Thursday, February 28, 2008

Xixon, Liga nazionala

Aurreko igandean jokatu zen Xixonen aurtengo basoko 3D Liga Nazionaleko 2. ekitaldia. Gure taldetik Oihana, Iñaki eta hirurok joan ginen, beste 17 gipuzkoarrekin batera, 16 Ordiziako taldekoak eta Sesma Diarcokoa. 4 kotxetan abiatu ginen larunbat goizean Bergaratik. Torrelavega inguruan geldialditxoa, kotxeetan ezin zutenak erre, erreta zigarro bat erretzeko amorruz, beste batzuk komunera joateko gogoz aldiz.

Xixonera ordu biak jota heldu ginen, baina hotelera heldu ezinda ibili ginen, GPSak arazoak ei zituen. Hotelean instalatu, bakoitzak bere gela hartu, eta behean genuen hitzordua bazkaltzera joateko. Nahiko gertu aurkitu genuen Fernandinek gomendatutako Sagardotegia, ez da Astigarragakoen bezalakoa, taberna baizik, eta 20 pertsonentzako lekua edukiko zutela, baina itxaron egin behar genuela. Bitartean sagardoa edan, eta itxasoko kirikiñoak atera zituzten pikatzeko, egia esan ez zuten oso itxura onik, zaporea ez dakit, agian Sesmak esango digu hobeto...

Bapo bazkaldu ostean autobus bat geneukan Xixonen ibilbide turstikoa egiteko, ia autobusetik irten ere ez ginen egin, eta Oihanak zioen bezala, japoniarrak ginela ematen genuen! La Camocha Xitia taldearen entrenamentu lokala jantoki bihurtu zen, bertan "espicha" eduki genuen, apur bat danetik jateko, eta sagardoa edateko, bai botilatik bai kupelatik. Amaitzean batzuk kalean geratu ziren, gu berriz lo egiten saiatzera, bero larregi logelan, eguerdiko fabada bere eraginak egiten...

Igande goizean 7retarako gora, gosaldu eta 8:30etarako tiro zelaian egoteko, ordu eta erdi pasako atzerapena eduki genuen, oso geldo joan zen materialaren errebisioa. Patruilan jente jatorra egokitu zitzaidan, aurreko baten Ordizian nireki batera bota zuen Luis kantabriarra, Alvaro naparra, Pedro andaluza eta Jorge madrildarra. Giro ona eduki genuen, bai geure artean eta baita zeruan, euri tantatxo batzuk bota zituen, baina ez zuen gehiagora egin. Basoa izateko asko falta zuen ibilbideak, parke bat baitzen, eta belarretan geziak galtzeko beldurrak edo egun txarra izateak ez zuten batere lagundu puntuazioan, nirean behintzat.

Xixondik arratsaldeko 6retan abiatu ginen etxeruntz bueltan, joaterazkoan ez bezala bidaia luzea egin zitzaigun, baina buruan oroitzapen onak ekarri genituen, momentu onak izan baitziren nagusi.

Hemen daude argazkiak.

No comments: