Sunday, December 14, 2008

2008ko Gipuzkoako Aretoko Txapelketa

Gaur izan da Aretoko Gipuzkoako txapelketa, Oñatitik Koldo, Lander, Iñaki eta laurok joan gara, guztira 52 arkulari ginen izena emandakoak, baina bateren batek ezin izan du joan.

Kiroldegian hotz izugarria pasatu dugu, basoan ez dugu horrenbeste hotz pasatzen, mugimenduan ari garelako izango da.

Batzuk ia ezin izan dute parte hartu, jantzita zituzten bakero frakengatik, arauak ez du mota hortako frakarik baimentzen, niri, eta han ginen guztioi ez zaigu oso normala iruditzen, baina araua horrela badago errespetatu egin beharko da.

Lehenengo 60 gezien ostean, tabernan hamaiketako bat izan dugu, oso ondo etorri dena. Gero kanporaketak jokatu dira, ni gero txapeldun irten duen Javierrek kanporatu nau. Lander bakarrik zegoen bere kategorian, eta Iñakik gutxigatik eta Koldok ez dute lortu kanporaketetara pasatzerik.

Eskerrak burua lepoari lotuta daukadan, Oñatira itzultzean konturatu bainaiz geziak ez ditudala hartu, kiroldegian utzi ditut, espero norbaitek hartuko zituela...

Sunday, November 30, 2008

Kiowaren estreinaldia

Gaur Legutianon izan gara, Koldo, Lander, Iñaki eta laurok. Neguko giroa izan dugu nagusi, ibilibidearen momentu batzuetan elurra eta guzti egin digu, baina uste dut bastante errespetatu gaituela eguraldiak.

Neri patruilan Amadeo, Basur, Jose Migel eta Diegorekin egokitu zait, bostok ere longbowarekin. Orokorrean lortu diren puntu kopurua txikia izan da, baina nik batez ere aspaldian egin dudan markarik txarrenetakoa egin dut, gehiegizko erropak zirela, arkua zela, arkularia zela... nork jakin benetako arrazoiak...

Ibilbidea hasi aurretik kafesne beroa Tipi barruan, guretzako ibilbidearen erdia zenean gutxi gora behera, salda beroa tipi ondoko karpapean, eta amaieran ere salda, otartekoa, edariak, pastak eta kafea ez dira faltatu. Aldo errioxarrak ardo botila batzuk ekarri ditu, eta bastante harrera ona eduki dute. Gainera ardo botila horietako bana "sari" bezala jaso dugu Basurrek, Koldok, Kikek eta nik neuk. Ez dago gaizki, normalean saririk ez baitugu irabazten.

Hurrengo hitzordua guretzako horren arrotza den "sala" batean izango dugu, abenduaren 14an Gipuzkoako Txapelketa baitugu Elgoibarren.

Sunday, October 26, 2008

2008/09 EUSKAL LIGA 1. JARDUNALDIA

Gaur jokatu da Larrabean denboraldi berri honetako 1. jardunaldia, gure taldetik Koldo, Lander, Jon, Carlos, Jose Luis, Oihana, Iñaki eta idazten ari den hau joan gara, ordu aldaketa izan dugu gauean, eta arazo txiki batzuk sortu dituen arren, ez da larregikoa izan.

Gaur Kiowa talde bezala estrenatu dira, 90 arkulari apuntatuta, eguraldi zoragarria, harrera gunean indiar tipi bat, eta animali berri asko, horren emaitza ibilbide bikain bat izan da.

Neri patruilan Jose Mari, Larri, John eta Alfredo egokitu zaizkit, eta giro onean aritu gara, lehenengo animalia, guztiz inklinatuta zegoen mufloi bat, gainera urrun samar, jarri duenarekin eta bere familia guztiarekin oroitu garela uste dut, baina tiro polita zen egia esan. Ibilbidea normalean egiten dutenaren kontrako norantzan izan da, erlojuaren orratzen kontra. Guztietatik gehien gustatu zaidana, eta beste askori ere berdina entzun diot, erreka bazterrean zegoen basurdea, goitik behera jaurtitzeko, benetan polita.

Esan behar patruilan guztiok "irabazi" dugula otartekoa jateko aukera, eguzki epelaren azpian gustura asko jan duguna.

Hemendik zorionak Kiowa taldeari egindako lanagatik, segi horrela! Gainera baso honek ematen dituen aukerak ikaragarriak direla uste dut, aldiko ibilibide desberdin bat ikusteko aukera dugu, hor dago kirol honen aberastasuna.

Argazkiak

Wednesday, October 22, 2008

2008ko Arabako Txapelketa

Igandean jokatu zan Legutianon Mercedes taldeak antolatuta Arabako Basoko Txapelketa. Gure taldetik Jose Luis, Iñaki, Koldo, Joseba eta bostok joan ginen, laguntzaile bezala Jose Luisen emazte Bego.

Goizean hotz egiten zuen, eta basoaren barruan igarri genuen, eguzki izpiak jasotzen genituenean ondo eskertzen zen benetan. Arku berria estrenatu nuen nik, longbow bat, soilik egurrezkoa, fibrarik gabe, eta patruilan Amadeo, Andres eta Landerrekin egokitu zitzaidan. Arkuarekin gustura amaitu nuen, larregi ez jo arren, eta ibilbidearekin zer esanik ez, oso polita, distantziak ondo, tiroak ederrak, eta gure arteko giroa bikaina.

