Sunday, February 27, 2011

Basoko Euskal Liga - 2. jardunaldia

Gaur jokatu da 2010-2011 denboraldiko basoko ligako 2. jardunaldia Gaintzan. Gure taldetik Koldo, Rafa, Iñaki eta laurok joan gara, eta Maider ikusle bezala. Jose Luis ere etortzekoa zen, baina lesioak utzi ez, zaindu ondo, ez zara mutiko bat eta!

Bidean euria tarteka, iritsitakoan ere antzera, dena den pentsatzen genuena baino gutxiago busti gara, hori bai, Patxiren lursailetako lokatza pila bat gure erropetan ekarri dugu. Gaurkoan baserriaren gainean dagoen basoan aritu gara, normalean liga nazionalerako erabiltzen dutena, urrutiago dagoen arren aukera gehiago ematen dituela ematen du, eta ez da beste aldea bezain itxia, aukera edukita merezi du noizean behin aldaketak egitea.

Azkenaldian hainbeste ikusi ditugun Burgos, Cantabria, Nafarroa eta Errioxako arkulariak ez dira egon, baina bai ordea iparraldeko arkulari batzuk, garbi dago honek ez daukala mugarik, batzuen ustez nazioarteko lehia, beste batzuentzako Euskal Herrikoa, ea hurrengoetan ere errepikatzen den!

Emaitzak ikusteko

Pedrok ateratako argazkiak

Euskadiko eta Espainiako Tradizionaleko aretoko txapelketak

Pasa diren bi asteburuetan Euskadiko eta Espainiako arku tradizionaleko aretoko txapelketak jokatu dira Gasteizen. Otsailaren 13an Euskadikoa izan zen, bertan egon ginen Oihana, Iñaki, Lander, Xanti eta bostok botatzen, eta Koldo epaile lanetan. Guztira 30 arkulari inguru. Saririk jaso ez arren, goiz on bat pasatu genuen, antolakuntza ere ona izan zen, iritsi orduko gosaria, gero otartekoa atsedenaldian.

19-20 asteburuan berriz Espainiako txapelketaren txanda izan zen, gure taldetik ni bakarrik aritu nintzen, larunbatean "kortea" pasatu ez eta igandean jai. Hemen ere ezin utzi aipatu gabe antolakuntzaren lana, primerakoa.

Zorionak hemendik txapeldunei!

Sunday, February 06, 2011

Gasteiz Saria

Gaur jokatu da Larrabean Gasteiz saria, Kiowak antolatuta. Gure taldetik Jose Luis, Iñaki, Koldo, Rafa (eta Enaitz ikustera), Jon (estreinaldia) eta zazpirok joan gara. Hotz haundia egiten zuen goizean, behelainorik ez zegoen behintzat, eta denborarekin goiza berotzen joan da. Aspaldiko jendetzarik handiena bildu gara Larrabean, 96k eman genuen izena! Betiko jendeaz gain, batzuk berriak, eta beste batzuk aspaldian ikusi gabeak. Larrabean izan zen azken txapelketan egon zen giroarekin ez zeukan zerikusirik gaurkuak, aurrekoan hezurretaraino busti baginen, gaur izugarrizko giro aparta egin baitu.

Ibilbidea luzea, hainbeste jende sartzeko beharrezkoa, eta aldi berean polita, oso polita. Patruilan ezohikoa den arren, 6ko taldea, eta giro oso ona gure artean. Tiro batzuk luzeak, beste batzuetan postura egokia hartzeko komeriak, eta gainera inoiz pasatu gabeko inguruetatik ibili gara, Larrabeak dituen hainbat aukera desberdinak begibistan jarriz.

Aipatu behar Koldoren 3. postua arku librean.

Zorionak hemendik txapeldunei, ta MILA ESKER KIOWA TALDEARI, muntatu duten ibilaldiak asko gozarazi baitigu!

Pedrok ateratako argazkiak ikusteko