Otsailaren 14an bota zuen elurteak hilabete atzeratu zuen denboraldi honetako basoko Euskal ligako 2. jardunaldia. Igande honetan, hilabete beranduago, jokatu da Amurrion.
Oñatitik Iñaki, Mikel, Koldo, Lander, Rafa eta seirok, eta gero Oihana eta Jose Luis hartu genituen batera joateko. Eguraldi ona egiten zuen, nahiz eta laino batzuek beldur pixka bat eman, hori bai, haizeak ematen zuen lekuetan hotz galanta igartzen zen.
Iritsi orduko kafe beroa eta pastak genituen, barruak berotzeko primeran etortzen dena beti; ibilbidea oso polita, leku ederrean, tiro batzuetan derrigorrez makurtu behar, beste batzuetan berriz postura arraroa hartu behar. Patruilako giro ona ezin aipatu gabe utzi, John, Karlos, eta Jorge (emaztea eta alabarekin) izan nituen lagun.
Bukatzean, otartekoarekin batera salda beroa, hau ere primerakoa hotzaren kontra. Jendearekin barriketa egin, tiraldia komentatu, eta etxeruntz abiatu ginen, bidean kafe bat hartzeko geratuta.
Hemendik zorionak Amurrioko jendeari egindako lanagatik!
Hurrengo hitzordua hil honetako 28an Ordizian, basoko euskal ligako 3. jardunaldia.
No comments:
Post a Comment