Wednesday, April 23, 2008

Alfajarineko Argazkiak

Dagoeneko ikusteko moduan daude Alfajarinen ateratako argazkiak:

argazkiak

Gustukoak izango dituzuelakoan!

Tuesday, April 22, 2008

Alfajarin

Asteburu honetan Zaragozako probintzian dagoen Alfajarin herrian izan gara, bertan basoko Liga Nazionaleko 3. jardunaldia jokatu da.

Larunbatean irten genuen, Iñaki ere etortzekoa zen, baina aurreko asteko erorikoaren ostean baja izan zen. Aretxabaletan elkartu ginen Oihana eta biok Antonio eta Irunerekin, eta euren kotxean joan ginen Alfajarinera. Bidean eguraldi eskasa, haizea indartsu, kotxearen kontrola galtzera iristeko modukoa, eta zatika euri zaparradak. Logroño inguruan dagoen area baten geldialditxoa egin genuen kafe bat hartzeko. Konturatu orduko heldu ginen helmugara, bidaia lasai baten ondoren. Antonio eta Iruneren hotela erraz aurkitu genuen, gurera berriz buelta batzuk eman ostean iritsi ginen.

Hotelean arkulari batzuk ikusi genituen, eta lehiaketa izango zen ingurua bisitatzera irten genuen. Ia guztiz erorita dagoen gaztelu bat, eta paisaia hareatsua, basamortu itxurakoa, barrenean espainiarren sinbolo den zezen handia. Harrerarik ez zegoen, beraz gure hotelera joan ginen afaltzera. Gero kartetan jokatu, eta bakoitza bere hotelera, beno, gu han ginen.

Igandean goizeko 7retan jaiki, ta gosaltzera jeitsi ginen, han agertu ziren Ordiziatik goizeko 5etan irten zutenak, Jaime buru zela. Zilarrezko balan etorri ziren, esan zutenez poliki...

Antonio eta Irune puntual etorri zitzaizkigun bila, ibilbidera joan, arkuak muntatu, aterkinak atera, euria ari baitzuen, jente ezaguna agurtu, patruilako kideak bilatu, berotu, eta ordutegia errespetatuta, lehiaketari ekin genion. Nerekin batera, Irune bera, Marga Extremadurakoa eta Francisco andaluza, David madrildarra ere etortzekoa zen, baina ezin izan zuen.

Giro onean aritu ginen, hasierako euriaz gain, ez zuen euri gehiago egin, eta geunden lekuan egoteko eguraldi zoragarria egin zigun. Patruilan bertan umore ona nagusi, eta ibilbidea polita, gozatzekoa. Geziak apurtzeko beldurrarekin joan ginen, geziz ondo hornituta guztiok, baina lurra biguina zen, eta ez zen oso arriskutsua gezientzat, agian pausuak ondo emateko bai.

Goizeko ibilbidea bukatu, eta otartekoa. Aukera desberdinak zeuden, eta edateko ere berdin. Nire ustetan ederra zegoen otartekoa, goseak ere edukiko du zerikusirik, baina oraindik Euskal Herrian jaten ditugunen antzekorik ez dugu jan kanpoan. Arratsaldeko ibilbideari ekitea abiatu ginenean, poleadun batzuk agertu ziren, betiko bezala oso poliki hauek!

2. ibilbide honen hasieran, larregiko lasai nengoen, eta kostatu zitzaidan geziak nik nahi nuen tokian sartzea, hau da, animalietan. Denbora pasatu ahala, eguzkia gehiago berotzen, eskerrak ez zela goizetik hasi, bestela...

Amaitzean ez zegoen oroigarririk arkularientzako, ibilbidean zehar ere urik ez zegoen, baina horren guztiaren gainetik nabarmendu behar egun bikaina izan zela, gehien gustatzen zaiguna egiten, lagunarte politean.

Itzulerako bidaia ere lasai joan zen, etxera iritsi, ta nekea igartzen zen, horren aurka onena, lotara goiz joatea izan zen!

Sunday, April 13, 2008

Basoko Euskal Liga, 4. jardunaldia

Gaurkoan Gaintzan genukan hitzordua, astean zehar egin duen eguraldia ikusita, eta batez ere atzo bota zituen euri zaparraden ostean, ez genekien ze eguraldi izango genuen gaur, eta behintzat aterri egon da tiradak iraun duen denporan, bastante dela.

Goizeko 8retan elkartu gara, Koldo eta Lander, Carlos eta Jon, Intz, Mikel, Iñaki, Jose Luis, Rafa eta idazten ari den hau. Gaintzako "aparkaleku"-ra iritsi, arkuak muntatu eta txabolaruntz, materialaren ikuskapena pasatu, betiko jentea agurtu, apur bat berotu eta patruiletan bildu gara, nirean Rafa, Felix, Alfredo eta Jon egokitu zaizkit. Aurreko tiraldirarte Rafarekin inoiz patruilan elkartu gabe nintzen, azkenengo bietan berriz batera.

Lokatza pila bat, kontuz ibili beharreko bideak dianatik dianara, eta txantxa moduan lehenengo ipurdikoa hartzen zuenak trago batzuk atera behar zituela komentatu dugu, hortik gutxira entzun dugu norbait erori eta sorbalda atera zaiola, guk ez genekien ezer, baina gero enteratu gara Jose Luisek deitu didalako gure Iñaki izan dela eroritakoa, "paciencia y buenos alimentos" gazteleraz esaten den bezala, arkua berriro hartu orduko ondo osatu beharko zaio sorbalda!

Tiro luzeak nagusi, eta jente pilaketak eragozteko 4 diana gehigarri, lastima ez zutela puntuatzen. Amaitzen ari ginela beste dei bat, Axen, Iñakirekin dagoela Zumarragako ospitalean, oraindik ez diotela sartu sorbalda.

Amaitzean jentea Iñakiren egoeraren gainean arduratuta, gu geu ere bai, bizkor samar irten dugu, Rafa eta biok joan gara Zumarragara, Axen eta Iñaki hartu, berriz Axen Gaintzan utzi, Ordiziako taldekideekin apur bat egon, eta etxeruntz. Normalean baino beranduago iritsi gara etxera, baina beste lehentasun batzuk eduki ditugu.

Gaur nabarmendu behar Rafaren tirada polita, oso gustura aritu dela komentatu du, eta igartzen zen egin duen puntuazioan, eta jo dituen animalietan. Jose Luisen tirada ere ezin komentatu gabe utzi, berarentzako lehenengoa izan da, Larrabean ikusle bezala ibili zen, eta espero dut azkenengoa ez izatea!

Hemendik eskerrak Ordiziako taldeari egun eder bat pasarazteagatik, eta bereziki Axeni, besarkada bero bat! Gaurkoan Iñaki ondo zaintzeagatik, Mila Esker!