Sunday, January 25, 2009

XX. Euskadiko Aretoko Arkutiraketa Txapelketa

Aste buru honetan jokatu da Lazkaoko kiroldegian aurtengo aretoko arkutiraketa txapelketa. Bertan gure taldeko Jose Luis, Rafa, Iñaki, Koldo, Oihana eta seirok hartu dugu parte.

Atzo jokatu zen lehenengo zatia, eguraldi txarra lagun garaiz heldu ginen Lazkaora, kafe bat hartu eta kiroldegira. Guztira 71 bat ginen izena emandakoak, baina azken unean batzuk ez ziren etorri. Rafak ezik guztiok lortu genuen hurrengo fasera pasatzea, Iñaki biribilduan final hamaseirenetara, Koldo konposatuan final zortzirenetara, Jose Luis eta biok tradizional biribilduan final laurdenetara, eta Oihana tradizional biribilduan final erdietara.

Lehenengo 60 geziak bota genituenean luntx txiki bat gertatu ziguten, asoan ematen dizkiguten otartekoak dauden tokian... Zoritxarrez ez Iñakik ez Koldok ez zuten lortu gaurko txandarako sailkatzerik, final laurdenetatik aurrerakoak gaur jokatu baitira.

Atzo maila desberdineko sariak banatu ziren, eta tradizional biribilduan hiru domina lortu ditugu, Jose Luisek beteranoetan zilarrezkoa eta Oihanak eta nik seniorretan brontzezkoa. Ziur nago Noguerari botatzen utzi baliote (bakero frakekin joan zen eta ez zioten utzi), emaitza desberdinak izango zirela.

Gaur final laurdenetan kanporatu naute, eta Oihanak zaila jarri dio hirugarren geratu den Genarari, puntu bakar bategatik galdu baitu hirugarren posturako lehia.

Gure gustukoena basoa da, eta igartzen da. Datorren igandean dugu hitzordua Larrabean, han izango gara, euria, elurra, edo egiten duen eguraldia eginda.

No comments: