Asteburu honetan Salamancako probintzian dagoen Guijuelon izan gara Jose Luis, Iñaki, Koldo, Lander eta bostok, eta hemen ingurukoak Noguera neskalagunarekin, Andres emaztearekin eta Diarcokoak eta Ordiziakoak ere han izan dira.
Bidaia ez zen larregiko luzea izan, geldialdi pare batekin, bero handia genuen zain. Hotelean izena eman, zerbait pikatzeko hartu, bidean hamaiketakoa egina baikenuen, eta tiro guneetara abiatu ginen. Ibilbide bakoitza toki desberdinean daukate, Iñaki, Lander eta hirurok "Los Molones"en hasi ginen, eta Koldo eta Jose Luis "El Bardo Viejo"n berriz. Eguzkiak ganoraz jotzen zuen larunbat arratsaldean, baina hango arteek ematen zuten gerizpea eta haizetxoa lagun, jasangarriagoa egiten zen, hemen izanez gero hezetasunak lanak zailduko zizikigun.
6rak jota ekin genion lehenengo ibilbideari, bakoitza bere basoan. Nirekin patruilan Antonio Avilakoa, Ines Salamancakoa eta Manolo Extremadurakoa (emaztearen laguntzaz), giro jatorra zegoen gure artean, eta botatzea egokitzen ez zitzaigunean gerizpea aprobetxatzen genuen. Ondo joan zen tiraldia, gustura geratu nintzen. Beranduago jakin genuen Landerrek infantil mailan izugarrizko puntuazioa egin zuela, lehenengo poleadun nagusiak baino puntu gehiago, egia da piketa txuria gertuago dagoela, baina ezin zaio meriturik kendu.
Bukatzean "El Bardo Viejo" basora joan ginen, han baikeneukan afaria. Bertako produktuak nagusi, hestebeteak, txerrikiak,... kolesterolarentzako izugarria! Afalostean diskoteka bihurtu zen basoa, denetariko musika entzun ahal izan genuen, eta gehiago edo gutxiago (hobeto edo okerrago) dantza egin genuen. Hotelera joan ginenean jende ugari geratu zen parrandan.
Igande goizean argi zegoen batzuen aurpegietan gauekoa, parranda, lo gutxi,... Bigarren ibilbidea egiteko aurreko eguneko sailkapena kontutan hartu zuten, eta ibilbidez aldatu genuen guztiok, oraingoan guri "El Bardo Viejo" egokitu zitzaigun. Ibilbide honen xehetasuna dianaren argazkirik ez geneukala.
Patruilan Carlos Valenciakoa, eta Agustin eta Mayo Gaztela Manchakoak, larunbatean baino bero gehiago egiten zuen agian, eskertu genituen bideko ur postuak. Gainera antolakuntzako "txabola"ren ondoan jateko zeoze ere aurkitu genuen. Ur botilak 5 litrokoak ziren, izotzez betetako balde handietan sartuta zeuden, eta ura ateratzeko bonbatxo bana zeukaten, inguruan edalontzi batzuk utzi zituztenez, botilarik ez zeukatenek ere edan ahal izan zuten. Arrakasta izan zuen ura banatzeko metodo honek, neri ere asko gustatu zitzaidan, garbiagoa baita.
Ibilbide hau oso gustura egin nuen, nere marka pertsonala eginda, nahiz eta oraindik asko daukagun ikasteko. Bukatzean Cuatro Calzadas hotelera joan behar genuen, Salamancarako bidean, han baitzen bazkaria. Ordu bateko atzerapenaz hasi zen, guztiok goseak amorratzen geundela. Bazkalostean sari banaketa egin zuten, ezin aipatu gabe utzi Landerrek infantil mailan txapeldun irten zuela, kanping denda bat eman zioten sari bezala. Ordiziakoek urdaiazpiko pare bat eta hestebete batzuk irabazi zituzten, eta Iñakik berriz kamiseta bat zozketan.
Bazkaria bukatu, eta bakoitza bere etxeruntz, geldialdi batekin, 10etarako etxean. Asteburu zoragarria benetan, han egona zen jende guztiak ondo hitzegiten zuen, zerbaitegatik zela konturatu gara. Datorren urtean ere ahal izanez gero errepikatuko dugu, noski baietz!
Argazkiak ikusteko.
No comments:
Post a Comment