Sunday, March 15, 2009

Larrabea Saria

Gaur jokatu da Larrabean izen bereko saria. Oñatitik Koldo, Iñaki, Rafa eta laurok joan gara, Jose Luis berriz bere aldetik. Atzo egin zuen eguraldiarekin, gaur gauean euria egin du, eta goizean ere lanbroa genuen lagun. Dena den, goiz ona egin digu, baso ibilbide bat egiteko primerako giroa.

Euskal Herritik gain Errioxatik, Kantabriatik eta Burgostik etorritako 81 arkulari bildu gara, eta antza denez jentearen atzetik ibili beharra eduki dute antolatzaileek ordaindu gabe zutenekin. Izena emateko orria bidaltzen denean argi jartzen du ordaindu egin behar dela parte hartu ahal izateko, zorrotzago jokatu beharko da hemendik aurrera.

Niri patruilan Yoli eta Ana, eta Xabi eta Mario mutikoekin egokitu zait, giro ona izan dugu gure artean. Poleadunen kasuan ezik, beste guztietan patruila mistoak egin dituzte, arku motak eta gizon-emakume-haurrak nahastuz, eta uste dut asmatu dutela, hala ere, poleadunak hiruko taldeetan joan arren, betiko moduan...

Ibilbidea asko gustatu zaigu, aldaketa txiki batzuekin aurrekoarekin alderatuz, baina baso honek ematen dituen aukerak mugagabeak dira, beti gozatuko dugu horrelako lekuetan. Hemendik Zorionak Kiowa taldearentzako!!

No comments: