Monday, December 18, 2006

ATZOKO GIPUZKOAKO ARETOKO TXAPELKETA

Atzo ospatu zen Gipuzkoako txapelketa Oñatiko Zubikoa kiroldegian, guretzako lanak larunbatean hasi ziren arren, Donostiraino kamioi baten traste guztien bila, gero Gaintzan geldialdia tradizionalean bota behar genuenontzako animaliak hartzera, kiroldegiko armairuan utzi hau guztia, bidegurutzeetan kartelak jarri eta gero inoiz amaitzen ez zela zirudien saskibaloi partidaren ostean iganderako guztia prestatzera.

Atzo kiroldegira iristean, jente guztia barruan zegoen, baina ez zieten kantxarako atea zabaldu, horrek atzerapen bat ekarri zuen. Tabernaruntz dagoen aldean, arku biribildunak, gero poleadunak eta azkenik tradizionalekoak. Dianetara botatzen zutenek, aldiko 3 gezi jaurtitzen zituzten, guk aldiz 2, eta 2 minutu guztiontzako, guretzako denbora larregi, ia-ia aspertzeko astia genuen!! 2 minututan han zeuden 4 animaliei bina gezi botatzeko astia genuen kasik, eta bestaldean berriz 2 minutuak guztiz agortzen 3 gezi botatzeko, horietako bat basoan ere ikusten dugun Sesma, honek arku mota (poleadunak ezik) eta txapelketa guztietan botatzen du, hori da meritua hori!!

Gu txantxetan aritu ginen bitartean, prezisioko arkulariak kontzentratuta eta serio. Gure taldeko ordezkaritza modalitate bakoitzean zegoen, poleadunetan Kandi eta biribilduan Rafa, ni aldiz tradizionalean. Gure maila ez da altuenetakoa, eta ezin izan genuen inork ere lehenengo sailkapen fasea pasatu. 2. fasea hasi aurretik, guztiok tabernara igo genuen, salda, patata tortila eta txorizo pintxoak zain geneuzkan, jente guztiak eskertu zituen, gainera ordu horietan edozer sartzen da ondo!!

Modalitate bakoitzeko txapeldunak hauek izan ziren: Miguel Urkia biribilduan, Juan Mari Urretabizkaia poleadunean, eta Ilde Sanchez tradizionalean. Emaitza osoak ikusteko:
- Sailkapen saioa
- Haurrak
- Azken emaitzak

Amaitzean, korrika eta presaka guztia batu eta soziedadera joan ginen bazkaltzera oñatiarrak. Balantze positiboa egin genuen, 64 arkulari, maila ona eta eskertutako lana. Hurrengo baten basoko ibilbideren bat antolatu beharko dugu, denboralditxo baten behintzat aretokorik ez bait dugu berriz egingo, lan asko da eta beste talde batzuk ere badaude.

Monday, December 11, 2006

GIPUZKOAKO ARETOKO TXAPELKETA

Datorren igandean, hilaren 17an Gipuzkoako Aretoko Txapelketa ospatuko da Oñatin, Zubikoa kiroldegian, Gipuzkoako Arkutiraketa federakuntzaren laguntzarekin. Aurtengo saioak berrikuntza batzuk dauzka, era tradizionalean botatzen duten arkulariek, 3D dianetara botako dute, asko jota 16 arkularirentzako egongo da horrela botatzeko aukera. Prezisioan botatzen dutenek aldiz, ohikoa bezala diana bertikaletara botako dute.

Txapelketan parte hartzen duten guztientzako hamaiketako bat egongo da kiroldegiko tabernan, gutxi gora behera 12ak inguruan, saioaren atsedenaldian hain zuzen ere. Beraz jente guztia gonbidatuta dago parte hartzera edo bestela ikustera. Gogoratu gaur dela azkenengo eguna izena emateko. Informazio gehiago federakuntzaren orrian.

Iganderako markatuko ditugu kiroldegira iristeko bide egokienak, beraz adi bidegurutzeei. Zuen zain egongo gara igandean.

Thursday, November 16, 2006

LIGA NAZIONALA ORDIZIAN

Pasa den igandean, hilaren 12an, Gaintzan aurtengo Liga Nazionaleko 1. jardunaldia ospatu zen. Bertan izena eman genuenak 162 izan ginen, benetan arkulari asko!!

Goiz xamar egon behar genuen Gaintzan, goizeko 8retarako, eta ordurako kotxea aparkatzeko leku oso gutxi zegoen. Lehia goizeko 9etan hasi zen, nire patruilan Pedro Antonio katalainurra, Luis kantabriarra, Libertad gaztelarra eta Jose Carlos andaluziarra zeuden, maila ona zutela erakutsi zidaten. Lehenengo ibilbide urdina egin genuen, gora eta behera ugari, eta tiro bakoitzean postura hartzeko komeriak. Ni oso gustura geratu nintzen ibilbide honekin, nere marka pertsonala egin bainuen.

Hamaiketakoa egin ondoren, oso ondo jarrita zegoen karpa baten azpian gainera, ibilbide urdinari ekin genion. Bigarren ibilbide honetan asko jeitsi zen nere maila. Gainera ibilbide gorri honetan gorriak pasatu nituen, oso labainkorra zegoen lurra, oso aldapatsua eta hori gutxi balitz nire oinetakoen azpikaldea lau-laua!! Azkenengo aldiz jantzi nituen oinetako hoiek.

Goiz guztian euria izan genuen lagun, batzuetan atertu egiten zuen arren, eskerrak ez zuela hotzik egiten. Antolakuntza primerakoa, otartekoak bikainak, euri apur batek ezin dezake lan ona estali! Hemen daude emaitzak:

EMAITZAK

Monday, October 30, 2006

DIANAK


Granadako Alfacar taldeko kide batzuk diana artisauak egiten pasatzen dute beraien denbora librea, fletxak botatzen ere bai pentsatzen dut...

Argazkian azaltzen dira guretzako egin dituzten dianak. Oso politak izateaz gain, asko irauten ei dute. Orain behintzat badugu baso ibilbideak gertatzeko material hobea, papelezko diana borobiletara botatzea baino politagoa beti!

Sunday, October 22, 2006

NAFARROAKO 3D TXAPELKETA

Gaur ospatu da San Adrianen Nafarroako 3D Txapelketa, Ordiziako lagunen bidez jakin genuen honen berri, eta gu beti halako lehiaketetan parte hartzeko gertu gaudenez han izan gara.

Goizeko 6etan genuen hitzordua Mikelekin, Oihana ta biok joan gara bere bila ta gaizkiulertu baten ondorioz, kontrako lekuan egon gara zain. 6:35 alderako Beasaingo gasolindegi batean Ordiziarrekin elkartu behar ginen, lehenengo aldia izan baita San Adrianera joaten ginena. Han agertu dira Jesusen Mercedesean 5 arkulari, eta atzetik Ilderen furgonetan beste 7. Autobidetik joan gara Tafallaraino, han Peralta alderuntz hartu, eta obra batzuengatik moztuta zeuden kaleetan galdu xamar ibili ondoren iritsi gara San Adrianera.

Berandu iristeak berotzeko denbora gutxitu digu, hori gero igarri egin dut lehenengo ibilbidean. Ibilbidea bat izan da, lehenengo aldian egurrezko piketatik bota dugu, eta bigarrenean aldiz plastikozkotik. Taldean Antonio, Irune, Andres, Imanol eta ni neu, eta Cady bezala Imanolen emaztea eta Oihana.

Ibilbidea oso polita, gora-behera askorekin, tiro luze eta teknikoekin. Lehenengo 10 dianetan, ni neu oso gaizki, gero gorputza berotuz joan denean asko hobetu dut. Amaitu eta han zeuden Arco Ribera taldekoak guretzako bokadilo, pasteltxo eta urarekin zain.

Bigarren itzulia hastea kostatu zaigu benetan, talde batzuen zain egon baikara. Gorputza hobeto zegoen, eta emaitzetan igarri dut. Plazer bat da Andres eta Antonio bezalakoekin patruilan botatzea, dakitenei kasu egin behar zaie ikasten joateko. Irunek ere uste dut Andresekin asko ikasi duela gaur.

Amaitu dugunean Ordiziakoekin batera Peraltako jatetxe batean jan dugu, arratsaldeko 4rak aspaldi jota zeuden, eta nahikoa egin dute guri plater konbinatu batzuk ateratzen. Bazkalosteko tertuliaren ostean, martxa etxe aldera. Itzulerako bidea Lizarratik egin dugu, handik Agurain aldera eta gero Gasteiztik Oñatira. Euria ere dezente egin digu gainera. Orain egun gogor eta betegarri honen ostean, lo egitea tokatzen da.

