Tuesday, June 24, 2008

Purullena

Asteburu honetan etxetik urrun xamar egon gara, gehien gustatzen zaiguna egiten, animaliei geziak jaurtitzen. Hemendik irten eta hamar ordu pasa ostean iritsi ginen lehiaketa jokatu behar zen Purullena herrira, Granadako probintzian.

1. hitzordua Zumarragan genuen, Oñatitik nik bakarrik irten ondoren, Galo eta Jaime jaso nituen, ondoren Ordizian Karratutarrak eta Martin gehitu zitzaizkigun, larunbateko goizeko 9ak ziren. Eguraldi beroa zetorrela ikusten zen, Andaluzian zer esanik ez. Bidean nahiko ondo joan ginen, lehenengo gasolina betetzeko geldialditxo bat La Cabreran, gero Gaztela Mantxan bazkaltzen geratu ginen, hemen zain genituen aurrez irtendako Vidri eta Irune, 15 eguneko oporraldi bati hasiera ematen, hori bai zortea, itzultzeko presarik gabe. Bazkaldu genuen jatetxearen ondoan ehizarako materialez jositako denda handi bat dago, disekaturiko animali pila bat dituzte barruan gainera, dendaz gain museoa ere bada. Hau bisitatu, eta hegoalderuntz jarraitu genuen, oraindik beste geldialditxo bat egin genuen, edatekoak erosteko gasolindegi batean, izan ere egiten zuen beroarekin, eta kotxeko aire girotu ezarekin, edan egin behar.

Purullenara arratsaldeko 7:15 aldean iritsi ginen, trasteak geletan utzi eta tiro gunerantz irten genuen, apur bat kostatu zitzaigun aurkitzea, eta gainera gurekin zeudenatako batzuk egonak ziren bertan... Dortsal banaketa egitekoak ziren, baina azkenean iganderako utzi zuten. Mahaiak gertatzen hasi ziren antolakuntzakoak, txorixoa, saltxitxoia, gazta,... eta garagardo fresko batzuen laguntzarekin harrera ona izan zen. Patruilak nola egokitzen ziren begiratu, Irunek esana zidan batera geundela bi andaluziarrekin, Francisco eta Javier, azken honekin hitzegiteko aukera eduki genuen.

Hotelera gerturatu aurretik, kalearen bestaldean zegoen hotelera trago bat hartzera, baten batzuk afaltzeko asmoarekin zeuden hala ere. Barriketaldi baten ostean, denok lotara, goizean goiz iratzargailuak joko baitzuen. Boda bat zegoen tragoa hartu genuen hotelean, eta despedida bat ospatzen ari zen neska kuadrila bat ere ez zebilen aparte, goizeko 3retan oraindik musika topera, eta gelako beroa gehituz gero, emaitza loaldi txar bat!

Igande goizean, irekita zegoen taberna bakarrean gosaldu, eta kirol gunera. Zoo txiki bat daukate muntatuta Purullenako hauek, basurde bikote bat, astoak, hontza, kangurokume bat, indioilar bat, txakurrak, denetik ikus zitekeen bertan. Gure patruilakoa ei zen Francisco ez zen agertu, antza denez kandelaren batek sua sortu zion etxean, baina ezagutzen zutenek ziotenez beste nonbaiten zeukan sua. Gure hurrengo patruilan 2 falta ziren, beraz gelditzen ziren beste biak banatu egin zituzten, guregana Macu etorri zen, hain zuzen Javierren emaztea.

Ibilbidea oso polita iruditu zitzaidan, Bardeen antza hartu nion, zuhaitzak dauden desberdintasunaz. Goiko puntuetatik Sierra Nevada ikus zitekeen, oraindik elur pixka bat bazegoen. Egunak aurrera egin ahala, beroa nagusi, eta zuhaitz bakanetako gerizpeak gustura hartzen ziren. Seinaleei dagokionez asko zeukan hobetzeko, eta horrelako beroaren aurrean ur gehiago jar daitekeela uste dut ibilbidean. Alde batetik beroa, bestetik distantzia luzeak, eta bestetik nire akatsek, puntuazio nahiko baxua edukitzera eraman ninduten. Arratsaldeko ibilbidean zerbait hobetzera lortu nuen, baina hala ere bukatzeko gogoarekin amaitu nuen.

Ibilbidea bukatzean, erropak aldatu eta besteek bukatzeko zain geunden bitartean, freskagarri batzuk hartu eta hitzegiten jardun genuen. Jaimek bigarren amaitu zuen igandeko lehiaketa, eta emaitza honekin aurtengo liga nazionaleko azpi txapeldun geratu da elgoibartarra, Zorionak!! Saria jasotzera ordea ezin geratu, bide luzea baikeneukan aurretik, eta astelehenean goiz jaiki beharra batzuk.

Itzuleran kotxeak sauna zirudien, ilunduz zihoan einean freskatzen joan zena. Larunbatean gelditu ginen leku berean, La Cabreran, afaldu genuen Jaime, Galo eta hirurok, besteek euren martxa hartu zuten eta gu baino ordu bat lehenago helduko ziren etxera, hori bai, afaldu gabe. Etxera heldu orduko goizeko 2:30ak, zuzenean lotara!

Asteburu honetako argazkiak ikusteko, egin klik hemen

No comments: