Friday, August 04, 2006

BLANQUEFORT

Pasa den asteburuan Blanqueforten, Bordeletik gertu, izan gara. Bertan 8. Arku Tiraketa topaketa ospatu da. Larunbata eta igandean izan dira lehiaketak, guztira 4 baso ibilbide, 80 animalirekin.

Oñatitik Mikel, Iñaki, eta hirurok joan gara lehiatzera, eta Oihana berriz laguntzaile bezala. Iaz ere bertan izan ginen, baina orduan kanpingean egin genuen lo, edo lo egiten saiatu ginen, eta aurtengorako hotel batera joatea pentsatu genuen.

Ostiral eguerdian atera ginen Oñatitik, ia ordu bateko atzerapenarekin Mikel gezi berriak probatzen aritu zelako. Bergaran gure zain aspertuta zegoen Oihana hartu ondoren, autopista hartu ta martxa. Gutxi gora behera, bidearen erdian, atseden-gune baten geratu ginen bazkaltzeko, patata tortila benetan ederra!

Arratsaldeko 6ak inguruan Blanqueforten ginen, baina han dortsalak hartu ahal izateko Ordiziako taldeari itxaron behar genion, tropelean agertu ziren gerora. Han aurkitu genituen batzuk, gure hotel berean zeudenak, eta beraien azalpenei esker galdu gabe heldu ginen bertara.

Larunbatean gosaltzeko karpa zegoen tokira joan behar ginen, eta gaizki ulertu baten ondorioz puska bat galduta ibili ginen, baina iritsi ginen gosaltzeko eta berotzeko astiarekin.

Larunbatean Mikel Fernandez, espainiar bat eta frantziar batekin batera egokitu zitzaidan. Gure artean giro ona izan genuen, eta puntu aldetik ni behintzat oso gustora. Kontutan hartzekoa Jean Marc frantziarraren taktika, oso metodikoa benetan. Goizean hiru laguntzaile izan genituen, Goizargi, Mikelen neskalaguna, espainiarraren emaztea eta Oihana, arratsaldean berriz bi neska euskaldunak gelditu zirelarik, bestea nekatua bait zen.

Arratsaldeko ibilbidea amaitzean, 4x4rako txartelak hartu, eta han ibili ginen dinosauroei botatzen mugimenduan zegoen kotxetik. Esperientzia polita benetan.

Gauean Hotelaren ondoan zegoen Kart pistara joan ginen, eta han bota genuen lasterketatxo bat, batenbatzuk hasieran beldurtuta bazeuden ere ondo pasatu genuen.

Igande goizean berriz lanak hartu beharreko bidea bilatzen, baina iritsi ginen gosaltzeko garaiz. Larunbatean baino denbora gutxiago eman zuten, lehenago amaitzea nahi bait zuten. Igandeko taldeak larunbateko sailkapenekin egin zituzten, eta neri errioxar bat, Txema, eta bi frantziarrekin egokitu zitzaidan, Christophe eta Laurent. Giro polita eduki genuen, frantzesez ez jakin arren moldatu ginen ulertzeko. Bi frantziarren arkuak benetan kuriosoak ziren, turkiar estilokoak, politak ere bai.

Arratsaldean sari banaketa hasi baino lehenago Euskal Herrira itzultzea erabaki genuen, guztiok ere nekatuta bait geunden. Asteburu ederra pasatu dugu benetan, hurrengo urtean ere errepikatzeko asmoz joango gara.