Datorren igandean hurrengo hitzordua, baso berean, baina lehiaketa desberdina, Euskal Liga hasten da, eta antolatzaile lanetan Kiowa taldea, Mercedes taldean egin duten lana ezagutzen dugu, eta espero dugu oraingoan ere ongi egingo dituztela gauzak.

Tuesday, September 30, 2008

Ehiza ibilbidea

Aurreko igandean, irailaren 28an Larrabeara joan ginen Koldo, Lander, Iñaki (argazkilari lanetan) eta laurok ehiza ibilbidean parte hartzera.

Basoko ibilbideekin konparatuz lehiaketa desberdina da, diana gutxiago egoten dira eta beste era batera jokatzen da. 30 lagun inguru batu ginen, eta eguraldia lagun goiz bikaina pasatu genuen. Lau tiro egoera zeuden, batean "treestand" batetik bota behar zen, behean zeuden animaliak lehenengo non dauden ikusi ostean, hurrengoan kamuflajeko kanping denda baten antzeko batetik, eta beste biak zuhaitzen artean zegoen zinta baten inguruan mugituta. Beti ere 50 segundu zituen arkulari bakoitzak, behin animaliak non zeuden ikusi ostean bakoitzari gezi bakarra botatzeko.

Goiz bukatu genuen honekin, eta hamaiketakoaren ostean diskoei jaurti genien, bat zuhaitzaren atzetik disko batzuk botatzen, eta besteak geziak bota ta bota, benetan entretenigarria!

Goiz bikaina pasatu genuen behintzat.

Erakustaldiak

Aurreko 2 asteetan erakustaldiak egin ditugu, lehenengoa Oñatin San Migel jaien barruan irailaren 21ean, San Martin izenez ezagutzen den parkean izan zen, eta jende pilatxoa bertaratu zen, halakoetan batez ere haurrak izaten dira gozatzen dutenak.

Hurrengo astean berriz, hilaren 27an Angiozarren egin genuen erakustaldia, hemen ere San Migel jaiak ospatzen dituzte, hemen ere jendea gustora, gu ere bai noski.

Friday, September 19, 2008

Gipuzkoako txapelketako argazkiak

Hemen daude Iñakik ateratako argazki batzuk:

argazkiak

Sunday, September 14, 2008

Lanaren emaitzak

Gaur jokatu da Oñatin Basoko 3D Ibilbideen Arkutiraketako Gipuzkoako txapelketa, guretzat atzo hasi ziren lanak ibilbidean, beste arlo batzuetan lehenago hasiak ginen arren.

Atzo goizean goiz Gaintzara joan ginen animaliak ekartzeko, eguraldi benetan eskaxa eduki genuen. Oñatira iristerako beste kideak zain genituen lokalean, eta hemendik denborarik galdu gabe ibilbidea montatzera joan ginen. Animaliak jarri, aurrez pentsatutako tokietan, dagozkien piketak ere ondo sartu, tarteka aterri, tarteka euripean, bazkaltzeko etenalditxo bat egin genuen aterpean, eta gero muntatze lanak amaitu genituen, oraindik ibilbidea markatzea eta segurtasun kontuak ziurtatzea falta zitzaigun

Basoko ibilbide teknikari lanak Amadeok bete zituen, bere oniritzia jaso genuen hiruzpalau diana zertxobait aldatu ostean. Eguna bukatzeko bidetik gertuen zeuden dianak gorde genituen, gaurko lanaren zatirik handiena eginda utzita.

Gaur goizean elkartu garenean oraindik eguna jaso gabe zegoen, eraman beharreko gauzak hartu, falta zena muntatu, animalien argazkiak jarri, laguntzaile moduan aritu direnei beren zereginen gainean azalpenak eman, eta pixkanaka arkulariak iristen joan dira, batzuk erdi galduta ibili diren arren, gehienak arazorik gabe heldu dira.

Patruilan Jose Luis, Irune eta Ignaciorekin joan naiz, gainean neukan nekearekin ez dut behar beste gozatu ibilbidea. Jendea pozik ikusi dut, ibilbidea gustukoa izan dutela komentatu digute, poztekoa da horrelakoak entzutea.

Amaieran, otarteko eta sari banaketaren ostean, laguntzaile izan ditugun komertzioen opariak zozketatu ditugu, barre batzuk ere egon dira tartean.

Sailkapenak ikusteko


Hemendik eskerrak ibilbidean laguntzaile izan ditugun lagun, senitarteko eta besteei, Debagoieneko Gurutze Gorriari, opariak eman dizkiguten komertzioei, eta nola ez, etorri zareten arkulari guztiei, zuek gabe ez bailitzateke txapelketarik egongo.

Tuesday, August 26, 2008

Gipuzkoako Txapelketa


Aurtengo Basoko ibilbideen Gipuzkoako Txapelketa, guk antolatuko dugu, irailaren 14an izango da Urrutxu inguruan. Lortu dugun laguntza benetan eskertzekoa.

Saturday, July 26, 2008

Udako Ikastaroak

Aurten udaletxetik eskatu ziguten udako kirol ikastaroen barne arkutiraketa sartzeko, eta horrela egin dugu. 11tik 14 urte bitarteko 9 mutiko apuntatu ziren, eta bi txandetan banatatuta astean 2 orduko ikastaroa egin dute uztailean zehar.

Bukatzeko, azkenengo egunean Ugartondoko basora joan ginen, aurreko ostegunean, eta han baso ibilbide bat egin genuen, 7 mutiko eta 4 nagusi tartean. Ondo bukatzeko hamaiketako ederraz gozatu genuen! Denak ere oso gustura amaitu dute ikastaroa, bat edo bestek jarraitzeko gogoa erakutsi digute gainera.

Argazkiak

Sunday, July 06, 2008

Araiako jaiak

Araiako jaietan arkutiraketa erakustaldi bat egiteko konpromezua hartu genuen duela hilabete pare bat, eta gaur egin dugu. Rafa, Enaitz, Oihana eta laurok botatzen, eta Mikel, Ainhoa, Lierni eta Iñaki laguntzan, eguraldia lagun giro bikaina sortu da Araiako futbol zelaian.

Adin guztietako jentea gerturatu da, guztiak harrituta gelditu dira dianen partez animaliak ikusi dituztenean. Ordu pare bateko erakustaldia izan da, bai hasieran bai amaieran guk bota ditugu gezi batzuk, bestela Araia eta inguruetako jenteak arkua zer den ezagutzeko aukera izan dute. Gustora geratu dira, gu ere bai noski, ondoren bazkaltzera gonbidatu baikaituzte. Bazkalostean berriz, jaigiroaz gozatu, herrikirol saioa ikusi, eta martxa Oñatiruntz.

Hemendik eskerrak Araiako udalari eta gerturatu diren guztiei.

Tuesday, June 24, 2008

Purullena

Asteburu honetan etxetik urrun xamar egon gara, gehien gustatzen zaiguna egiten, animaliei geziak jaurtitzen. Hemendik irten eta hamar ordu pasa ostean iritsi ginen lehiaketa jokatu behar zen Purullena herrira, Granadako probintzian.

1. hitzordua Zumarragan genuen, Oñatitik nik bakarrik irten ondoren, Galo eta Jaime jaso nituen, ondoren Ordizian Karratutarrak eta Martin gehitu zitzaizkigun, larunbateko goizeko 9ak ziren. Eguraldi beroa zetorrela ikusten zen, Andaluzian zer esanik ez. Bidean nahiko ondo joan ginen, lehenengo gasolina betetzeko geldialditxo bat La Cabreran, gero Gaztela Mantxan bazkaltzen geratu ginen, hemen zain genituen aurrez irtendako Vidri eta Irune, 15 eguneko oporraldi bati hasiera ematen, hori bai zortea, itzultzeko presarik gabe. Bazkaldu genuen jatetxearen ondoan ehizarako materialez jositako denda handi bat dago, disekaturiko animali pila bat dituzte barruan gainera, dendaz gain museoa ere bada. Hau bisitatu, eta hegoalderuntz jarraitu genuen, oraindik beste geldialditxo bat egin genuen, edatekoak erosteko gasolindegi batean, izan ere egiten zuen beroarekin, eta kotxeko aire girotu ezarekin, edan egin behar.

Purullenara arratsaldeko 7:15 aldean iritsi ginen, trasteak geletan utzi eta tiro gunerantz irten genuen, apur bat kostatu zitzaigun aurkitzea, eta gainera gurekin zeudenatako batzuk egonak ziren bertan... Dortsal banaketa egitekoak ziren, baina azkenean iganderako utzi zuten. Mahaiak gertatzen hasi ziren antolakuntzakoak, txorixoa, saltxitxoia, gazta,... eta garagardo fresko batzuen laguntzarekin harrera ona izan zen. Patruilak nola egokitzen ziren begiratu, Irunek esana zidan batera geundela bi andaluziarrekin, Francisco eta Javier, azken honekin hitzegiteko aukera eduki genuen.

Hotelera gerturatu aurretik, kalearen bestaldean zegoen hotelera trago bat hartzera, baten batzuk afaltzeko asmoarekin zeuden hala ere. Barriketaldi baten ostean, denok lotara, goizean goiz iratzargailuak joko baitzuen. Boda bat zegoen tragoa hartu genuen hotelean, eta despedida bat ospatzen ari zen neska kuadrila bat ere ez zebilen aparte, goizeko 3retan oraindik musika topera, eta gelako beroa gehituz gero, emaitza loaldi txar bat!

Igande goizean, irekita zegoen taberna bakarrean gosaldu, eta kirol gunera. Zoo txiki bat daukate muntatuta Purullenako hauek, basurde bikote bat, astoak, hontza, kangurokume bat, indioilar bat, txakurrak, denetik ikus zitekeen bertan. Gure patruilakoa ei zen Francisco ez zen agertu, antza denez kandelaren batek sua sortu zion etxean, baina ezagutzen zutenek ziotenez beste nonbaiten zeukan sua. Gure hurrengo patruilan 2 falta ziren, beraz gelditzen ziren beste biak banatu egin zituzten, guregana Macu etorri zen, hain zuzen Javierren emaztea.

