ordiziako taldeari egindako guztiagatik.

Iñakik ateratako argazkiak ikusteko, egin klik hemen.


ZORIONAK TA URTE BERRI ON!!!

No comments: