Monday, March 26, 2007

BASOKO EUSKAL LIGA, 3. EMANALDIA

Atzo jokatu zen Larrabeako pinudian, Basoko 3D Euskal Ligako 3. jardunaldia. Oñatitik Oihana, Iñaki, Mikel, Rafa eta bostok joan ginen, azkenaldian bezala. Errepideak garbi zeuden, baina behin Gatzagara heldu orduko paisaia zuria zen nagusi, astean izandako denboralearen aztarnak. Kotxeak aparkatzeko Golfeko aparkalekua erabili genuen, normalean kotxeak uzten ditugun aldea elurrez beteta baitzegoen. Han zegoen goiztiar ugari, eta barruak berotzeko kafetegira abiatu ginen, eta ordua baino beranduago ireki zuten.

Normalean errepide kontran izaten da hasierako kontrola, baina oraingoan pistaren amaieraraino joan behar izan genuen, denboraz oso ondo ez genbiltzanez ibilaldia hasteko agindu ziguten, kontrola ibilbidea egiten ari ginen einean izango zela jakinaraziz. Nire eskua ondo dago, baina oraindik ez dut uste indar nahikoa duenik, beraz hastapeneko arku batekin bota nuen, nire lehenbiziko arkua izan zena.

Patruilan Sesma, Carlos, Jacinto, Agus eta bostok. Paisaia zoragarria zen, eta tiro politak ere bazeuden, batzuen gusturako hurrunegi zeuden animalia txikiak, gainera gehiengoa zirela esango nuke handiekin konparatuz. Puntuei dagokionez, oso maila baxua orokorrean, zailtasunaren erakusgarri. Niri dagokidanez, hobeto botako nuen agian hasi aurretik zerbait entrenatu banu, baina ez da aitzakia.

Elurra berna erdiraino geneukan leku batzuetan, eta garrantzitsuena oinak ez bustea zen, neri busti ez baina hotzitu egin zitzaizkidan, amaitzean gustura jantzi nituen zapatilak. Noski, otarteko ederra eman ziguten bakoitzari, normalean goizeko onena izaten da, baina oraingoan Oihanak aurreko egunean gertatu zuen salda hobea izan zela esango nuke. Goizean lehenxeago jaiki zen berotu eta termoan sartzeko, guk ez genuen Ordiziakoen antzera kanping-gasik eraman eta!!!

Emaitzak ikusteko egin klik hemen.

Hurrengoa, guretzako behintzat, Legutianon izango da berriz ere, apirilaren 14 eta 15ean, San Prudentzio saria.