Monday, November 23, 2009

Basoko Euskal Ligako 1. jardunaldia

Atzo jokatu zen Gaintzan aurtengo basoko ligako 1. jardunaldia. Oñatitik Jose Luis, Koldo, Lander, Iñaki, Rafa eta seirok 7:30etan irten genuen, hego haizea ari zuen, eta giro bikaina izango genuela ematen zuen.

Puntual hasi zen lehia, ibilbidea ekainean liga nazionalean eduki genuenetako baten oso antzekoa, tiro politak, postura teknikoak behartzen zituztenak, beste batzuk luzeak, adibidez bisontea, baina daukan tamainarekin normala da urrun jartzea.

Arau berriekin hasi dugu aurtengoan euskal liga, orain dela urte batzuk egiten zen bezala 2 piketa desberdinetik bota behar da gezi bana, eta bi gezien puntuak berdinak dira. Puntu gehiago egiteko aukera dago beraz.

Goiz hasi ginen, baina amaitu ere inoiz baino goizago, otartekoa jan bitartean jentearekin hizketan aritzeko denbora izan genuen, gainera giro bikainak laguntzen zigunez inork ez zeukan prisa handirik. Oihanaren bisita ere izan genuen, ez zuen atzokoan botatzerik izan, baina datorren asterako apuntatua ei dago.

Hemendik zorionak Ordizia taldekoei, eta eskerrik asko egindako lanagatik!

Datorren asteburuan larrabean daukagu hitzordua, Neguko II. Saria, han izango gara!

Sunday, September 27, 2009

San Migel jaietako erakustaldiak

Asteburu honetan bi erakustaldi eman ditugu, atzo Angiozarren bertako jaien barruan, ta gaur berriz Oñatin (San Martinen).

Gustura geratu gara bertaratu den jende kopuruarekin, eta uste dugu etorri direnak ere gustura aritu direla. Batez ere gaztetxoak dira animatzen direnak, baina nagusiagoek ere bota dituzte gezi batzuk.

Honelako erakustaldiek laguntzen dute kirol hau ezagutarazteko, jende askok ez baitaki Oñatin bertan talde bat dagoenik ere.

Sunday, September 20, 2009

I. Mikel Deuna Saria - 2009ko basoko Gipuzkoako Txapelketa, emaitzak

Gaur jokatu da aurtengo basoko Gipuzkoako basoko arkutiraketa txapelketa, aldi berean I. Mikel Deuna Saria zena. 72 arkularik eman dute izena, Euskaditik, Cantabriatik, Errioxatik eta Asturiastik etorri da jendea. Hasieran euria eduki dugun arren, lehiaketa hasi orduko atertu egin du eta bastante errespetatu gaitu.

Aipatzekoak Jose Luisek Gipuzkoako txapela atera duela arku zuzenarekin, aldi berean 3. geratu da Mikel Deuna sarian, eta Xanti berriz 3. geratu arku klasikoan bai Gipuzkoako txapelketan bai Mikel Deuna sarian. Zorionak bioi!!

Hemendik eskerrak laguntzen aritu diren guztiei, sukaldean, ibilbidean, otartekoak banatzen, ..., Oñatiko Turismo bulegoari, Ugarte Banaketak-i eta Gereta Ardoak-i. Eta nola ez, eskerrak etorri diren arkulari guztiei!

Emaitzak ikusteko:

Gipuzkoako txapelketa

Mikel Deuna Saria


Tuesday, September 08, 2009

I. Mikel Deuna Saria - 2009ko basoko Gipuzkoako Txapelketa

Hilaren 20an aurtengo basoko 3D ibilbideen Gipuzkoako Txapelketa antolatuko dugu Oñatin, aldi berean lehendabiziko Mikel Deuna Saria izango da.

Hemen dago txapelketa honetarako zirkularra.

Eta hemen berriz izena eman dutenen zerrenda.

20an hemen zain izango gaituzue!

Tuesday, July 21, 2009

Julian Martin Saria, Guijuelo

Asteburu honetan Salamancako probintzian dagoen Guijuelon izan gara Jose Luis, Iñaki, Koldo, Lander eta bostok, eta hemen ingurukoak Noguera neskalagunarekin, Andres emaztearekin eta Diarcokoak eta Ordiziakoak ere han izan dira.

Bidaia ez zen larregiko luzea izan, geldialdi pare batekin, bero handia genuen zain. Hotelean izena eman, zerbait pikatzeko hartu, bidean hamaiketakoa egina baikenuen, eta tiro guneetara abiatu ginen. Ibilbide bakoitza toki desberdinean daukate, Iñaki, Lander eta hirurok "Los Molones"en hasi ginen, eta Koldo eta Jose Luis "El Bardo Viejo"n berriz. Eguzkiak ganoraz jotzen zuen larunbat arratsaldean, baina hango arteek ematen zuten gerizpea eta haizetxoa lagun, jasangarriagoa egiten zen, hemen izanez gero hezetasunak lanak zailduko zizikigun.

6rak jota ekin genion lehenengo ibilbideari, bakoitza bere basoan. Nirekin patruilan Antonio Avilakoa, Ines Salamancakoa eta Manolo Extremadurakoa (emaztearen laguntzaz), giro jatorra zegoen gure artean, eta botatzea egokitzen ez zitzaigunean gerizpea aprobetxatzen genuen. Ondo joan zen tiraldia, gustura geratu nintzen. Beranduago jakin genuen Landerrek infantil mailan izugarrizko puntuazioa egin zuela, lehenengo poleadun nagusiak baino puntu gehiago, egia da piketa txuria gertuago dagoela, baina ezin zaio meriturik kendu.

Bukatzean "El Bardo Viejo" basora joan ginen, han baikeneukan afaria. Bertako produktuak nagusi, hestebeteak, txerrikiak,... kolesterolarentzako izugarria! Afalostean diskoteka bihurtu zen basoa, denetariko musika entzun ahal izan genuen, eta gehiago edo gutxiago (hobeto edo okerrago) dantza egin genuen. Hotelera joan ginenean jende ugari geratu zen parrandan.

Igande goizean argi zegoen batzuen aurpegietan gauekoa, parranda, lo gutxi,... Bigarren ibilbidea egiteko aurreko eguneko sailkapena kontutan hartu zuten, eta ibilbidez aldatu genuen guztiok, oraingoan guri "El Bardo Viejo" egokitu zitzaigun. Ibilbide honen xehetasuna dianaren argazkirik ez geneukala.

Patruilan Carlos Valenciakoa, eta Agustin eta Mayo Gaztela Manchakoak, larunbatean baino bero gehiago egiten zuen agian, eskertu genituen bideko ur postuak. Gainera antolakuntzako "txabola"ren ondoan jateko zeoze ere aurkitu genuen. Ur botilak 5 litrokoak ziren, izotzez betetako balde handietan sartuta zeuden, eta ura ateratzeko bonbatxo bana zeukaten, inguruan edalontzi batzuk utzi zituztenez, botilarik ez zeukatenek ere edan ahal izan zuten. Arrakasta izan zuen ura banatzeko metodo honek, neri ere asko gustatu zitzaidan, garbiagoa baita.

Ibilbide hau oso gustura egin nuen, nere marka pertsonala eginda, nahiz eta oraindik asko daukagun ikasteko. Bukatzean Cuatro Calzadas hotelera joan behar genuen, Salamancarako bidean, han baitzen bazkaria. Ordu bateko atzerapenaz hasi zen, guztiok goseak amorratzen geundela. Bazkalostean sari banaketa egin zuten, ezin aipatu gabe utzi Landerrek infantil mailan txapeldun irten zuela, kanping denda bat eman zioten sari bezala. Ordiziakoek urdaiazpiko pare bat eta hestebete batzuk irabazi zituzten, eta Iñakik berriz kamiseta bat zozketan.

Bazkaria bukatu, eta bakoitza bere etxeruntz, geldialdi batekin, 10etarako etxean. Asteburu zoragarria benetan, han egona zen jende guztiak ondo hitzegiten zuen, zerbaitegatik zela konturatu gara. Datorren urtean ere ahal izanez gero errepikatuko dugu, noski baietz!

Argazkiak ikusteko.

Wednesday, July 15, 2009

Igartza Saria

Hemen Iñakik bidalitako kronika:

"Uztailak 11 Larunbata:
Arratsaldeko 2:15 aldera Mikel jaso ta bixok joan ginan Beasain aldera, Igartza taldeak Salvatora auzoan duen arku-tiro zelaira (zelaia????). Lorentxok oso gogor jotzen zuen , 32º inguru eta goia garbi.
Kotxea aparkatu (Beasaingo kiroldegi ingurutik bueltatxo bat eman ondoren) eta han topatu genituen Igartza taldeko Bixente ta konpañia parapetoak kokatzen eta zelai inguruak zintaz josten eta kartelak inguruan jarriz (segurtasuna aurrena).
Ta beroketak hasi aurretik han batu ginan Diarco taldeko Joaquin, Borja ta bere aita, Miguel eta Gorka Aranburu eta Azeri taldeko Elias eta Pedro eta ni noski.
Zelaia esan dut lehen, baina akatsa izan da. Harri zelaia esan nahi nuen (ongi irakurri duzue, bai...).
Beroketak 90 m-tara hasi genituen eta distantzia hartzen ari ginela fletxak bata bestearen atzetik puskatzen hasi ziren lurra jota (20 bat fletxa puskatuko ziren gutxienez...a ze dirua...Eliasen X10-ak barne....). Ze txarrak garen distantzia luzetan...belar zelaia izan balitz.....
Tiraldia hasi orduko 5 fletxakin gelditu nintzen eta azken beroketa tanda bota gabe utzi nuen.
Guzti hau ikusita, parapetoen artean beste parapeto batzuk jarri genituen fletxak ihesik ez egiteko. Ta horrela hasi genuen tiraldia 90 metrotara. Tiraldi guztia (larunbatekoa behintzat) 5 fletxakin egin nuen, ez bait nuen gehiagorik... Tiraldi bakoitza 6 fletxakin egiten da eta nik 5 egin nuen.
Bi distantziak bukatuta (90m eta 70m) 5 fletxakin bukatu nuen tiraldia (ez zen gehiagorik puskatu) eta nahiko gustora gainera 5 fletxakin ibiltzeko.
Tiraldia gogorra izan zen, ez bakarrik fletxen txikizioagatik baizik eta egiten zuen beroagatik (6 bat ur botilatxo edango genituen bakoitzak arrats osoan). Hala ere nahiko gustora. eta bukaeran merienda egin genuen tortila, urdaiazpiko eta gaztarekin.
Eta bapo danok bueltan etxera (naiz eta batzuk berriz ez bueltatzeko gogoarekin, harriarte horretara...).

Uztailak 12 Igandea:

Goizeko 8:30etan Mikel jaso San Lorentzon eta abiatu ginen Beasain aldera (oraindik batzuk Trianatatik gaupasa eginda etxera bueltatzen...). Han topatu genituen aurreko eguneko lagunak gahi Diarco taldeko Javier Gaztelua eta Igartzako Bixenteren semea Julen.
Arkuak montatu eta beroketetan hasi ginen. Oraingoan 50m eta 30m tokatzen ziren. Esan beharra dago nik aurreko gaua fletxa berriak muntatzen pasatu nuela, por si las moscas..... Igandean sorte gehiago euki nuen zeren hirunaka botatzen ziren fletxak eta 5 gelditzen zitzaizkidan aurreko egunetik.
Beroketak egin eta tiraldia hasi genuen; oraingoan ere segurtasun parapetoak jarrita.
50m-tako tiraldia oso gustura egin nuen, ia Eliasen pare..... sekulako tiraldia egin nuen, nik uste bateren bat harritu zela.....
30m-takoa ordea ez nuen hain gustura egin. Oso gaizki hasi nintzan (6,7,8,6 eta nuloa eginez). Erdi aldera berotu nintzan eta 3 hamarreko ere egin nituen (todo un 30) eta nahiko gustura bukatu nuen (gehiago egin ahal izan nuen sentsazioarekin).

