Tuesday, April 22, 2008

Alfajarin

Asteburu honetan Zaragozako probintzian dagoen Alfajarin herrian izan gara, bertan basoko Liga Nazionaleko 3. jardunaldia jokatu da.

Larunbatean irten genuen, Iñaki ere etortzekoa zen, baina aurreko asteko erorikoaren ostean baja izan zen. Aretxabaletan elkartu ginen Oihana eta biok Antonio eta Irunerekin, eta euren kotxean joan ginen Alfajarinera. Bidean eguraldi eskasa, haizea indartsu, kotxearen kontrola galtzera iristeko modukoa, eta zatika euri zaparradak. Logroño inguruan dagoen area baten geldialditxoa egin genuen kafe bat hartzeko. Konturatu orduko heldu ginen helmugara, bidaia lasai baten ondoren. Antonio eta Iruneren hotela erraz aurkitu genuen, gurera berriz buelta batzuk eman ostean iritsi ginen.

Hotelean arkulari batzuk ikusi genituen, eta lehiaketa izango zen ingurua bisitatzera irten genuen. Ia guztiz erorita dagoen gaztelu bat, eta paisaia hareatsua, basamortu itxurakoa, barrenean espainiarren sinbolo den zezen handia. Harrerarik ez zegoen, beraz gure hotelera joan ginen afaltzera. Gero kartetan jokatu, eta bakoitza bere hotelera, beno, gu han ginen.

Igandean goizeko 7retan jaiki, ta gosaltzera jeitsi ginen, han agertu ziren Ordiziatik goizeko 5etan irten zutenak, Jaime buru zela. Zilarrezko balan etorri ziren, esan zutenez poliki...

Antonio eta Irune puntual etorri zitzaizkigun bila, ibilbidera joan, arkuak muntatu, aterkinak atera, euria ari baitzuen, jente ezaguna agurtu, patruilako kideak bilatu, berotu, eta ordutegia errespetatuta, lehiaketari ekin genion. Nerekin batera, Irune bera, Marga Extremadurakoa eta Francisco andaluza, David madrildarra ere etortzekoa zen, baina ezin izan zuen.

Giro onean aritu ginen, hasierako euriaz gain, ez zuen euri gehiago egin, eta geunden lekuan egoteko eguraldi zoragarria egin zigun. Patruilan bertan umore ona nagusi, eta ibilbidea polita, gozatzekoa. Geziak apurtzeko beldurrarekin joan ginen, geziz ondo hornituta guztiok, baina lurra biguina zen, eta ez zen oso arriskutsua gezientzat, agian pausuak ondo emateko bai.

Goizeko ibilbidea bukatu, eta otartekoa. Aukera desberdinak zeuden, eta edateko ere berdin. Nire ustetan ederra zegoen otartekoa, goseak ere edukiko du zerikusirik, baina oraindik Euskal Herrian jaten ditugunen antzekorik ez dugu jan kanpoan. Arratsaldeko ibilbideari ekitea abiatu ginenean, poleadun batzuk agertu ziren, betiko bezala oso poliki hauek!

2. ibilbide honen hasieran, larregiko lasai nengoen, eta kostatu zitzaidan geziak nik nahi nuen tokian sartzea, hau da, animalietan. Denbora pasatu ahala, eguzkia gehiago berotzen, eskerrak ez zela goizetik hasi, bestela...

Amaitzean ez zegoen oroigarririk arkularientzako, ibilbidean zehar ere urik ez zegoen, baina horren guztiaren gainetik nabarmendu behar egun bikaina izan zela, gehien gustatzen zaiguna egiten, lagunarte politean.

Itzulerako bidaia ere lasai joan zen, etxera iritsi, ta nekea igartzen zen, horren aurka onena, lotara goiz joatea izan zen!

No comments: