Monday, June 15, 2009

Liga nazioanala Gaintzan

Atzo jokatu zen Gaintzan, Ordizia Arkunaturaren eskutik, aurtengo liga nazionalari amaiera eman dion jardunaldia. Egia esateko larunbatean hasi zen, gertatu zuten harrerarekin, barbakoan egindako hirugihar eta saiheskiarekin, edari hotzekin, sagardo kupelarekin, eta bertaratutako jente guztiarekin.

Igandean goiz jaiki beharra eduki genuen, normalean Gaintzara joaten garena baino ordu 1 lehenago, hala ere kotxe ugarirekin egin genuen topo Koldo, Lander eta hirurok. Kotxea aparkatzeko Babes Zibilekoen laguntza eduki genuen gainera! Arkuak muntatu, zeruari begiratu, ez atzokoan ez zegoen euri arrisku handiegirik, jente ezaguna agurtu eta txabola ondoan jarri zuten beroketa gunera.

Material azterketa arin pasatu genuen, horrela berotzeko denbora gehiago hartuz. Gainera nahi zutenentzako gosaria zegoen goiko negutegien ondoan, kafea, gailetak,... Batzuk uste dut hor berotu zirela gehiago arkuarekin baino. Gero patruilak biltzeko deia egin zuten, nirekin Ilde ordiziarra, Jordi eta Marina kataluniarrak, eta Jordi castelloitarra, eta lehenengo ibilbide gorria egokitu zitzaigun, ohikoa Gaintzan tiraldiak ospatzen direnean.

Oso polita zegoen ibilbidea, izugarrizko bisonte bat, diana bikoitzetan animali handiak jarrita, tiroak goruntz, beheruntz, blind batetik bota beharreko Bambi txikia,... oso zailak ez ziren arren, guztiek zuten zerbait, hanka ongi jartzeko zailtasunak, zuhaitz-abarrekin ahaztu beharra, belarrak ezkutatzen zituen dianak,... Zoragarria benetan.

Lehenengo ibilbidea amaitzean, ondo merezitako otartekoa, badute batzuek zerbait ikasi beharra, eta negutegiaren ondoan Kiowa, Diarco, eta Ordiziakoekin batera jan genuena. Ordurako Goierri Telebistakoak ikusiak genituen, eta ETBkoak ere azaldu ziren.

Ordutegiak bastante errespetatuz, bigarren ibilbideari ekin genion, oraingoan Patxiren baserritik gora joan eta pinudian murgildu ginen. Hasierako dianara iristea gehiago kostatu zitzaigun oraingoan, ibilbidea ere luzeagoa baitzen. Hemen ere tiro politak, distantzia guztietara eta inklinaziodunak eta postura desberdinak behartzen zituztenak.

Gurekin patruilan zetorren Jordi kataluniarrak irabazi zuen, ikustekoa zen nola botatzen zuen, ia guztiak sartzen zituen. Horrelako txapeldunekin batera botatzea aberasgarria da. Neri ere ondo joan zitzaidan, arratsaldean, halakoetan ohi dudan bezala, goizean baino hobeto bota nuen, eta oso gustora geratu nintzen.

Basoko aldatzez gain, atzoko jardunaldia asko zaildu zuen beste faktore bat hezetasuna izan zen, tenperatura nahiko altuak zeuden, eta hezetasuna larregikoa, izugarrizko sargoria. Denbora guztian izerditan blai, eskerrak ibilbideetan zehar ur-puntuak zeudela, eta pinudian zegoen botila handia asko eskertu genuen.

Bukatu zenean nahi zuten guztientzako otartekoak erosteko aukera jarri zuten, tabernaz gain, ideia ona, batez ere bidaia luzea aurretik zutenentzako. Partehartzaile bakoitzak kamiseta bat eta pin pare bat jaso genituen, eta asko izan ginen gainean geneukan kamiseta bustia kendu eta Ordiziakoa jantzi genuenak, lehor sentsazioa edukitzeko asmotan.

Hemendik zorionak irabazleei. Eta noski, zorionak Ordiziako taldea osatzen duzuen guztioi, segi horrela lanean!! Lana ondo egiten denean, partehartzaileak ere gusturago bueltatzen dira etxera, eta pentsatzen dut lana egin dutenak ere bai! Mila Esker guztiagatik!!

ARGAZKIAK

No comments: