Asteburu honetan, aste santua gainera, Jose Fernandez memoriala jokatu da Xixonen. Jai egunak aprobetxatuz Iñaki eta biok joan ginen Asturias aldera. Ostegunean Cares ibaiaren ibilbidea egin genuen, hortik Xixonera, han elkartu ginen "arqueros en la red" foruko hainbat kiderekin, Penelope, Fernandin, Dragon Rojo, Champiñon, Dani, Yakatuma... eta gida turistiko lanak ondo bete zituen Fernandinekin afaltzera joan ginen. Bapo geratu ginen guztiok ere.
Ostiral goizean zerua lainotuta zegoen, trasto guztiak hartu eta San Lorenzo hondartzako 14. eskilarara abiatu ginen. Bisore gabe botatzen dugunon txanda zen goizean, 8 talde ginen, ni Carmen eta Fernandorekin batera nintzen, edo beste era batera esanda Penelope eta Fernandinekin, Arqueros Foreros. Liga eran jokatu behar genuen talde guztien kontra, euri asko eta haizea hasi ziren, eta bertan behera utzi behar izan genuen. Arratsaldeko saioan olinpiko, estandar eta poleadunek La Camochan bota zuten, Xitia taldeko tiro aretoan, eta larunbateko saioak ere han izan ziren.
Guk 4 lehia irabazi genituen, eta Iñakik aldiz bakarka bota zuen, eta 2. postua lortu zuen, gainera lehenengo 3 hamarrekoen saria ere bereganatu zuen. Larunbata ondo bukatzeko sagardotegi batera eraman gintuzten afaltzera.
Asteburuko politena ostiral gauean hondartzan egin genuen saioa, suzko geziak jaurti ziren zerurantz Jose Fernandez zenaren omenez. Jende ona ezagutu dugu, eta giro onean ibili gara, eguraldia alde batera uzten badugu.
No comments:
Post a Comment