Thursday, September 28, 2006

ARGAZKIAK

Atal berria dugu, argazki albuma gehitu diogu gure blogari. Eskuinean dagoen estekan klik egin, eta argazkiak dauden lekura eramango zaituzte nabigatzaileak. Momentuz Blanqueforten ateratakoak daude bakarrik, ea gustukoak dituzuen.

Monday, September 25, 2006

1. LEGUTIANO SARIA

Asteburu honetan ospatu da Larrabeako pinudian Legutiano Sariaren 1. edizioa. Bertan izan gara gure taldeko Iñaki, Rafa eta 3rok botatzen, eta Mikel eta Oihana laguntzaile bezala. Larunbatean arratsaldeko 3:30etan hasi zen material errebisioa, gero lehiaketa 4:30etan hasteko. Denboraz joan ginen Oihana ta biok, kanping denda muntatu behar genuelako. Besteak lo egitera etxera itzuli ziren.

Arku biribildu edo Long-bowekin batera, arku-libreaz botatzen duen arkulari bat sartu zuten patruila bakoitzean. Gure taldean Mikel, Jose Luis, Txomin eta neu biribilduarekin, eta Juan Carlos poleadunarekin egokitu ginen, larunbat eta igandean errepikatu zelarik. Normalean Euskal Ligan egiten duten ibilbidearekin alderatuta, luzeagoa zen asteburu honetakoa, baina polita era berean. Larunbatean guztiok piketa urdinetik bota behar genuen, eta igandean berriz gorritik. 15 zenbakidun diana 2 aldiz jarri zuten, beraz ohiko 20 dianak izan beharrean, larunbatean 21 izan ziren, ia guztiok 21era bota genuen, baina patruila talde pare batek 20ra bakarrik bota zuenez, azkenengo diana kendu ziguten, gure kasuan tiro erraz bat, gutxienez 11 puntu kenduz bakoitzari. Batzuk ia ilunetan amaitu zuten larunbateko saioa, hurrengo urtean berriz animatzen badira goizago jarri beharko dute hasiera ordua.

Karpa handi bat jarri zuten antolatzaileek bilgune puntu bezala, bertan eman ziguten izena ematerakoan partehartzaile bakoitzari oparitxo batzuk zeuzkan poltsa bana, kamiseta, boligrafo, pin, ardo boteila bana tartean. Afaria ere karpa horren azpian izan zen, eta ganoraz lan egin zuten arabarrek guztiok gustora gera gintezen, ZORIONAK!!, lortu zenuten. Afalostean kafea, eta hainbat pasta tarteko, giro onean egon ginen Ordiziako lagunekin batera, hainbat abesti entzun genituen Basur, Mikel, Jesus eta besteen aldetik. Larregi berandutu aurretik, bakoitza norbere kanping dendara, edo kotxera edo ta etxera, igandean berriz botatzea tokatzen zitzaigun eta.

Igandean, lo gutxi eta gaizki egin ondoren, golfeko tabernan gosaldu genuen. Zerua lainotuta agertzen zen, euri itxura handia zeukan, eta ez genekien eutsiko ote zuen. 10ak inguruan hasi ginen botatzen, eta euri apur bat egin zigun arren, ez ginen larregi busti. Diana bat gutxiago ibilbidean, legezko 20ak, eta tiroak antzerakoak, piketa edo animalia zertxobait lekutik aldatuta. Gehien zailtzen zuena diana eta arkulariaren artean zeuden zuhaitz eta arramak ziren. Nire patruilako Jose Luis eta Mikel ordiziarrak 1. eta 2. sailkatu ziren biribilduan, eta Juan Carlos 1. arku librean. Benetan zoragarria da halako maisuekin botatzeko zortea izatea, asko ikasten da dakitenei kasu eginez eta begiratuz.

Ibilbidea amaitzean, bazkaria karpapean, atzokoa bezela, ona eta gainera inor ez zen gosez geratuko. Kafea, pastak eta solasak egon ziren gero, sari banaketa ospatu baino lehenago. Lehenbizi neska mutikoek jaso zituzten euren opariak, ta ondoren nagusiek. Ordizia aldera sari ugari joan ziren, hamaiketako ederra egiteko materiala lortu zuten, sari bezala ardoa eta gazta baitzeuden tartean.

Lerro hauen bitartez, Sari hau antolatu duen jente taldea zoriondu nahi nuke, erakutsi digute lana ondo egiten dakitela, ligako jardunaldiak bertan ospatu direnean ere erakutsi izan digutena. Ea datorren urtean berriz sariketa honekin gozatzeko aukera dugun.

Monday, September 11, 2006

GIPUZKOAKO 3D TXAPELKETA

Atzo elkartu ginen Gaintzako pinudian, Ordiziako arku taldeak eta Gipuzkoako federazioak antolaturiko Gipuzkoako Basoko 3D txapelketan. Guztira 55 bat partehartzaile, irekia zenez Bizkaiatik, Arabatik, Nafarroatik eta Errioxatik hainbat arkulari etorri ziren.

Eguraldia beroa, eta zegoen hezetasunarekin bero sentsazio handiagoa. Ibilbidea oso ondo zegoen jarrita, beti egin ohi duten bezala. Tiro politak, ez zeuden larregiko urrun ere, nahiz eta batzuk benetan zeudena baino urrutiago zeudela ematen zuen.

Niri patruilan Antonio Vidriales, John Margüello eta Alberto Martinekin egokitu zitzaidan, lehen biak oso parekatuta ibili ziren, puntu dexente eginaz, ni aldiz normalean baino okerrago, lo gutxi eginda, beroa, konpetizio falta...

Gipuzkoako txapeldunak Xabier Gaztañaga Long Bowan, Mikel Fernandez biribilduan eta Martin Martinez librean izan dira. Emaitza osoak ikusi nahi izanez gero, jo Gipuzkoako federazioaren orrira. Zoritxarrez emakumezkoen mailan ezin izan da txapelketarik ospatu, ez delako gutxieneko kopurura iritsi.

Hurrengo ekitaldia Legutiano Saria izango da, irailaren 23 eta 24an, informazio gehiagorako: Arco-Mercedes taldearen orrira jo.