Monday, October 09, 2006

IKASTAROA

Azaroko azken asterako, eta abenduko lehenengorako ikastaroa antolatu dugu. Hona hemen datuak:



- EGUNAK: AZAROAK 27 eta 29, eta ABENDUAK 1, 4, 6, 8 eta 9

- ORDUTEGIA: 18:00h-20:00h (ZERBAIT ATZERATU DAITEKE JENTEAREN BEHARREN ARABERA)

- LEKUA: LARRAÑA INSTITUTOKO KANTXAN, ETEO ATZEAN

- 16 URTETIK BEHERAKOAK NAGUSI BATEKIN BATERA ETORRI BEHARKO DIRA, BIEK EGIN BEHARKO DUTE IKASTAROA

- PREZIOAK: 16 URTETIK GORAKOAK 30€, GAZTEAGOAK 20€

- PREZIOAREN BARNE ABENDUAREN 9AN LARUNBATA, GOIZEAN EGINGO DEN LAU ORDUKO SAIOA HAMAIKETAKO ETA GUZTI

- MATERIALA TALDEAK JARTZEN DU

- IRAKASLEA: AMADEO DIAZ, HAINBAT ALDITAN EUSKADIKO TXAPELDUNA ETA ESPAÑAKO TXAPELKETETAN AURREAN ARITUA

- IZENA EMATEKO AZKEN EGUNA AZAROAK 22

- GUTXIENEKO JENTE KOPURUA: 6 PERTSONA

Tuesday, October 03, 2006

ARKUTIRO ERAKUSTALDIA

Igandean, Oñatiko Mikel Deunaren jaien barruan, arkutiraketa erakustaldia eman genuen plazako frontoian. Aurtengoan berritasun bezala animaliak eduki genituen, eta jente ugari inguratu zen arkuarekin probatzera, batez ere neska-mutiko gaztetxoak. Esan behar hiena, basurdea, oreina eta ahatea Ordiziako taldeak utzitakoak zirela, eta otsoa berriz gurea da.

Neska-mutikoen interesa ikusita, badirudi arkutiroan sartu nahi duen jentea badagoela, ea ikastaroren bat antolatzerik dugun. Jente berria behar dugu taldean, edozein adinetakoa. Ea norbait animatzen den.

Thursday, September 28, 2006

ARGAZKIAK

Atal berria dugu, argazki albuma gehitu diogu gure blogari. Eskuinean dagoen estekan klik egin, eta argazkiak dauden lekura eramango zaituzte nabigatzaileak. Momentuz Blanqueforten ateratakoak daude bakarrik, ea gustukoak dituzuen.

Monday, September 25, 2006

1. LEGUTIANO SARIA

Asteburu honetan ospatu da Larrabeako pinudian Legutiano Sariaren 1. edizioa. Bertan izan gara gure taldeko Iñaki, Rafa eta 3rok botatzen, eta Mikel eta Oihana laguntzaile bezala. Larunbatean arratsaldeko 3:30etan hasi zen material errebisioa, gero lehiaketa 4:30etan hasteko. Denboraz joan ginen Oihana ta biok, kanping denda muntatu behar genuelako. Besteak lo egitera etxera itzuli ziren.

Arku biribildu edo Long-bowekin batera, arku-libreaz botatzen duen arkulari bat sartu zuten patruila bakoitzean. Gure taldean Mikel, Jose Luis, Txomin eta neu biribilduarekin, eta Juan Carlos poleadunarekin egokitu ginen, larunbat eta igandean errepikatu zelarik. Normalean Euskal Ligan egiten duten ibilbidearekin alderatuta, luzeagoa zen asteburu honetakoa, baina polita era berean. Larunbatean guztiok piketa urdinetik bota behar genuen, eta igandean berriz gorritik. 15 zenbakidun diana 2 aldiz jarri zuten, beraz ohiko 20 dianak izan beharrean, larunbatean 21 izan ziren, ia guztiok 21era bota genuen, baina patruila talde pare batek 20ra bakarrik bota zuenez, azkenengo diana kendu ziguten, gure kasuan tiro erraz bat, gutxienez 11 puntu kenduz bakoitzari. Batzuk ia ilunetan amaitu zuten larunbateko saioa, hurrengo urtean berriz animatzen badira goizago jarri beharko dute hasiera ordua.

Karpa handi bat jarri zuten antolatzaileek bilgune puntu bezala, bertan eman ziguten izena ematerakoan partehartzaile bakoitzari oparitxo batzuk zeuzkan poltsa bana, kamiseta, boligrafo, pin, ardo boteila bana tartean. Afaria ere karpa horren azpian izan zen, eta ganoraz lan egin zuten arabarrek guztiok gustora gera gintezen, ZORIONAK!!, lortu zenuten. Afalostean kafea, eta hainbat pasta tarteko, giro onean egon ginen Ordiziako lagunekin batera, hainbat abesti entzun genituen Basur, Mikel, Jesus eta besteen aldetik. Larregi berandutu aurretik, bakoitza norbere kanping dendara, edo kotxera edo ta etxera, igandean berriz botatzea tokatzen zitzaigun eta.

Igandean, lo gutxi eta gaizki egin ondoren, golfeko tabernan gosaldu genuen. Zerua lainotuta agertzen zen, euri itxura handia zeukan, eta ez genekien eutsiko ote zuen. 10ak inguruan hasi ginen botatzen, eta euri apur bat egin zigun arren, ez ginen larregi busti. Diana bat gutxiago ibilbidean, legezko 20ak, eta tiroak antzerakoak, piketa edo animalia zertxobait lekutik aldatuta. Gehien zailtzen zuena diana eta arkulariaren artean zeuden zuhaitz eta arramak ziren. Nire patruilako Jose Luis eta Mikel ordiziarrak 1. eta 2. sailkatu ziren biribilduan, eta Juan Carlos 1. arku librean. Benetan zoragarria da halako maisuekin botatzeko zortea izatea, asko ikasten da dakitenei kasu eginez eta begiratuz.

Ibilbidea amaitzean, bazkaria karpapean, atzokoa bezela, ona eta gainera inor ez zen gosez geratuko. Kafea, pastak eta solasak egon ziren gero, sari banaketa ospatu baino lehenago. Lehenbizi neska mutikoek jaso zituzten euren opariak, ta ondoren nagusiek. Ordizia aldera sari ugari joan ziren, hamaiketako ederra egiteko materiala lortu zuten, sari bezala ardoa eta gazta baitzeuden tartean.

Lerro hauen bitartez, Sari hau antolatu duen jente taldea zoriondu nahi nuke, erakutsi digute lana ondo egiten dakitela, ligako jardunaldiak bertan ospatu direnean ere erakutsi izan digutena. Ea datorren urtean berriz sariketa honekin gozatzeko aukera dugun.

Monday, September 11, 2006

GIPUZKOAKO 3D TXAPELKETA

Atzo elkartu ginen Gaintzako pinudian, Ordiziako arku taldeak eta Gipuzkoako federazioak antolaturiko Gipuzkoako Basoko 3D txapelketan. Guztira 55 bat partehartzaile, irekia zenez Bizkaiatik, Arabatik, Nafarroatik eta Errioxatik hainbat arkulari etorri ziren.

Eguraldia beroa, eta zegoen hezetasunarekin bero sentsazio handiagoa. Ibilbidea oso ondo zegoen jarrita, beti egin ohi duten bezala. Tiro politak, ez zeuden larregiko urrun ere, nahiz eta batzuk benetan zeudena baino urrutiago zeudela ematen zuen.

Niri patruilan Antonio Vidriales, John Margüello eta Alberto Martinekin egokitu zitzaidan, lehen biak oso parekatuta ibili ziren, puntu dexente eginaz, ni aldiz normalean baino okerrago, lo gutxi eginda, beroa, konpetizio falta...

Gipuzkoako txapeldunak Xabier Gaztañaga Long Bowan, Mikel Fernandez biribilduan eta Martin Martinez librean izan dira. Emaitza osoak ikusi nahi izanez gero, jo Gipuzkoako federazioaren orrira. Zoritxarrez emakumezkoen mailan ezin izan da txapelketarik ospatu, ez delako gutxieneko kopurura iritsi.

Hurrengo ekitaldia Legutiano Saria izango da, irailaren 23 eta 24an, informazio gehiagorako: Arco-Mercedes taldearen orrira jo.

Friday, August 04, 2006

BLANQUEFORT

Pasa den asteburuan Blanqueforten, Bordeletik gertu, izan gara. Bertan 8. Arku Tiraketa topaketa ospatu da. Larunbata eta igandean izan dira lehiaketak, guztira 4 baso ibilbide, 80 animalirekin.

Oñatitik Mikel, Iñaki, eta hirurok joan gara lehiatzera, eta Oihana berriz laguntzaile bezala. Iaz ere bertan izan ginen, baina orduan kanpingean egin genuen lo, edo lo egiten saiatu ginen, eta aurtengorako hotel batera joatea pentsatu genuen.

Ostiral eguerdian atera ginen Oñatitik, ia ordu bateko atzerapenarekin Mikel gezi berriak probatzen aritu zelako. Bergaran gure zain aspertuta zegoen Oihana hartu ondoren, autopista hartu ta martxa. Gutxi gora behera, bidearen erdian, atseden-gune baten geratu ginen bazkaltzeko, patata tortila benetan ederra!

Arratsaldeko 6ak inguruan Blanqueforten ginen, baina han dortsalak hartu ahal izateko Ordiziako taldeari itxaron behar genion, tropelean agertu ziren gerora. Han aurkitu genituen batzuk, gure hotel berean zeudenak, eta beraien azalpenei esker galdu gabe heldu ginen bertara.

Larunbatean gosaltzeko karpa zegoen tokira joan behar ginen, eta gaizki ulertu baten ondorioz puska bat galduta ibili ginen, baina iritsi ginen gosaltzeko eta berotzeko astiarekin.

Larunbatean Mikel Fernandez, espainiar bat eta frantziar batekin batera egokitu zitzaidan. Gure artean giro ona izan genuen, eta puntu aldetik ni behintzat oso gustora. Kontutan hartzekoa Jean Marc frantziarraren taktika, oso metodikoa benetan. Goizean hiru laguntzaile izan genituen, Goizargi, Mikelen neskalaguna, espainiarraren emaztea eta Oihana, arratsaldean berriz bi neska euskaldunak gelditu zirelarik, bestea nekatua bait zen.

Arratsaldeko ibilbidea amaitzean, 4x4rako txartelak hartu, eta han ibili ginen dinosauroei botatzen mugimenduan zegoen kotxetik. Esperientzia polita benetan.

Gauean Hotelaren ondoan zegoen Kart pistara joan ginen, eta han bota genuen lasterketatxo bat, batenbatzuk hasieran beldurtuta bazeuden ere ondo pasatu genuen.

Igande goizean berriz lanak hartu beharreko bidea bilatzen, baina iritsi ginen gosaltzeko garaiz. Larunbatean baino denbora gutxiago eman zuten, lehenago amaitzea nahi bait zuten. Igandeko taldeak larunbateko sailkapenekin egin zituzten, eta neri errioxar bat, Txema, eta bi frantziarrekin egokitu zitzaidan, Christophe eta Laurent. Giro polita eduki genuen, frantzesez ez jakin arren moldatu ginen ulertzeko. Bi frantziarren arkuak benetan kuriosoak ziren, turkiar estilokoak, politak ere bai.

Arratsaldean sari banaketa hasi baino lehenago Euskal Herrira itzultzea erabaki genuen, guztiok ere nekatuta bait geunden. Asteburu ederra pasatu dugu benetan, hurrengo urtean ere errepikatzeko asmoz joango gara.

Monday, June 05, 2006

EUSKADIKO 3D TXAPELKETA, EMAITZAK

Emaitzak ikusteko sakatu hemen, emaitzak.

ATZOKO EUSKADIKO 3D TXAPELKETAKO KRONIKA

Atzo Legutiano Larrabea pinudian, Euskadiko 3D txapelketa jokatu zen, aldi berean Euskal Ligako finala genuen. Oñatitik Mikel, Iñaki eta hirurok joan ginen parte hartzera, eta cady bat ere eraman genuen, aupa Oihana! Goizeko 8:50erako han ginen, eguraldi benetan itzela ordurako, 66 arkularik izena emanda, nahiz eta azkenean bakarren batek huts egin, denak itxura ona zuen ongi irtetzeko.

Materiala kontrolatzeko, 3 epaile, asko arindu zuen honek tramite hau. Beroketak egiten ari ginela, bat haserretu zen bere gezi bat doblatu egin zelako, horrenbeste gezi dauden leku baten normala da zerbait gertatzea, eta hori edonori gerta dakioke, nik uste filosofia gehiagorekin hartu behar direla horrelakoak, badakit ez zaiola inori gustatzen halakorik gertatzerik, eta bakoitzak ahal duen kontu gehienarekin egin behar ditu gauzak.

10etan abiatu ginen patruilak bakoitza bere dianetara, nirekin batera Antonio, John eta Jose Luis zeuden, orain arte ez zait suertatu hauekin botatzea, eta benetan gustora aritu ginen. Hemen ibilbidea polita izaten da, larregiko aldatzik ez duena, eta zuhaitzek eguzkiaren berotasunetik babesten dute, puntu asko egiteko ibilbidea iruditu zitzaidan, baina ez nuen nire egunik onena eduki, gustora aritu arren, geziak ezin sartu.

Amaieran, beti eskertzen den otartekoa eta gero sari banaketa. Batzuk ligako lehenengo saria jasotzeaz gain, Euskadiko txapela jantzi zuten, Amadeo kasu, eta beste batzuek podiuma lortu zuten. Orain ez daukat sailkapen ofizialik eskura, baina podiuma zapaldu zuten gehienak Ordiziako taldekoak ziren, zorionak guztiei!

Monday, May 29, 2006

EUSKADIKO 3D TXAPELKETA

Datorren igandean, ekainaren 4an, Legutiano ondoko Larrabea basoan Euskadiko 3D txapelketa jokatuko da, aldi berean aurtengo Euskadiko 3D ligako azkenengo jardunaldia izango da. Badirudi batzuk ez dutela enteratu nahi noiz izaten diren Euskadiko ligako jardunaldiak, federazioak ateratzen duen egutegia ez dute kontsultatzen antza. Halako kirol "minoritarioa" izanik, bata besteari kritikatzen aritu ordez, hobeto ez al da izango elkar ondo eramatea?

Kirol zentzuari dagokionez, ahal dugun ondoena egiten saiatu beharko dugu, ea eguraldiak laguntzen digun eta ondo pasatzen dugun, irabaztea bakarrik ez baita garrantzitsuena.

Monday, May 22, 2006

Logroñon tiradia

Aurreko astian errioxako arkulari batzuk euran baso ibilbidian parte hartzera gonbidatu ziguten. Lehia hau larunbat honetan izan da, maiatzaren 20an. Logroñotik Soriara doan N-111 bidearen ondoan dagoen pinudi baten izan da, Logroñotik 10 bat kilometrora.

Oñatitik 3 joan ginan, Iñaki, Mikel ta neu. 10 animaliko rekorrido bati 2 itzuli emun bihar ziran. Animali gehixenak txikinak ziran, baina ba heuen otso bat haundi xamarra. Tiruak polittak ziran, igual beheruntz falta zan bat edo beste. Ikusten da Logroñoko jente hau oraindik berria dela baso ibilbideen antolakuntzan, baina ez zen arazorik egon, agian beraien arteko ikamikaren bat edo beste. Izen ematea doain zen, eta hobeto izango litzateke zerbait ordaintzea, horrela behintzat parte hartzaileentzat ura egon zedin, jentea egarri zen eta.

Beraz, Oñatitik Logroñora joateak merezi izan zuen. Ea guk noiz antolatzen dugun horrelako lehiaketa bat.

Thursday, January 05, 2006

ZELA ERABILTTEN DA HAU?

Ba nik be undiokan ez dot kontrolaitten, zuek komentaixo bat jartea gura bozue, Comments-en gainian klik iñ ta gero jarri, ez dakittena da posible izango dan zuek be nik jarten doten mouko notak jartia o bakarrik erantzutea ahalko dozuein.
Begiratukot hobeto.

Ondo segi!

Monday, January 02, 2006

HASIERA

Kaixo guztioi!

Oñatiko Txantxiku Arkulariak taldeko blog-a duzu hau, Ordiziako taldearen adibideari jarraituz. Saiatuko gara ahal den berri eta informazio gehiena ematen. Beti ere nire kasuan behintzat, euskaraz izango direlarik berri hauek.

Lehenengo berria, Urtarrilak 15erako, Ordiziako taldeak deitu duen 3D lehiaketa. Joan egin beharko dugu ezta??