Eta ondoren hamarretako bikaina egin genuen. Tortila, gazta, urdaiazpikoa eta guzti. Eta ondoren sarien banaketa.
Eta sorpresa podiumean.......Ni neu podium egiten...jejeje....Ardo botila eta gaztarekin.
Bukaeran argazki batzuk atera eta ondoren jendea agurtuta danok etxera.

Ea horrelako egunak errepikatzen ditugun, zelai batean noski......."

Zorionak!!

Sunday, June 28, 2009

Euskadiko Txapelketa

Gaur jokatu da Donostian aurtengo Euskadiko basoko arkutiroketa txapelketa. Gure taldetik Iñaki, Rafa, Koldo, Lander, Jose Luis eta seirok joan gara, Oñatitik Mikel ere joan delarik. Ohiko tiradetara joateko baino beranduago geneukan hitzordua goizean, izan ere tiraldia beranduago hastekoa zen. Azkenetakoak izan gara Ilunbera iristen, kotxe ugari aurkitu ditugu bertan.

Berotzeko asti larregi ere ez dugu eduki, eta gero bakoitza bere patruilara. Nirean Cesar, Katsen eta Iñigo, eta gustura egin dugu ibilbidea. Zelaian hasi gara, bigarren tiroan basurde bat gerizpetan, eta gu berriz eguzki azpian, kontraste larregi ondo ikusteko. Gero basoan sartu gara poliki-poliki, eta zuhaitzek ematen ziguten eguzki babesa eskertu dugu, batez ere amaieran berriz zelaira itzuli garenean.

Tiroak nahiko gertu zeuden, baina guztietan zegoen oztoporen bat, gorputza eroso jartzeko zailtasunak, itzal eguzki kontrasteak, zuhaitzak, hostoak, ... Baina ibilibidea polita izan da, larregi nekatu gabe, motza baitzen, eta gainera lokatzara gutxirekin.

Amaitzean ikusi dugu jendea pozik zegoela orokorrean, nik ere nire tiraldirik onenetakoa egin dut, eta aipatzekoa Koldoren lana, 3. sailkatu da arku librean, ligan ere horrela sailkatu zen, eta Jose Luis berriz 4. geratu da longbowarekin.

Bertaratu garen guztiok familia argazki koloretsua atera dugu, eta txapelketa bat ondo amaitzeko egin behar den bezala, sari banaketa izan da. Lehenengo ligako txapelak banatu dituzte, eta ondoren Euskadiko txapelketakok. Zorionak hemendik txapeldun guztiei!!

Ez nuke geratu nahi Diarcoko jente guztia zoriondu gabe, lan bikaina egin duzue guztiek, eta guk gustura pasatzeko beharrezkoa zena egin duzue, beraz eskerrak ere eman behar dizkizuegu, Mila Esker!!

Monday, June 15, 2009

Liga nazioanala Gaintzan

Atzo jokatu zen Gaintzan, Ordizia Arkunaturaren eskutik, aurtengo liga nazionalari amaiera eman dion jardunaldia. Egia esateko larunbatean hasi zen, gertatu zuten harrerarekin, barbakoan egindako hirugihar eta saiheskiarekin, edari hotzekin, sagardo kupelarekin, eta bertaratutako jente guztiarekin.

Igandean goiz jaiki beharra eduki genuen, normalean Gaintzara joaten garena baino ordu 1 lehenago, hala ere kotxe ugarirekin egin genuen topo Koldo, Lander eta hirurok. Kotxea aparkatzeko Babes Zibilekoen laguntza eduki genuen gainera! Arkuak muntatu, zeruari begiratu, ez atzokoan ez zegoen euri arrisku handiegirik, jente ezaguna agurtu eta txabola ondoan jarri zuten beroketa gunera.

Material azterketa arin pasatu genuen, horrela berotzeko denbora gehiago hartuz. Gainera nahi zutenentzako gosaria zegoen goiko negutegien ondoan, kafea, gailetak,... Batzuk uste dut hor berotu zirela gehiago arkuarekin baino. Gero patruilak biltzeko deia egin zuten, nirekin Ilde ordiziarra, Jordi eta Marina kataluniarrak, eta Jordi castelloitarra, eta lehenengo ibilbide gorria egokitu zitzaigun, ohikoa Gaintzan tiraldiak ospatzen direnean.

Oso polita zegoen ibilbidea, izugarrizko bisonte bat, diana bikoitzetan animali handiak jarrita, tiroak goruntz, beheruntz, blind batetik bota beharreko Bambi txikia,... oso zailak ez ziren arren, guztiek zuten zerbait, hanka ongi jartzeko zailtasunak, zuhaitz-abarrekin ahaztu beharra, belarrak ezkutatzen zituen dianak,... Zoragarria benetan.

Lehenengo ibilbidea amaitzean, ondo merezitako otartekoa, badute batzuek zerbait ikasi beharra, eta negutegiaren ondoan Kiowa, Diarco, eta Ordiziakoekin batera jan genuena. Ordurako Goierri Telebistakoak ikusiak genituen, eta ETBkoak ere azaldu ziren.

Ordutegiak bastante errespetatuz, bigarren ibilbideari ekin genion, oraingoan Patxiren baserritik gora joan eta pinudian murgildu ginen. Hasierako dianara iristea gehiago kostatu zitzaigun oraingoan, ibilbidea ere luzeagoa baitzen. Hemen ere tiro politak, distantzia guztietara eta inklinaziodunak eta postura desberdinak behartzen zituztenak.

Gurekin patruilan zetorren Jordi kataluniarrak irabazi zuen, ikustekoa zen nola botatzen zuen, ia guztiak sartzen zituen. Horrelako txapeldunekin batera botatzea aberasgarria da. Neri ere ondo joan zitzaidan, arratsaldean, halakoetan ohi dudan bezala, goizean baino hobeto bota nuen, eta oso gustora geratu nintzen.

Basoko aldatzez gain, atzoko jardunaldia asko zaildu zuen beste faktore bat hezetasuna izan zen, tenperatura nahiko altuak zeuden, eta hezetasuna larregikoa, izugarrizko sargoria. Denbora guztian izerditan blai, eskerrak ibilbideetan zehar ur-puntuak zeudela, eta pinudian zegoen botila handia asko eskertu genuen.

Bukatu zenean nahi zuten guztientzako otartekoak erosteko aukera jarri zuten, tabernaz gain, ideia ona, batez ere bidaia luzea aurretik zutenentzako. Partehartzaile bakoitzak kamiseta bat eta pin pare bat jaso genituen, eta asko izan ginen gainean geneukan kamiseta bustia kendu eta Ordiziakoa jantzi genuenak, lehor sentsazioa edukitzeko asmotan.

Hemendik zorionak irabazleei. Eta noski, zorionak Ordiziako taldea osatzen duzuen guztioi, segi horrela lanean!! Lana ondo egiten denean, partehartzaileak ere gusturago bueltatzen dira etxera, eta pentsatzen dut lana egin dutenak ere bai! Mila Esker guztiagatik!!

ARGAZKIAK

Monday, June 08, 2009

Basoko Euskal Ligako 5. jardunaldia

Atzo jokatu zen Larrabean aurtengo euskal ligaren azken jardunaldia, eta arraroa ematen badu ere, eguraldi bikainarekin.

Gure taldetik Koldo, Lander, Iñaki, Rafa, Oihana eta bostok joan ginen, Koldoren "autobusean". Hara iritsi ginenean, betiko jentea agurtu, arkuak muntatu, berotu, eta azkenean bakoitza bere patruilarekin elkartu ginen. Nirekin Rafa, Cesar eta Alfredo. Gure artean giro paregabea eduki genuen, ibilbide ederrarekin gozatzen, goiz eder bat pasatzeko balio izan zigun.

Rafa inspiratuta zegoen, oso tirada polita egin zuen. Ni ere gustura geratu nintzen egindako lanarekin. Bestalde ezin aipatu gabe utzi Koldo bigarren sailkatu dela ligako amaierako sailkapenean, zaila izango du Martin gainditzea, baina saiatu gabe ez da geratuko.

Itzultzean ia ohitura bihurtu dugun legez, Gatzagainen kafetxo bat hartzen geratu ginen, mundua konponduz!

Datorren igandean liga nazionala Ordizian, han izango gara.

Friday, June 05, 2009

Gipuzkoako Aire Zabaleko Txapelketa

Aurreko larunbatean jokatu zen Donostiako Loiola hipikan aurtengo Aire Zabaleko txapelketa. Oñatitik Iñaki eta biok joan ginen, eta Mikel ikusle bezala. Egun beroa eduki genuen, guztiak txapel eta eguzkitako betaurrekoekin ikus zitezkeen.

Iñakik sailkapen fasea ez zuen gainditu, eta nik gainditu nuen arren final laurdenetan kanpora. Aipatzekoa kanporaketak hasi aurretik guztiontzako otarteko eta edari bana genituela, ez da hori edozein txapelketetan ikusten.

Gehiengoa Diarco taldekoak ziren, eta domina gehienak beraientzat izan ziren.

Sailkapenak

Argazkiak

Sunday, May 24, 2009

Kiowa Saria

Gaur jokatu da Larrabean Kiowa saria, aspaldiko partez gainera lokatzik ez dugu eduki, euri apur bat egin digu, baina ez gara larregi busti.

Gure taldetik 9 egon gara, Carlos, Jon, Andoni, Ima, Jose Luis, Rafa, Koldo, Oihana eta ni neu. Beroketa gunera iristeko ez dugu batere zailtasunik aurkitu, lokatzik ez baitzegoen. Jente ezaguna agurtu, zerbait berotu eta leihari ekin diogu. Nire patruilan Carlos, Ilde, Katsu, Jose Mari eta bostok egokitu gara, Carlosen emaztea ere "caddy" lanak egiten etorri da. Hasierako dianara heltzeko komeriak eduki ditugu, izugarrizko itzulia eman behar izan baitugu.

Ibilbidea oso polita, guztiok harritu gaituen armiarma eta guzti, eta sugeren bat ere ba omen zen, baina ez dugu ikusi, gure patruila izan dela uste dut ikusi gabe geratu den bakarra, 13an hasi garelako, eta 12tik 13rako bidean zegoelako. Puntuazio aldetik nire patruilako Carlos eta Katsu lehenengo eta hirugarren geratu dira hurrenez hurren, niri 100 puntutik gora aterata. Koldo ondo, hirugarren sailkatu da arku librean.

Otartekoarekin batera geziak bilatzeko kako bana eman digute, benetan erabilgarria eta polita. Larrabeako tiradetan ohikoa bihurtu dugun legez, Gatzagainen geratu gara salda eta kafea hartzen.

Hemendik zorionak Kiowa taldeari, lan bikaina egin dutelako gaurkoan ere!

Sunday, May 17, 2009

Aire Zabaleko Liga, 4. jardunaldia

Asteburu honetan jokatu da Donostian, Diarco taldearen zelaian, aurtengo ligako 4. jardunaldia. FITA oso bat izan da. Prezisiokoak atzo hasi ziren 90 eta 70 metrotarako txandarekin, han izan genuen Iñaki.

Gaur berriz distantzia laburretakoa jokatu da, prezisiokoek 50 eta 30 metrora, eta tradizionalak 30 eta 18 metrora, Iñakirekin batera ni ere joan naiz.

Lehia luze egin zaigu, behintzat euririk ez du egin (tantan batzuk bakarrik) eta ez da gutxi. Gustura itzuli gara egindako lanarekin.

Datorren astean, berriz basora. Legutianon dugu hitzordua.

Saturday, May 16, 2009

Kasablankako Jaixak

Gaur Kasablankako jaixen barruan arkutiraketa erakustalditxo bat egin dugu. Bertara neska-mutiko dezente bildu dira, eta baita nagusiago batzuk ere. Gainera eguraldiak ere errespetatu gaitu.

Argazkiak ikusteko.

Ondoen pasatu duena, zalantzarik gabe, gure Spiderman!

Thursday, May 07, 2009

Liga nazionala Pardinesen

Igande honetan jokatu da Gironako probintzian dagoen Pardines inguruan aurtengo liga nazionaleko 4. jardunaldia. Hemendik 3 joan ginen, Martin eta Iñaki Ordiziako taldekoak eta hirurok. Larunbat goizean irten genuen, Gaintzan genuen elkartzeko tokia, Ordiziako taldeko kide batzuk han geratu ziren behelainotan entrenatzen, guk berriz Etxegarate pasa orduko eguraldi bikaina geneukan, hori bai, atsedenalditxo bat egiteko geratu ginenean ikusi genuen bezala, nahiko freskoa.

Pardinestik ehun kilometro baino gehiagora geratu ginen bazkaltzen, eta arratsaldeko 4:30etan heldu ginen Ribes de Freser herrira, Pardinestik 6 kilometrora dagoen herritxoa, bertan geneukan hotela hartuta. Hotelean gauzak utzi, herritik bueltatxo bat egin oinez eta kotxea hartuta Pardinesko kanping-era abiatu ginen, hor jokatu behar ziren hurrengo eguneko ibilbideak.

Basoko arkutiraketa praktikatzeko Instalazio finkoa dauka kanpingak, bertara joaten direnentzako gertu. Karabana batzuk bazeuden bertan. Heldu orduko ikusi genituen arkulari batzuk gezi batzuk botaten, gu lasai egon ginen ordea, paisaiaz gozatuz garagardo fresko baten laguntzarekin.

Afaltzeko Ribesera itzuli ginen, hoteleko jantokian prezio onean jaten zela esan ziguten eta hara abiatu ginen. Madrileko arkulari batzuekin batera jarri ginen mahaian. Gero ez zen katxondeorik falta izan, hain zuzen futbolean Barçak Madrid jipoitu baitzuen Bernabeun bertan. Larregi berandutu gabe oheratu ginen.

Igandean goizean goiz jaiki, eta herriko kafetegi batean gosaldu ostean kanpingerantz abiatu ginen. Arkuak muntatu, jentea agurtu, eta beroketak egitera. Atzerapen apur batekin hasi zen lehiaketa.

Nire patruilan Marina (Talaveran ere batera egokitu zitzaigun), Joan eta Raul kataluniarrak, eta Javier valentziarra. Ibilbideak oso politak, tiro gehienak oso gertu egon arren, baina horiei ere ezin zaie hutsik egin. Batzuk goruntz, beste batzuk beheruntz, denetarik zegoela iruditu zitzaidan.

Goizeko ibilbidea bukatu, eta otartekoa jaso genuen, ez zen hemen ohituta gaudenen bezalakoa, herena tamainaz eta hotza baizik. Jendea kexatu zen horretaz, bitartean tabernan negozioa egin zuten.

Arratsaldeko ibilbidea hobeto joan zitzaidan, eta hau ere oso polita zegoen, goizean bezala larregi urrundu gabe tiroak. Ezin aipatu gabe utzi poleadunetan errekorra egin zutela, 360 puntutik 360ak egin zituen 1ek!

Bukatu zenean, arkua desmuntatu, erropak aldatu eta lasai egon nintzen ezagunekin berriketan, Martin eta Galok amaitzeko zain. Agertu zirenean, eta guztia gertatu zutenean abiatu ginen itzulerako bidea egitea.

Gaintzan azeri batek egin zigun ongietorria. Eta animaliekin jarraituz, eltxo, euli, tximeleta etab. ugari tokatu dira gure parean kotxean gindoazela, eskerrak Udanan agertu zitzaidan kirikiñoa ikusi nuela eta bizirik jarraitu zuela....

Hemen argazkiak eta sailkapenak.

Tuesday, April 21, 2009

Euskal Liga, 4. jardunaldia

Igande honetan izan zen aurtengo euskal ligako 4. jardunaldia, guri egokitu zitzaigun antolatzea. Astean zehar lanean aritu gara, eta jendeagatik jaso dugun erantzunak merezi izan du, 89 arkulari ginen izena emandakoak, azkenean lauzpabostek ezin izan zuten etorri hainbat arrazoiengatik, baina ez dago gaizki 85eko kopurua ere.

Eguraldiak ez zigun batere lagundu, euria bota baitzuen erruz, baina goiz on bat pasatu genuen hezurretaraino bustita egonda ere.

Lerro hauek aprobetxatu nahi ditut bertaratu diren arkulari guztiei, laguntzen aritu diren lagunei, Antton Taberanari eta Ugarte Banaketakekoei eskerrak emateko, mila esker guztiagatik.

Hemen daude argazki batzuk:

Julio Bikuña
(mila esker aitta)

Gipuzkoako Federazioa (mila esker Pedro)

Arqueros de Castro (Firefoxekin ez da ikusten)

Eta sailkapena ikusteko.

Hurrengorarte!

Monday, April 13, 2009

Jose Fernandez Memoriala Xixonen

Asteburu honetan, aste santua gainera, Jose Fernandez memoriala jokatu da Xixonen. Jai egunak aprobetxatuz Iñaki eta biok joan ginen Asturias aldera. Ostegunean Cares ibaiaren ibilbidea egin genuen, hortik Xixonera, han elkartu ginen "arqueros en la red" foruko hainbat kiderekin, Penelope, Fernandin, Dragon Rojo, Champiñon, Dani, Yakatuma... eta gida turistiko lanak ondo bete zituen Fernandinekin afaltzera joan ginen. Bapo geratu ginen guztiok ere.

Ostiral goizean zerua lainotuta zegoen, trasto guztiak hartu eta San Lorenzo hondartzako 14. eskilarara abiatu ginen. Bisore gabe botatzen dugunon txanda zen goizean, 8 talde ginen, ni Carmen eta Fernandorekin batera nintzen, edo beste era batera esanda Penelope eta Fernandinekin, Arqueros Foreros. Liga eran jokatu behar genuen talde guztien kontra, euri asko eta haizea hasi ziren, eta bertan behera utzi behar izan genuen. Arratsaldeko saioan olinpiko, estandar eta poleadunek La Camochan bota zuten, Xitia taldeko tiro aretoan, eta larunbateko saioak ere han izan ziren.

Guk 4 lehia irabazi genituen, eta Iñakik aldiz bakarka bota zuen, eta 2. postua lortu zuen, gainera lehenengo 3 hamarrekoen saria ere bereganatu zuen. Larunbata ondo bukatzeko sagardotegi batera eraman gintuzten afaltzera.

Asteburuko politena ostiral gauean hondartzan egin genuen saioa, suzko geziak jaurti ziren zerurantz Jose Fernandez zenaren omenez. Jende ona ezagutu dugu, eta giro onean ibili gara, eguraldia alde batera uzten badugu.

Sunday, March 29, 2009

Basoko Euskal Ligako 3. jardunaldia

Gaur jokatu da Larrabean aurtengo basoko ligako 3. jardunaldia. Neguak erakutsi digu guztiz joan gabe dagoela oraindik, eta busti egin gara, nahiz eta nahikoa errespetatu gaituen, bukatu denerako aterri baitzen.

Oñatitik Koldo, Lander, Iñaki, Rafa eta bostok, eta Jose Luis Eskoriatzatik joan gara. Orokorrean puntu gutxi, Jose Luis ondo, eta besteok normaletik behera.

Neri patruilan Felix, Cuadrado, Marlasca eta Larrirekin egokitu zaizkit, eta gure artean giro paregabean ibili gara, horrelako goizek ahaztarazi egiten dute eguraldia, euria, hotza, ohean nolako gustura geratuko ginatekeen eta halakoak. Ibilibidean aldaketa batzuk egin dituzte, tiro politak jarriz. Patruilan komentatu dugun bezala basurde promozioa eduki dute antza, 5 bat ikusi ditugulako...

Beste behin ere Kiowaren lana txalotzekoa. Zorionak hemendik!

Sunday, March 22, 2009

Aire Zabaleko Liga, 1. jardunaldia

Atzo Donostiako Loiola auzoko hipikan hasi zen aurtengo aire zabaleko euskal liga, txapelketa FITA900 motakoa izan zen, eta hogeitabi partaide bertaratu ginen, tartean Iñaki eta biok.

Jente gutxi egonda 3 partaide zeuden diana bakoitzean, eta guztiok txanda berean bota genuen, honek dakarren bizkortasunarekin, bestela egiten dena baino askoz lehenago amaitu baikenuen.

Dianatara izateko nahiko ondo aritu nintzen, eskerrak Mikel Jareño ere animatu zela eta biok batera aritu ginen, umore onean. Zelaia ondo dago, gustatu zitzaigun, eta eguzkia sartu zenean freskatu egin zuen, kontutan hartu atzo sartu ginela oraindik udaberrian, baina gustura amaitu genuen.

Hurrengo hitzordua Larrabeako basoan dugu, datorren igandean.

Sunday, March 15, 2009

Larrabea Saria

Gaur jokatu da Larrabean izen bereko saria. Oñatitik Koldo, Iñaki, Rafa eta laurok joan gara, Jose Luis berriz bere aldetik. Atzo egin zuen eguraldiarekin, gaur gauean euria egin du, eta goizean ere lanbroa genuen lagun. Dena den, goiz ona egin digu, baso ibilbide bat egiteko primerako giroa.

Euskal Herritik gain Errioxatik, Kantabriatik eta Burgostik etorritako 81 arkulari bildu gara, eta antza denez jentearen atzetik ibili beharra eduki dute antolatzaileek ordaindu gabe zutenekin. Izena emateko orria bidaltzen denean argi jartzen du ordaindu egin behar dela parte hartu ahal izateko, zorrotzago jokatu beharko da hemendik aurrera.

Niri patruilan Yoli eta Ana, eta Xabi eta Mario mutikoekin egokitu zait, giro ona izan dugu gure artean. Poleadunen kasuan ezik, beste guztietan patruila mistoak egin dituzte, arku motak eta gizon-emakume-haurrak nahastuz, eta uste dut asmatu dutela, hala ere, poleadunak hiruko taldeetan joan arren, betiko moduan...

Ibilbidea asko gustatu zaigu, aldaketa txiki batzuekin aurrekoarekin alderatuz, baina baso honek ematen dituen aukerak mugagabeak dira, beti gozatuko dugu horrelako lekuetan. Hemendik Zorionak Kiowa taldearentzako!!

Sunday, March 01, 2009

Euskal Liga, 2. jardunaldia

Gaur jokatu da Gaintzan aurtengo denboraldiko Euskal Ligaren 2. jardunaldia. Oñatitik Koldo, Lander, Iñaki, Jose Luis, Rafa eta seirok joan gara. Eguraldi ona egin digu basoan, sargori puntu batekin.

Ibilbidea desberdina eta polita jarri dute, distantzia luzeegi gabe, eta tiro errazekin, baina aldi berean zailtasun puntu batekin. Maiatzean antolatuko duten Liga nazionalerako probak egiten ibiliko dira muntatzaileak.

