Sunday, February 03, 2008

Basoko tirada Oñatin

Atzo eguerdiko ordu 1ean elkartu ginen lokalean, Rafak baso baten tiradatxo bat egiteko baimena lortua zeukan aurreko astean, eta animaliak eta arkuak kotxetan sartu eta basoruntz abiatu ginen. 3D eta 2Dko animaliak pilatu genituen, guztira 20, gaurko ligako tiradarako entrenamentu saio bezala. Arratsalde ederra pasatu genuen, goizean egindako euri guztiaren ostean bertan behera uzteko idea ere pasatu zitzaigun burutik, eta eskerrak aurrera egin genuela.

Rafa, Enaitz, Iñaki, Intz, Adri, Joseba, Koldo, Lander, Oihana eta ni neu aritu ginen geziak jaurtitzen, ez geneukan tiro luzerik, denbora gutxirekin aritu ginen eta baso zati txiki batean jarri genituen animaliak. Diana mugikor bat eta guzti jarri genuen! Haurrak pozik, helduak ere gustora, gezi batzuk basoan utzi genituen arren, arratsalde borobila! Iluntzen ari zela amaitu genuen jasotzen, hurrengorako goizean elkartu beharko gara.

Eguna borobiltzeko Zañartun afaria, bertan sukaldari lanetan Lierni ari zen, eta Mikel eta Ioritz ere batu zitzaizkigun. Hurrengo batean basoa zerbait garbitu eta ea gezi galduak aurkitzen ditugun, eta gure asmoa jende guztiari zabaldutako tirada bat egitea da, ikusiko dugu lortzerik dugun.

Iñakiren argazkien zain ixten dut post hau.

No comments: