Sunday, September 14, 2008

Lanaren emaitzak

Gaur jokatu da Oñatin Basoko 3D Ibilbideen Arkutiraketako Gipuzkoako txapelketa, guretzat atzo hasi ziren lanak ibilbidean, beste arlo batzuetan lehenago hasiak ginen arren.

Atzo goizean goiz Gaintzara joan ginen animaliak ekartzeko, eguraldi benetan eskaxa eduki genuen. Oñatira iristerako beste kideak zain genituen lokalean, eta hemendik denborarik galdu gabe ibilbidea montatzera joan ginen. Animaliak jarri, aurrez pentsatutako tokietan, dagozkien piketak ere ondo sartu, tarteka aterri, tarteka euripean, bazkaltzeko etenalditxo bat egin genuen aterpean, eta gero muntatze lanak amaitu genituen, oraindik ibilbidea markatzea eta segurtasun kontuak ziurtatzea falta zitzaigun

Basoko ibilbide teknikari lanak Amadeok bete zituen, bere oniritzia jaso genuen hiruzpalau diana zertxobait aldatu ostean. Eguna bukatzeko bidetik gertuen zeuden dianak gorde genituen, gaurko lanaren zatirik handiena eginda utzita.

Gaur goizean elkartu garenean oraindik eguna jaso gabe zegoen, eraman beharreko gauzak hartu, falta zena muntatu, animalien argazkiak jarri, laguntzaile moduan aritu direnei beren zereginen gainean azalpenak eman, eta pixkanaka arkulariak iristen joan dira, batzuk erdi galduta ibili diren arren, gehienak arazorik gabe heldu dira.

Patruilan Jose Luis, Irune eta Ignaciorekin joan naiz, gainean neukan nekearekin ez dut behar beste gozatu ibilbidea. Jendea pozik ikusi dut, ibilbidea gustukoa izan dutela komentatu digute, poztekoa da horrelakoak entzutea.

Amaieran, otarteko eta sari banaketaren ostean, laguntzaile izan ditugun komertzioen opariak zozketatu ditugu, barre batzuk ere egon dira tartean.

Sailkapenak ikusteko


Hemendik eskerrak ibilbidean laguntzaile izan ditugun lagun, senitarteko eta besteei, Debagoieneko Gurutze Gorriari, opariak eman dizkiguten komertzioei, eta nola ez, etorri zareten arkulari guztiei, zuek gabe ez bailitzateke txapelketarik egongo.

No comments: