Sunday, May 24, 2009

Kiowa Saria

Gaur jokatu da Larrabean Kiowa saria, aspaldiko partez gainera lokatzik ez dugu eduki, euri apur bat egin digu, baina ez gara larregi busti.

Gure taldetik 9 egon gara, Carlos, Jon, Andoni, Ima, Jose Luis, Rafa, Koldo, Oihana eta ni neu. Beroketa gunera iristeko ez dugu batere zailtasunik aurkitu, lokatzik ez baitzegoen. Jente ezaguna agurtu, zerbait berotu eta leihari ekin diogu. Nire patruilan Carlos, Ilde, Katsu, Jose Mari eta bostok egokitu gara, Carlosen emaztea ere "caddy" lanak egiten etorri da. Hasierako dianara heltzeko komeriak eduki ditugu, izugarrizko itzulia eman behar izan baitugu.

Ibilbidea oso polita, guztiok harritu gaituen armiarma eta guzti, eta sugeren bat ere ba omen zen, baina ez dugu ikusi, gure patruila izan dela uste dut ikusi gabe geratu den bakarra, 13an hasi garelako, eta 12tik 13rako bidean zegoelako. Puntuazio aldetik nire patruilako Carlos eta Katsu lehenengo eta hirugarren geratu dira hurrenez hurren, niri 100 puntutik gora aterata. Koldo ondo, hirugarren sailkatu da arku librean.

Otartekoarekin batera geziak bilatzeko kako bana eman digute, benetan erabilgarria eta polita. Larrabeako tiradetan ohikoa bihurtu dugun legez, Gatzagainen geratu gara salda eta kafea hartzen.

Hemendik zorionak Kiowa taldeari, lan bikaina egin dutelako gaurkoan ere!

Sunday, May 17, 2009

Aire Zabaleko Liga, 4. jardunaldia

Asteburu honetan jokatu da Donostian, Diarco taldearen zelaian, aurtengo ligako 4. jardunaldia. FITA oso bat izan da. Prezisiokoak atzo hasi ziren 90 eta 70 metrotarako txandarekin, han izan genuen Iñaki.

Gaur berriz distantzia laburretakoa jokatu da, prezisiokoek 50 eta 30 metrora, eta tradizionalak 30 eta 18 metrora, Iñakirekin batera ni ere joan naiz.

Lehia luze egin zaigu, behintzat euririk ez du egin (tantan batzuk bakarrik) eta ez da gutxi. Gustura itzuli gara egindako lanarekin.

Datorren astean, berriz basora. Legutianon dugu hitzordua.

Saturday, May 16, 2009

Kasablankako Jaixak

Gaur Kasablankako jaixen barruan arkutiraketa erakustalditxo bat egin dugu. Bertara neska-mutiko dezente bildu dira, eta baita nagusiago batzuk ere. Gainera eguraldiak ere errespetatu gaitu.

Argazkiak ikusteko.

Ondoen pasatu duena, zalantzarik gabe, gure Spiderman!

Thursday, May 07, 2009

Liga nazionala Pardinesen

Igande honetan jokatu da Gironako probintzian dagoen Pardines inguruan aurtengo liga nazionaleko 4. jardunaldia. Hemendik 3 joan ginen, Martin eta Iñaki Ordiziako taldekoak eta hirurok. Larunbat goizean irten genuen, Gaintzan genuen elkartzeko tokia, Ordiziako taldeko kide batzuk han geratu ziren behelainotan entrenatzen, guk berriz Etxegarate pasa orduko eguraldi bikaina geneukan, hori bai, atsedenalditxo bat egiteko geratu ginenean ikusi genuen bezala, nahiko freskoa.

Pardinestik ehun kilometro baino gehiagora geratu ginen bazkaltzen, eta arratsaldeko 4:30etan heldu ginen Ribes de Freser herrira, Pardinestik 6 kilometrora dagoen herritxoa, bertan geneukan hotela hartuta. Hotelean gauzak utzi, herritik bueltatxo bat egin oinez eta kotxea hartuta Pardinesko kanping-era abiatu ginen, hor jokatu behar ziren hurrengo eguneko ibilbideak.

Basoko arkutiraketa praktikatzeko Instalazio finkoa dauka kanpingak, bertara joaten direnentzako gertu. Karabana batzuk bazeuden bertan. Heldu orduko ikusi genituen arkulari batzuk gezi batzuk botaten, gu lasai egon ginen ordea, paisaiaz gozatuz garagardo fresko baten laguntzarekin.

Afaltzeko Ribesera itzuli ginen, hoteleko jantokian prezio onean jaten zela esan ziguten eta hara abiatu ginen. Madrileko arkulari batzuekin batera jarri ginen mahaian. Gero ez zen katxondeorik falta izan, hain zuzen futbolean Barçak Madrid jipoitu baitzuen Bernabeun bertan. Larregi berandutu gabe oheratu ginen.

Igandean goizean goiz jaiki, eta herriko kafetegi batean gosaldu ostean kanpingerantz abiatu ginen. Arkuak muntatu, jentea agurtu, eta beroketak egitera. Atzerapen apur batekin hasi zen lehiaketa.

Nire patruilan Marina (Talaveran ere batera egokitu zitzaigun), Joan eta Raul kataluniarrak, eta Javier valentziarra. Ibilbideak oso politak, tiro gehienak oso gertu egon arren, baina horiei ere ezin zaie hutsik egin. Batzuk goruntz, beste batzuk beheruntz, denetarik zegoela iruditu zitzaidan.

Goizeko ibilbidea bukatu, eta otartekoa jaso genuen, ez zen hemen ohituta gaudenen bezalakoa, herena tamainaz eta hotza baizik. Jendea kexatu zen horretaz, bitartean tabernan negozioa egin zuten.

Arratsaldeko ibilbidea hobeto joan zitzaidan, eta hau ere oso polita zegoen, goizean bezala larregi urrundu gabe tiroak. Ezin aipatu gabe utzi poleadunetan errekorra egin zutela, 360 puntutik 360ak egin zituen 1ek!

Bukatu zenean, arkua desmuntatu, erropak aldatu eta lasai egon nintzen ezagunekin berriketan, Martin eta Galok amaitzeko zain. Agertu zirenean, eta guztia gertatu zutenean abiatu ginen itzulerako bidea egitea.

Gaintzan azeri batek egin zigun ongietorria. Eta animaliekin jarraituz, eltxo, euli, tximeleta etab. ugari tokatu dira gure parean kotxean gindoazela, eskerrak Udanan agertu zitzaidan kirikiñoa ikusi nuela eta bizirik jarraitu zuela....

Hemen argazkiak eta sailkapenak.