Ibilbidea oso polita iruditu zitzaidan, Bardeen antza hartu nion, zuhaitzak dauden desberdintasunaz. Goiko puntuetatik Sierra Nevada ikus zitekeen, oraindik elur pixka bat bazegoen. Egunak aurrera egin ahala, beroa nagusi, eta zuhaitz bakanetako gerizpeak gustura hartzen ziren. Seinaleei dagokionez asko zeukan hobetzeko, eta horrelako beroaren aurrean ur gehiago jar daitekeela uste dut ibilbidean. Alde batetik beroa, bestetik distantzia luzeak, eta bestetik nire akatsek, puntuazio nahiko baxua edukitzera eraman ninduten. Arratsaldeko ibilbidean zerbait hobetzera lortu nuen, baina hala ere bukatzeko gogoarekin amaitu nuen.

Ibilbidea bukatzean, erropak aldatu eta besteek bukatzeko zain geunden bitartean, freskagarri batzuk hartu eta hitzegiten jardun genuen. Jaimek bigarren amaitu zuen igandeko lehiaketa, eta emaitza honekin aurtengo liga nazionaleko azpi txapeldun geratu da elgoibartarra, Zorionak!! Saria jasotzera ordea ezin geratu, bide luzea baikeneukan aurretik, eta astelehenean goiz jaiki beharra batzuk.

Itzuleran kotxeak sauna zirudien, ilunduz zihoan einean freskatzen joan zena. Larunbatean gelditu ginen leku berean, La Cabreran, afaldu genuen Jaime, Galo eta hirurok, besteek euren martxa hartu zuten eta gu baino ordu bat lehenago helduko ziren etxera, hori bai, afaldu gabe. Etxera heldu orduko goizeko 2:30ak, zuzenean lotara!

Asteburu honetako argazkiak ikusteko, egin klik hemen

Sunday, June 08, 2008

Bukatu da aurtengo Euskal Liga

Gaur izan da basoko 3D Euskal Ligako 5. eta azken jardunaldia Ordizian. Goizeko 8retan irten dugu Koldo, Lander, Jose Luis, Markel, Rafa, Iñaki eta zazpirok euripean Oñatitik Gaintza aldera. Gaintzara gerturatu ahala eguraldia hobetzen joan da, azkenean egun polita izan dugu, eta horrelakoetan eskertzen da.

Berotzeko asti gabe ibili gara, bakoitza bere patruilako kideekin elkartu gara negutegien aldamenean, hor banatu dizkigute planilak, eta hasi dugu ibilbidea. Patuilan Alfredo eta Felix donostiarrak, eta Yoli gasteiztarra lagun. Tiro oso politak eduki ditugu, gainera normalean egoten direnekin alderatuta gertu. Nik nere marka pertsonala hobetu dut, poztekoa da benetan. Landerrek, Jose Luisek eta Markelek ere, denbora gutxi daramatela kontutan hartuta, tirada ona egin dute.

Gure artean ere giro onean joan gara, batez ere ikusita ondo sartzen genituela geziak, eta puntuek goraka egiten zutela. Nahiko goiz amaitu dugu, eta amaierako otartekoa ondo eskertu digu sabelak, gainera beti bezala oso ona.

Orain Granadako liga nazionala hil honen 22an eta Euskadiko txapelketa, datorren hilaren 6an geratzen zaizkigu gertuen, basoari dagokionez beti. Ea gaurko

Itzuleran Udanan geratu egin behar izan dugu, Euskal Bizikletako azken etapa pasatu da ta bertatik.

Monday, May 19, 2008

Mercedes Sariko Argazkiak

Sarean daude atzo Iñakik ateratako argazkiak, hor ikus daiteke basoaren edertasuna!

argazkiak ikusteko

Sunday, May 18, 2008

Mercedes Saria

Gaur Larrabeako basoan eduki dugu hitzordua, Mercedes saria jokatu da bertan. Oñatitik Carlos eta Jon, Koldo eta Lander, Intz, Mikel, Rafa, Oihana eta idazten ari den hau joan gara, Iñaki berriz argazkilari bezala. Joseba eta Josu ere etortzekoak ziren, baina parranda larregi egin zuten atzo antza denez... Arrasate aldetik Markel bakarrik agertu da, Beñatek beste planen batzuk zituen.

Rafa hartu dugunean jendea parrandan zegoen oraindik, jaiak izan baitira, larregi deskantsatzeko aukerarik gabe beraz Rafa, eta beste batzuk ere lo gutxi eginda... Arazorik gabe heldu gara Larrabeara, betiko jentea agurtu, eta beroketa guneruntz abiatu gara. Gaurkoan azkenengo aldiarekin alderatuz, erlojuaren orratzen eran izan da ibilbidea.

Patruilan 4 oñatiar eta Ruben gasteiztarra, Jonek erakutsi digu, piketa zuritik bota arren, ondo moldatzen dela arkuarekin. Nagusien artean berriz Rafa eta Rubenen arteko lehiatxoa eduki dugu ia amaieraraino, azkenean gasteiztarrak ihes egitea lortu duen arren. Tiroak oso politak, gora, behera, altura berdinean, animali txiki xamarrak nahiko hurrun, gainera baso desberdinetan aritu gara, pinudia, pagadia, hariztia, benetan zoragarria. Diana batzuetatik hurrengorako distantzia ikusita, ibilalditxoak egin behar izan ditugu, ondo etorri zaizkigunak.

Neri gehien gustatu zaizkidan tiroak pagadian behera, etzanda zegoen orein bat, nahiko urrun zegoena, eta zerbait goranzka zegoen otsoa, ni ere harrituta geratu naiz hor, nire bi geziak ondo ikusten nituen piketatik, gerturatu, eta a zelako poza, biak bihotzean!

Eguraldia ere lagun izan dugu, tenperatura egokia, euririk ez du egin, amaitzean ere otartekoak beti bezala bikainak. Sari banaketa ikusi dugu, ia gehienak Ordiziako taldekoak ziren, tarteka Mercedes edo Diarco taldekoak sartu direlarik.

Zorionak bide batez Mercedes taldeari, oso ongi muntatuta zegoelako ibilbidea, eta mila esker egindako lanagatik!

Iñakiren argazkien zain geratzen gara...

Monday, May 05, 2008

Ugartondoko basoa

Aurreko ostiralean, zubia aprobetxatuz Ugartondo baserriaren inguruan dagoen basoan bildu ginen ibilbidetxo bat egiteko. Gonbidatu berezi bat ere eduki genuen, Amadeo.

Gure asmoa, goiza pasatzeaz gain, eta horretarako eguraldiak lagundu zigun, basoa Amadeori erakustea zen, bere iritzia eskatzeko. Irailean jokatuko den basoko 3D txapelketa Oñatira ekartzea nahi dugu, eta baso hau egokia iruditzen zaigu, aparkatzeko lekua badagoelako, eta herritik nahiko gertu geratzen delako.

Amadeok bere oniritzia eta gomendioak eman zizkigun, eta eguna ondo borobiltzeko Zañartuko soziedadera joan ginen bazkaltzera, Liernik nahiko lan egin zuen guztiontzako bazkaria gertatzen, portatu zen bai!

Beraz badakizue, Oñatin daukagu hitzordua iraileko 2. igandean.

Ostiraleko argazkiak

Wednesday, April 23, 2008

Alfajarineko Argazkiak

Dagoeneko ikusteko moduan daude Alfajarinen ateratako argazkiak:

argazkiak

Gustukoak izango dituzuelakoan!

Tuesday, April 22, 2008

Alfajarin

Asteburu honetan Zaragozako probintzian dagoen Alfajarin herrian izan gara, bertan basoko Liga Nazionaleko 3. jardunaldia jokatu da.

Larunbatean irten genuen, Iñaki ere etortzekoa zen, baina aurreko asteko erorikoaren ostean baja izan zen. Aretxabaletan elkartu ginen Oihana eta biok Antonio eta Irunerekin, eta euren kotxean joan ginen Alfajarinera. Bidean eguraldi eskasa, haizea indartsu, kotxearen kontrola galtzera iristeko modukoa, eta zatika euri zaparradak. Logroño inguruan dagoen area baten geldialditxoa egin genuen kafe bat hartzeko. Konturatu orduko heldu ginen helmugara, bidaia lasai baten ondoren. Antonio eta Iruneren hotela erraz aurkitu genuen, gurera berriz buelta batzuk eman ostean iritsi ginen.

Hotelean arkulari batzuk ikusi genituen, eta lehiaketa izango zen ingurua bisitatzera irten genuen. Ia guztiz erorita dagoen gaztelu bat, eta paisaia hareatsua, basamortu itxurakoa, barrenean espainiarren sinbolo den zezen handia. Harrerarik ez zegoen, beraz gure hotelera joan ginen afaltzera. Gero kartetan jokatu, eta bakoitza bere hotelera, beno, gu han ginen.

Igandean goizeko 7retan jaiki, ta gosaltzera jeitsi ginen, han agertu ziren Ordiziatik goizeko 5etan irten zutenak, Jaime buru zela. Zilarrezko balan etorri ziren, esan zutenez poliki...

Antonio eta Irune puntual etorri zitzaizkigun bila, ibilbidera joan, arkuak muntatu, aterkinak atera, euria ari baitzuen, jente ezaguna agurtu, patruilako kideak bilatu, berotu, eta ordutegia errespetatuta, lehiaketari ekin genion. Nerekin batera, Irune bera, Marga Extremadurakoa eta Francisco andaluza, David madrildarra ere etortzekoa zen, baina ezin izan zuen.

Giro onean aritu ginen, hasierako euriaz gain, ez zuen euri gehiago egin, eta geunden lekuan egoteko eguraldi zoragarria egin zigun. Patruilan bertan umore ona nagusi, eta ibilbidea polita, gozatzekoa. Geziak apurtzeko beldurrarekin joan ginen, geziz ondo hornituta guztiok, baina lurra biguina zen, eta ez zen oso arriskutsua gezientzat, agian pausuak ondo emateko bai.

