Sunday, March 29, 2009

Basoko Euskal Ligako 3. jardunaldia

Gaur jokatu da Larrabean aurtengo basoko ligako 3. jardunaldia. Neguak erakutsi digu guztiz joan gabe dagoela oraindik, eta busti egin gara, nahiz eta nahikoa errespetatu gaituen, bukatu denerako aterri baitzen.

Oñatitik Koldo, Lander, Iñaki, Rafa eta bostok, eta Jose Luis Eskoriatzatik joan gara. Orokorrean puntu gutxi, Jose Luis ondo, eta besteok normaletik behera.

Neri patruilan Felix, Cuadrado, Marlasca eta Larrirekin egokitu zaizkit, eta gure artean giro paregabean ibili gara, horrelako goizek ahaztarazi egiten dute eguraldia, euria, hotza, ohean nolako gustura geratuko ginatekeen eta halakoak. Ibilibidean aldaketa batzuk egin dituzte, tiro politak jarriz. Patruilan komentatu dugun bezala basurde promozioa eduki dute antza, 5 bat ikusi ditugulako...

Beste behin ere Kiowaren lana txalotzekoa. Zorionak hemendik!

Sunday, March 22, 2009

Aire Zabaleko Liga, 1. jardunaldia

Atzo Donostiako Loiola auzoko hipikan hasi zen aurtengo aire zabaleko euskal liga, txapelketa FITA900 motakoa izan zen, eta hogeitabi partaide bertaratu ginen, tartean Iñaki eta biok.

Jente gutxi egonda 3 partaide zeuden diana bakoitzean, eta guztiok txanda berean bota genuen, honek dakarren bizkortasunarekin, bestela egiten dena baino askoz lehenago amaitu baikenuen.

Dianatara izateko nahiko ondo aritu nintzen, eskerrak Mikel Jareño ere animatu zela eta biok batera aritu ginen, umore onean. Zelaia ondo dago, gustatu zitzaigun, eta eguzkia sartu zenean freskatu egin zuen, kontutan hartu atzo sartu ginela oraindik udaberrian, baina gustura amaitu genuen.

Hurrengo hitzordua Larrabeako basoan dugu, datorren igandean.

Sunday, March 15, 2009

Larrabea Saria

Gaur jokatu da Larrabean izen bereko saria. Oñatitik Koldo, Iñaki, Rafa eta laurok joan gara, Jose Luis berriz bere aldetik. Atzo egin zuen eguraldiarekin, gaur gauean euria egin du, eta goizean ere lanbroa genuen lagun. Dena den, goiz ona egin digu, baso ibilbide bat egiteko primerako giroa.

Euskal Herritik gain Errioxatik, Kantabriatik eta Burgostik etorritako 81 arkulari bildu gara, eta antza denez jentearen atzetik ibili beharra eduki dute antolatzaileek ordaindu gabe zutenekin. Izena emateko orria bidaltzen denean argi jartzen du ordaindu egin behar dela parte hartu ahal izateko, zorrotzago jokatu beharko da hemendik aurrera.

Niri patruilan Yoli eta Ana, eta Xabi eta Mario mutikoekin egokitu zait, giro ona izan dugu gure artean. Poleadunen kasuan ezik, beste guztietan patruila mistoak egin dituzte, arku motak eta gizon-emakume-haurrak nahastuz, eta uste dut asmatu dutela, hala ere, poleadunak hiruko taldeetan joan arren, betiko moduan...

Ibilbidea asko gustatu zaigu, aldaketa txiki batzuekin aurrekoarekin alderatuz, baina baso honek ematen dituen aukerak mugagabeak dira, beti gozatuko dugu horrelako lekuetan. Hemendik Zorionak Kiowa taldearentzako!!

Sunday, March 01, 2009

Euskal Liga, 2. jardunaldia

Gaur jokatu da Gaintzan aurtengo denboraldiko Euskal Ligaren 2. jardunaldia. Oñatitik Koldo, Lander, Iñaki, Jose Luis, Rafa eta seirok joan gara. Eguraldi ona egin digu basoan, sargori puntu batekin.

Ibilbidea desberdina eta polita jarri dute, distantzia luzeegi gabe, eta tiro errazekin, baina aldi berean zailtasun puntu batekin. Maiatzean antolatuko duten Liga nazionalerako probak egiten ibiliko dira muntatzaileak.

Neri patruilan Cesar, Felix eta Jesusekin egokitu zait, eta giro ona eduki dugu, gainera aurretik genituen Sesma, Rafa, Aritz eta Pruden, eta bota ere ez zen falta, eztarriak busteko. Tapoi bat sortu da, eta gaurkoan ez dira neskak izan, beti hauei botatzen baitiote errua, askotan arrazorik gabe gainera.

Bukatzean jentea gustora, puntuazio altuekin, eta irribarrea ezpainetan. Koldok 300 puntuko barrera pasatzea lortu du, eta Jose Luis ere ondo bere longbow berriarekin. Otartekoa ere ona, ezin aipatu gabe utzi hauek banatzen aritzen diren Juani eta Lourdes.

Hemendik zorionak Ordiziako guztiei! Hurrengo 2 hitzorduak Larrabean ditugu, hara joango gara noski!