Neri patruilan Cesar, Felix eta Jesusekin egokitu zait, eta giro ona eduki dugu, gainera aurretik genituen Sesma, Rafa, Aritz eta Pruden, eta bota ere ez zen falta, eztarriak busteko. Tapoi bat sortu da, eta gaurkoan ez dira neskak izan, beti hauei botatzen baitiote errua, askotan arrazorik gabe gainera.

Bukatzean jentea gustora, puntuazio altuekin, eta irribarrea ezpainetan. Koldok 300 puntuko barrera pasatzea lortu du, eta Jose Luis ere ondo bere longbow berriarekin. Otartekoa ere ona, ezin aipatu gabe utzi hauek banatzen aritzen diren Juani eta Lourdes.

Hemendik zorionak Ordiziako guztiei! Hurrengo 2 hitzorduak Larrabean ditugu, hara joango gara noski!

Monday, February 23, 2009

Liga nazionala Talaveran

Larunbat goizean genuen hitzordua Ordizian. Bertan Ordizia taldeko Vidri, Jaime, Ilde, Lander, Galo eta Martin, Diarco taldeko Seyu, Sesma eta Mari eta ni neu bildu ginen, Ilderen eta Mariren kotxeetan banatu, eta helmuga Toledoko probintzian dagoen Talavera de la Reinan genuen.

Lasai joan ginen, Madrileko bidegurutzeetan ez ginen galdu GPSari esker, eta iristen ari ginela bazkaltzeko geldialdi bat egin genuen. Bapo bazkaldu ostean, oraindik beste ordu bat behar izan genuen Talaverara iristeko. Ni basoko komisioko bileran egon nintzen, asko luzatu zena gainera, eta bederatziak jota irten genuen. Besteak nahiko erraz aurkitu nituen, justu afaltzeko. Kuriosoa benetan tabernetan duten ohitura, trago bakoitzeko tapak ematen dizkizute.

Afalostean batzuk lotara, eta besteak berriz mundua konpontzeko saiakeran, hala ere berandu ez ginen oheratu. Gure gelan, eta besteenetan ere bai, bero larregi lo egiteko, nik ia ez nuen deskantsatu. Goizean jaiki, eta gosaltzeko toki baten bila ibilia zen Jaime, azkenean txurreria batean gosaldu genuen, ta hortik tiraldia izango zen lekura.

Jente ezaguna agurtu, zerbait berotu, eta patruilako kideekin elkartu ginen. Ez nuen aurrez inor ezagutzen, baina giro on bat edukitzea lortu genuen, gainera eguraldiak ere lagundu zigun. Nirekin ziren Juanjo Toledokoa, Miguel Salamancakoa, Antonio Madrilekoa eta Marina Catalunyakoa. 1. ibilbidean huts larregi egin nituen, erditik aurrera txukundu nuen arren. Otartekoa jan, bertan zetozen irabiatu, zuku eta txokolatina ere dena barrura, baina hemen ohituta gauden otartekoekin alderatuz, konparaziorik ere ez. Poleadunak eta klasikoak berandu etorri ziren, gu 2. ibilbiderantz irtetzeko ia gertu geundela.

Arratsalde parteko ibilbidea hobeto joan zitzaidan, eta oso gustora bota nuen. Orokorrean tiroak politak, animali handiak gertu, beste batzuk gehieneko distantziara, basoa zoragarria, alde batera begiratu eta Gredos mendizerra ikusten zen, Talaveraren atzean, eta basoan erromeroaren usain goxoaz gozatzen genuen. Oinez ibiltzeko ere ez zuen larregiko zailtasunik, leku batzuetan irristakorra egon arren.

2. ibilibidea amaitu, oparien poltsa bat jaso genuen guztiok, eta momentuan parrilan gertatutako gaiekin otartekoak gertatzen ari ziren, hauek ordaindu egin behar ziren, baina onak zeuden, biderako janda irtetzeko behintzat. Gainera otarteko bakoitzeko "migas" ematen zuten, onak hauek ere!

Ilde ta konpainia lehenago abiatu ziren bitartean, guk lasaiago ekin genion itzulerako bideari. Madril inguruko txolopotea harrapatu genuen, asteburu guztietako kontu bera, guztiak hirira itzultzen direnean. Arandan afaldu genuen, eta azkenean etxera iritsi orduko goizeko ordubiak jota, oso nekatuta, baina oso gustora.

Aipatzekoa Jaimeren bigarren postua, beste guztiok norbere mailan edo okertxeago, baina asteburu bikain bat pasatuta seguro!

Argazki batzuk ere atera nituen, sartu hemen ikusteko.

Sunday, February 01, 2009

Vitoria-Gasteiz Saria

Gaur jokatu da Larrabean Vitoria-Gasteiz saria, Kiowa taldeak antolatuta. Gure taldetik Iñaki, Rafa, Jose Luis, Koldo, Lander eta seirok joan gara, Markel ere etortzekoa zen baina lo geratu dela uste dut, jaikitzea kostatu egiten zaie batzuei.

Beldurra bagenukan euria egingo ote zuen, baina goizean ikusi dugun eguraldiarekin lasaitu gara, hori bai, lokatzaratik ez gara libratu, ibiltzeko ere zailtasunak ematen zituen puntu batzuetan. Patruilan Basur, Seyu, Iban eta Angel izan ditut lagun, eta Amurrioko 3 kide laguntzaile bezala, ardo zahato eta guzti.

Ibilibidea hasteko itzuli luze bat egin behar izan dugu, eta bidetik joanez gero asko erraztuko genukeen, beraz ibilbide eta erdi egin dugula esan daiteke. Animaliek salto egiten zuten, hurrengoan berriz makurtu edo ezkutatu, kontua da gure taldean ez garela oso fin ibili. Ibilbidea asko gustatu zait, gainera fraketan ekarri dudan lokatzarekin basoan gutxiago gelditu da (eskerrak aldatzeko erropak neuzkala).

Gaur gainera Nafarroatik, Cantabriatik, Burgosetik eta Errioxatik ere arkulariak etorri dira, arkulari kopuru polita osatuz.

Amaitu denean, otartekoak, haurrentzako goxokiak eta trufak, eta sari banaketa. Puntuazioei dagokionean gure taldeko onena Lander izan da, eta Iñakik Koldori irabaztea lortu du, ez da makala!

Hemendik eskerrak Kiowa taldeari ibilbide eder hau gertatzeagatik, lagunarteko goiz bikain bat pasatzeko balio izan digulako.

Sunday, January 25, 2009

XX. Euskadiko Aretoko Arkutiraketa Txapelketa

Aste buru honetan jokatu da Lazkaoko kiroldegian aurtengo aretoko arkutiraketa txapelketa. Bertan gure taldeko Jose Luis, Rafa, Iñaki, Koldo, Oihana eta seirok hartu dugu parte.

Atzo jokatu zen lehenengo zatia, eguraldi txarra lagun garaiz heldu ginen Lazkaora, kafe bat hartu eta kiroldegira. Guztira 71 bat ginen izena emandakoak, baina azken unean batzuk ez ziren etorri. Rafak ezik guztiok lortu genuen hurrengo fasera pasatzea, Iñaki biribilduan final hamaseirenetara, Koldo konposatuan final zortzirenetara, Jose Luis eta biok tradizional biribilduan final laurdenetara, eta Oihana tradizional biribilduan final erdietara.

Lehenengo 60 geziak bota genituenean luntx txiki bat gertatu ziguten, asoan ematen dizkiguten otartekoak dauden tokian... Zoritxarrez ez Iñakik ez Koldok ez zuten lortu gaurko txandarako sailkatzerik, final laurdenetatik aurrerakoak gaur jokatu baitira.

Atzo maila desberdineko sariak banatu ziren, eta tradizional biribilduan hiru domina lortu ditugu, Jose Luisek beteranoetan zilarrezkoa eta Oihanak eta nik seniorretan brontzezkoa. Ziur nago Noguerari botatzen utzi baliote (bakero frakekin joan zen eta ez zioten utzi), emaitza desberdinak izango zirela.

Gaur final laurdenetan kanporatu naute, eta Oihanak zaila jarri dio hirugarren geratu den Genarari, puntu bakar bategatik galdu baitu hirugarren posturako lehia.

Gure gustukoena basoa da, eta igartzen da. Datorren igandean dugu hitzordua Larrabean, han izango gara, euria, elurra, edo egiten duen eguraldia eginda.

Monday, January 19, 2009

Aretoko Euskal liga, 4. jardunaldia

Hemen doa Iñakik bidalitako kronikatxoa:

" Ordu biak aldera irten ginan Beasain aldera Koldo, Lander eta hirurok. Nahiko goiztxo hirutardietan hasten zelako beroketa.
Kiroldegi atzekaldean aparkatu eta ingurunea ikuskatzera joan ginen, goiz baitzen oraindik. Handik gutxira Geronimo (indioa ez) puro ta guzti ikusi genuen iristen eta atea iriki zigun eta barrura sartu ginen.
Arkuak muntatu bitartean jendea agertzen hasi zen. Beasaingo "poleas"-ak eta Zarta ta Azeri-ko rekurboak. Guztira 16 tiratzaile. Nahiko gutxi nahiz eta lokalak askoz gehiagorentzat ez eman.
Bitartean Goiherri telebistakoak agertu ziren erreportaia egitera. Toma batzuk hartu zituzten beroketak egiten ari ginela eta Beasaingo taldeko batzuri elkarrizketa egin zieten. Lastima Geronimok euskara jakin ez izana, bestela txunditurik utziko luke neska erreportari polit hura.

Laurak aldera hasi zen tirada. Orokorrean entrenamendu patxangero bat ematen zuen. Ni nahiko gaizki, askotan anklajera eta klikerra ezin gainditu ta tiroa edonora. Koldo ta Lander antzera.
Beti ere Badiola, Martin, Pedro eta abarrek kontsejuak ematen atzetik, ea animoa jasotzen ziguten. Hala ere hain gaizki botatzeko 465 puntu ez daude gaizki.

Orokorrean puntuazio bajuak, bai txirrinkek eta biribilduen. Denak hurrengo asteari begira entrenamendua egiten, nire ustez. Ni bai behintzat.

Eta bukatu ondoren denak agurtu eta etxealdera mugitu ginen zazpirak aldean."

Sunday, January 11, 2009

San Sebastian Saria

Gaur Gaintzan izan gara, bertan jokatu da San Sebastian Saria. Oñatitik goizeko 8etan irten dugu izugarrizko hotzarekin Koldo, Lander, Jose Luis, Iñaki eta bostok. Pentsatzen genuen bidean izotza aurkituko genuela, kontu haundiaz joan gara. Aparkalekura iristen lehenengotakoak izan gara, eta hor konturatu gara behelaino sendoa geneukala.

Ni longbowarekin joan naiz, eta Amadeo, Andres, Seyu eta Rodolforekin osatu dut patruila, longbowarekin geunden guztiak hain zuzen. Momentu batzuetan behelainoak jasoteko itxura zeukan arren, goiz guztian ez du jaso. Hotza, lokatza ugari, baina horri aurre egiteko, gure artean zegoen umore ona.

Tiroak politak izan dira, gainera 2 piketa desberdinetatik botatzeak politagoa egiten du ibilbidea, nahiko gustura bota dut, nahiz eta arkua heltzean deseroso egon. Gu azkenetakoak izan gara amaitzen, baina artean poleadunen patruila bat basoan galduta aurkitzen zen. Otartekoak jasoteko orduan arazotxo batzuk egon dira, baina inor ez da jan gabe geratu. Aipatzekoak bai Jose Luisen eta bai Koldoren 3. postuak, bien artean gazta oso bat irabazi dute!

Hemendik Zorionak Ordizia taldeari, ez gara nekatuko horrelakoak esaten!