Goizeko ibilbidea bukatu, eta otartekoa. Aukera desberdinak zeuden, eta edateko ere berdin. Nire ustetan ederra zegoen otartekoa, goseak ere edukiko du zerikusirik, baina oraindik Euskal Herrian jaten ditugunen antzekorik ez dugu jan kanpoan. Arratsaldeko ibilbideari ekitea abiatu ginenean, poleadun batzuk agertu ziren, betiko bezala oso poliki hauek!

2. ibilbide honen hasieran, larregiko lasai nengoen, eta kostatu zitzaidan geziak nik nahi nuen tokian sartzea, hau da, animalietan. Denbora pasatu ahala, eguzkia gehiago berotzen, eskerrak ez zela goizetik hasi, bestela...

Amaitzean ez zegoen oroigarririk arkularientzako, ibilbidean zehar ere urik ez zegoen, baina horren guztiaren gainetik nabarmendu behar egun bikaina izan zela, gehien gustatzen zaiguna egiten, lagunarte politean.

Itzulerako bidaia ere lasai joan zen, etxera iritsi, ta nekea igartzen zen, horren aurka onena, lotara goiz joatea izan zen!

Sunday, April 13, 2008

Basoko Euskal Liga, 4. jardunaldia

Gaurkoan Gaintzan genukan hitzordua, astean zehar egin duen eguraldia ikusita, eta batez ere atzo bota zituen euri zaparraden ostean, ez genekien ze eguraldi izango genuen gaur, eta behintzat aterri egon da tiradak iraun duen denporan, bastante dela.

Goizeko 8retan elkartu gara, Koldo eta Lander, Carlos eta Jon, Intz, Mikel, Iñaki, Jose Luis, Rafa eta idazten ari den hau. Gaintzako "aparkaleku"-ra iritsi, arkuak muntatu eta txabolaruntz, materialaren ikuskapena pasatu, betiko jentea agurtu, apur bat berotu eta patruiletan bildu gara, nirean Rafa, Felix, Alfredo eta Jon egokitu zaizkit. Aurreko tiraldirarte Rafarekin inoiz patruilan elkartu gabe nintzen, azkenengo bietan berriz batera.

Lokatza pila bat, kontuz ibili beharreko bideak dianatik dianara, eta txantxa moduan lehenengo ipurdikoa hartzen zuenak trago batzuk atera behar zituela komentatu dugu, hortik gutxira entzun dugu norbait erori eta sorbalda atera zaiola, guk ez genekien ezer, baina gero enteratu gara Jose Luisek deitu didalako gure Iñaki izan dela eroritakoa, "paciencia y buenos alimentos" gazteleraz esaten den bezala, arkua berriro hartu orduko ondo osatu beharko zaio sorbalda!

Tiro luzeak nagusi, eta jente pilaketak eragozteko 4 diana gehigarri, lastima ez zutela puntuatzen. Amaitzen ari ginela beste dei bat, Axen, Iñakirekin dagoela Zumarragako ospitalean, oraindik ez diotela sartu sorbalda.

Amaitzean jentea Iñakiren egoeraren gainean arduratuta, gu geu ere bai, bizkor samar irten dugu, Rafa eta biok joan gara Zumarragara, Axen eta Iñaki hartu, berriz Axen Gaintzan utzi, Ordiziako taldekideekin apur bat egon, eta etxeruntz. Normalean baino beranduago iritsi gara etxera, baina beste lehentasun batzuk eduki ditugu.

Gaur nabarmendu behar Rafaren tirada polita, oso gustura aritu dela komentatu du, eta igartzen zen egin duen puntuazioan, eta jo dituen animalietan. Jose Luisen tirada ere ezin komentatu gabe utzi, berarentzako lehenengoa izan da, Larrabean ikusle bezala ibili zen, eta espero dut azkenengoa ez izatea!

Hemendik eskerrak Ordiziako taldeari egun eder bat pasarazteagatik, eta bereziki Axeni, besarkada bero bat! Gaurkoan Iñaki ondo zaintzeagatik, Mila Esker!

Thursday, March 20, 2008

Basoko Euskal Liga, 3. jardunaldia

Igandean Larrabean izan ginen, gure taldetik aspaldiko partaidetzarik handiena egon zen, eta espero dugu horrela igotzen joatea, ikustera etorri ziren 2 arkulariek hurrengoan parte hartuko dutelakoan. Lander, Joseba, Josu eta Jon gaztetxoak, eta Koldo, Rafa, Iñaki, Mikel, Oihana ta ni ez hain gaztetxoak, osatu genuen hamarrekoa.

Larunbatean euria egin zuen, eta bazirudien igandean ere agertuko zela, baina izugarrizko eguraldi bikaina eduki genuen, eta horrela gustura botatzen da. Patruilan Rafa, Mikel, Matias eta Alfredo izan nituen lagun, guztiekin lehenago botatzeko aukera izan dudan arren, Rafarekin batera botatzen nuen lehenengo aldia izan zen. Ikusle bezala Jose Luis eta Bego emaztea etorri ziren, ea Jose Luis eta Jon semearekin joan zen Carlos ere hurrengoan animatzen diren.

Igandean Mercedes taldekoek aukeratu zuten baso zatia oso polita da, bere harizti eta pagoekin, eta tiroak ere ederrak benetan, batzuk teknikoak, beste batzuk zailak, beste batzuk errazak, orokorrean puntu dexente egiteko moduko ibilbidea, nire kasuan ez zen halakorik gertatu, hobetu egin beharko dugu hurrengorako, bestela benetan kenduko didate bokadiloa...

Eguraldia lagun, giro bikaina izan genuen patruilan, eta esango nuke orokorra izan zela hori, jente guztia pozik ikusten zen amaieran, Mercedes taldekoek egin zuten lan onak merezi zuen bezala. Gainera haurrentzako ibilbide alternatibo bat montatu zuten jente guztia ondo ibiltzeko, eta igarri zen, ez zen jente pilaketarik egon, eta hori eskertzen da.

Otartekoa jan ostean taldeko argazkia atera ziguten, eta ondoren gipuzkoarrena, tartean Coro, Matiasen emaztea, guretzako argazkiak ateratzen. Hemen jartzen dut bai Corok eta bai Iñakik ateratako argazkiak ikusteko linka.

Argazkiak ikusi

Berriro ere, mila esker Mercedes talde osoari, eta nola ez Corori.

Thursday, February 28, 2008

Xixon, Liga nazionala

Aurreko igandean jokatu zen Xixonen aurtengo basoko 3D Liga Nazionaleko 2. ekitaldia. Gure taldetik Oihana, Iñaki eta hirurok joan ginen, beste 17 gipuzkoarrekin batera, 16 Ordiziako taldekoak eta Sesma Diarcokoa. 4 kotxetan abiatu ginen larunbat goizean Bergaratik. Torrelavega inguruan geldialditxoa, kotxeetan ezin zutenak erre, erreta zigarro bat erretzeko amorruz, beste batzuk komunera joateko gogoz aldiz.

Xixonera ordu biak jota heldu ginen, baina hotelera heldu ezinda ibili ginen, GPSak arazoak ei zituen. Hotelean instalatu, bakoitzak bere gela hartu, eta behean genuen hitzordua bazkaltzera joateko. Nahiko gertu aurkitu genuen Fernandinek gomendatutako Sagardotegia, ez da Astigarragakoen bezalakoa, taberna baizik, eta 20 pertsonentzako lekua edukiko zutela, baina itxaron egin behar genuela. Bitartean sagardoa edan, eta itxasoko kirikiñoak atera zituzten pikatzeko, egia esan ez zuten oso itxura onik, zaporea ez dakit, agian Sesmak esango digu hobeto...

Bapo bazkaldu ostean autobus bat geneukan Xixonen ibilbide turstikoa egiteko, ia autobusetik irten ere ez ginen egin, eta Oihanak zioen bezala, japoniarrak ginela ematen genuen! La Camocha Xitia taldearen entrenamentu lokala jantoki bihurtu zen, bertan "espicha" eduki genuen, apur bat danetik jateko, eta sagardoa edateko, bai botilatik bai kupelatik. Amaitzean batzuk kalean geratu ziren, gu berriz lo egiten saiatzera, bero larregi logelan, eguerdiko fabada bere eraginak egiten...

Igande goizean 7retarako gora, gosaldu eta 8:30etarako tiro zelaian egoteko, ordu eta erdi pasako atzerapena eduki genuen, oso geldo joan zen materialaren errebisioa. Patruilan jente jatorra egokitu zitzaidan, aurreko baten Ordizian nireki batera bota zuen Luis kantabriarra, Alvaro naparra, Pedro andaluza eta Jorge madrildarra. Giro ona eduki genuen, bai geure artean eta baita zeruan, euri tantatxo batzuk bota zituen, baina ez zuen gehiagora egin. Basoa izateko asko falta zuen ibilbideak, parke bat baitzen, eta belarretan geziak galtzeko beldurrak edo egun txarra izateak ez zuten batere lagundu puntuazioan, nirean behintzat.

Xixondik arratsaldeko 6retan abiatu ginen etxeruntz bueltan, joaterazkoan ez bezala bidaia luzea egin zitzaigun, baina buruan oroitzapen onak ekarri genituen, momentu onak izan baitziren nagusi.

Hemen daude argazkiak.

Monday, February 04, 2008

Ugartondoko argazkiak

Hemen daude larunbatean Ugartondo ateratako argazkiak:

argazkiak

Sunday, February 03, 2008

Euskal Liga, 2. jardunaldia

Gaur jokatu da Gaintzan aurtengo Euskal Ligako 2. jardunaldia, haize bortitza izan da protagonista nagusia Ihauteri Igande honetan.

Oñatitik jente pilatxoa joan gara, Joseba, Intz, Iñaki, Mikel, Rafa, Oihana eta seirok botatzera, eta Koldo eta Josebaren aita ikustera berriz. Oihana eta biok mozorrotuta, Lady Marion eta Robin Hood, eta ez gara bakarrak izan, Diarcoko taldetik 3 orein eta untxi bat, indio bat, pailazo bat, munstro bat, marroki bat ikusi ahal izan ditugu besteak beste.

Patruilan 3 Diarcoko, Felix, Urko eta Iñigo, Gezaleriakeko Txema eta bostok. Urko eta Iñigorentzat 1. basoko esperientzia, Txemarentzat 2.a berriz, Felixek eta biok erabaki dugu bi mutiko hasiberriek apuntatzea, beraien mesedetan, ikasten joan daitezen, baina esperientzia ezak asko geldiarazi gaitu, eta gure atzekoak, nesken patruila, gainean izan dugu, Felix eta biok apuntatzen hasi eta erritmoa apur bat bizitu dugun arte.

Lokatzara ugari, zorua oso labainkorra, batenbat oinetako ezegokiarekin ere joan da, gero lurretik bueltaka ibili da. Maldak igotzeko soka lagungarri, eskerrak, eta tiroak politak, zailtasun puntuarekin. Nik oso ongi pasatu dut, puntuak hobe ez aipatzea, nahiz eta uste dudan orokorra izan dela puntu gutxi egitea. Eskerrak euririk ez duela egin, gero arratsaldean egin duen bezala, bestela...

Guretzako hurrengo hitzordua ez da Larrabean izango, ezta Gaintzan ere, hurrunago baizik, Xixonera joango gara gauzak ez badira okertzen behintzat, otsaileko azkenengo asteburuan Liga Nazionaleko 2. jardunaldian parte hartzera.

Basoko tirada Oñatin

Atzo eguerdiko ordu 1ean elkartu ginen lokalean, Rafak baso baten tiradatxo bat egiteko baimena lortua zeukan aurreko astean, eta animaliak eta arkuak kotxetan sartu eta basoruntz abiatu ginen. 3D eta 2Dko animaliak pilatu genituen, guztira 20, gaurko ligako tiradarako entrenamentu saio bezala. Arratsalde ederra pasatu genuen, goizean egindako euri guztiaren ostean bertan behera uzteko idea ere pasatu zitzaigun burutik, eta eskerrak aurrera egin genuela.

Rafa, Enaitz, Iñaki, Intz, Adri, Joseba, Koldo, Lander, Oihana eta ni neu aritu ginen geziak jaurtitzen, ez geneukan tiro luzerik, denbora gutxirekin aritu ginen eta baso zati txiki batean jarri genituen animaliak. Diana mugikor bat eta guzti jarri genuen! Haurrak pozik, helduak ere gustora, gezi batzuk basoan utzi genituen arren, arratsalde borobila! Iluntzen ari zela amaitu genuen jasotzen, hurrengorako goizean elkartu beharko gara.

Eguna borobiltzeko Zañartun afaria, bertan sukaldari lanetan Lierni ari zen, eta Mikel eta Ioritz ere batu zitzaizkigun. Hurrengo batean basoa zerbait garbitu eta ea gezi galduak aurkitzen ditugun, eta gure asmoa jende guztiari zabaldutako tirada bat egitea da, ikusiko dugu lortzerik dugun.

Iñakiren argazkien zain ixten dut post hau.

Sunday, January 13, 2008

San Sebastian Saria

Gaur jokatu da Gaintzan San Sebastian saria, Oñatitik Iñaki, Mikel, Rafa, Joseba eta bostok joan gara, ikusle bezala Adri bere aitarekin, eta Josebaren aita. Hegoaize hotz bat eduki dugu goiz osoan, euririk ez du egin, baina freskura ederra eduki dugu!

Atzo Basurrek gomendatu bezala, katiuskekin joan naiz, eta eduki dugun lokatzara piloa ikusi eta gero, ez naiz damutzen. Jente ezaguna agurtu, eta beroketak egiten ari ginela, Sesma azaltzen ikusi dugu, ia-ia ezagutu ere ez, a ze nolako "look" aldaketa!!

Patruilan Mikel Ena, Mikel Jareño eta Enekorekin egokitu zait, aspaldiko partez patruila batean nagusiena ni izan naiz, adinari dagokionez behintzat! Nire ustetan tiroak politak izan dira, baten batzuk urruntxo egon arren. Guk amaitu, otartekoa jan, eta oraindik bizikleteroak iristeko!!! Bizikleten ordez motortxo bat hartu beharko dute bizkorrago ibiltzeko!!

Gaur ez da modalitate bereizketarik egin, amaieran koefiziente batzuk aplikatu zaizkie, eta hauek kontutan hartuta 3 arkulariko 4 talde egin dituzte, txabolaren azpian jarritako 4 dianetara taldeka lehiatzeko. Animazio apur bat emateko kiniela bat egin dugu, Rafak ordena igarri du, baina saria Martinek eraman du, puntuetan gertuago egotearren. Kontua da egin duen haize finarekin, itxaroten egon garen denboran hoztu egin garela, baina gaurko moduko eguna aproposa da arkuarekin aritzeko, euririk egiten ez duen bitartean...

Hurrengo hitzordua Gaintzan izango da baita ere, orduan euskal ligako 2. jardunaldia jokatuko da otsailaren 3an, ihauteri igandean, mozorrotutako jenterik egongo al da?