Thursday, May 07, 2009

Liga nazionala Pardinesen

Igande honetan jokatu da Gironako probintzian dagoen Pardines inguruan aurtengo liga nazionaleko 4. jardunaldia. Hemendik 3 joan ginen, Martin eta Iñaki Ordiziako taldekoak eta hirurok. Larunbat goizean irten genuen, Gaintzan genuen elkartzeko tokia, Ordiziako taldeko kide batzuk han geratu ziren behelainotan entrenatzen, guk berriz Etxegarate pasa orduko eguraldi bikaina geneukan, hori bai, atsedenalditxo bat egiteko geratu ginenean ikusi genuen bezala, nahiko freskoa.

Pardinestik ehun kilometro baino gehiagora geratu ginen bazkaltzen, eta arratsaldeko 4:30etan heldu ginen Ribes de Freser herrira, Pardinestik 6 kilometrora dagoen herritxoa, bertan geneukan hotela hartuta. Hotelean gauzak utzi, herritik bueltatxo bat egin oinez eta kotxea hartuta Pardinesko kanping-era abiatu ginen, hor jokatu behar ziren hurrengo eguneko ibilbideak.

Basoko arkutiraketa praktikatzeko Instalazio finkoa dauka kanpingak, bertara joaten direnentzako gertu. Karabana batzuk bazeuden bertan. Heldu orduko ikusi genituen arkulari batzuk gezi batzuk botaten, gu lasai egon ginen ordea, paisaiaz gozatuz garagardo fresko baten laguntzarekin.

Afaltzeko Ribesera itzuli ginen, hoteleko jantokian prezio onean jaten zela esan ziguten eta hara abiatu ginen. Madrileko arkulari batzuekin batera jarri ginen mahaian. Gero ez zen katxondeorik falta izan, hain zuzen futbolean Barçak Madrid jipoitu baitzuen Bernabeun bertan. Larregi berandutu gabe oheratu ginen.

Igandean goizean goiz jaiki, eta herriko kafetegi batean gosaldu ostean kanpingerantz abiatu ginen. Arkuak muntatu, jentea agurtu, eta beroketak egitera. Atzerapen apur batekin hasi zen lehiaketa.

Nire patruilan Marina (Talaveran ere batera egokitu zitzaigun), Joan eta Raul kataluniarrak, eta Javier valentziarra. Ibilbideak oso politak, tiro gehienak oso gertu egon arren, baina horiei ere ezin zaie hutsik egin. Batzuk goruntz, beste batzuk beheruntz, denetarik zegoela iruditu zitzaidan.

Goizeko ibilbidea bukatu, eta otartekoa jaso genuen, ez zen hemen ohituta gaudenen bezalakoa, herena tamainaz eta hotza baizik. Jendea kexatu zen horretaz, bitartean tabernan negozioa egin zuten.

Arratsaldeko ibilbidea hobeto joan zitzaidan, eta hau ere oso polita zegoen, goizean bezala larregi urrundu gabe tiroak. Ezin aipatu gabe utzi poleadunetan errekorra egin zutela, 360 puntutik 360ak egin zituen 1ek!

Bukatu zenean, arkua desmuntatu, erropak aldatu eta lasai egon nintzen ezagunekin berriketan, Martin eta Galok amaitzeko zain. Agertu zirenean, eta guztia gertatu zutenean abiatu ginen itzulerako bidea egitea.

Gaintzan azeri batek egin zigun ongietorria. Eta animaliekin jarraituz, eltxo, euli, tximeleta etab. ugari tokatu dira gure parean kotxean gindoazela, eskerrak Udanan agertu zitzaidan kirikiñoa ikusi nuela eta bizirik jarraitu zuela....

Hemen argazkiak eta sailkapenak.

No comments: