Monday, July 30, 2007

Blanquefort

Asteburu honetan jokatu da Blanqueforteko nazioarteko lehiaketa, batez ere Frantzia, Catalunya, Euskal Herria eta Espainiako arkulariek hartu dugu parte bertan. Ziur ez dakidan arren, berrehundik gora izan gara.

Ostiralean irten genuen Oñatitik Mikel eta Iñaki, azken honen kotxean, eta ni nirean. Bergaran Oihana hartu genuen, goizez lana egin zuela, eta Ibanen zain geratu ginen, gure argazkilari ofiziala. Bergaratik irten orduko ia arratsaldeko 3ak ziren, kotxe pilatxo bat aurkitu genituen Blanqueforterako bidean, gainera bero handia egiten zuenez bidaia gogorragoa egin zitzaigun, Iñakiren kotxeak aire girotua duenez ez zitzaien horren gogorra egingo!

Arratsaldeko 6:30etarako dortsalak jasotzeko zain geunden, gure aurretik Azu eta Jose Manuel gasteiztarrak, denbora dexente egin zuten eta atzeko guztiak itxaron egin behar, tartean ordiziako jentea. Gu ordiziarrekin batera Euskadi talde bezala joan ginen, eta dortsala jasotzean sorpresa ederra hartu genuen, ikurriña geneukan izenaren ondoan, badaezpada ere pegatinak hartuak genituen arren. Euskal selekziokoek ere ikurriña zuten, baina bertan "Selección de Euskadi" gehituta. Indians-ak erosi, tabernan hauek estreinatu garagardo eta freskagarriak erosteko, eta kanping denda muntatzera abiatu ginen.

Han zeuden gasteiztarrak, kanpamentu handi bat ezarrita, ordiziar batzuek ere dendak jarri zituzten, gaztetxoenek aldiz Ilderen furgonetan egin zuten lo, Donostiako Diarcoko jentea ere han zegoen. Dena gertu zegoenean, taldetxo bakoitza afaltzen hasi zen, eta amaieran gasteiztarren kanpamentuaren bueltan jarri ginen guztiok. Berriketa apur bat, eta goiz samar oheratu ginen. Batzuk herrira joan ziren, hotelean egin behar baitzuten lo. Gau hontan ez zen zarata larregi egon.

Larunbatean goizeko 7retan altxatu ginen, gertatu ondoren kotxea hartu eta gosaltzera abiatu ginen Blanqueforteko "kanpo base"ra. Behin gosalduta, beroketa batzuk egin, eta bakoitza bere patruilaren bila. Nirekin Aitor gasteiztarra, bere alaba Haizea cady bezala eta Eric eta Norbert frantsesak. Giro onean ibili ginen, ibilbide txuria goizean eta gorria bazkalostean izan genituen. Teorikoki zailenak hauek ziren, baina ez da nire puntuazio txarraren arrazoia.

Arratsaldeko ibilbidea bukatu ondoren, oñatiarrok (eta angiozartarra) kanpingera itzuli ginen, izerdia eta usain txarra kentzeko dutxa bero bat hartu, eta berriz afaltzeko gune nagusira buelta. Afalostean 4x4 kotxetik tiroak zeuden, esan behar ilunduta zegoela, eta horrek apur bat zaildu egiten zuela. Gu ez ginen animatu botatzera, bakarrik Ordiziako gaztetxoak. Hauek amaitu zutenean lotara.

Igande goizean ere larunbatean bezala, goiz altxatu ginen, gosaldu eta ibilbideei ekitea. Patruilak aldatu egiten dira sailkapenaren arabera, eta oraingoan Jose Manuel eta Jorge euskaldunekin eta Jannick frantsesarekin nengoen. Goiz partean Iban gurekin etorri zen paparazzi lanak egitera, ibilbide bakoitza taldeko batekin egitean guztion argazkiak lortu ditugu. Jannickek ingelesez apur bat egiten zuenez ez dugu ulertzeko arazorik eduki. Larunbateko puntuekin konparatuz, izugarrizko gorakada izan dut, egia esan erreza zegoen, baina horrez gain gustura bota nuen, bi gezi galdu arren. Euria ere egin zigun, baina freskatzeko ondo etorri zitzaigun.

Ibilbideak amaitzean, sari banaketaren zain. Jaime elgoibartarrak bigarren amaitu zuen bere kategorian katalandar baten atzetik, eta ikusi beharra zegoen. Gainera Ansoalde bi anaiak eta Lander ere podiumera igo dira, ez dakit zenbatgarren podiuma duten gaztetxo hauek, baina honezkero ondo ohituta daude gora igoten! Podiumaren gainean, Espainiako eta Frantziako banderak, Jaimek esan duen bezala, datorren urterako ikurriña jartzea lortu behar dugu, dortsala lortu dugu (askori seguru ez zaiona batere gustatu), eta zergatik ez gehiago?

Bukatu denean, kanpin-denda desmuntatzera joan gara, gasteiztarrekiko agurtu (hauek gaur itzultzekoak ziren) eta martxa etxeruntz. Gaueko 12:30etan iritsi nintzen, ohean sartu eta haurtxo baten bezala lo egin dut. Orain oporrak ditugu alderdi guztietatik, hurrengo hitzordua Donostian izango da bertako basoaren estreinaldiarekin, han jokatuko baita Gipuzkoako 3D txapelketa irailaren 9an, han ikusiko gara!

Saturday, July 21, 2007

Largoko pinudia

Orain aste batzuk, Largokua baserrikoek beraien izei pinudi bat erabiltzeko baimena eman ziguten, Rafaren bidez, bertako alaba baten senarra baita. Baldintza bezala jotzen genuen pinu bakoitzeko orkatz bat eraman behar geniela zen, momentuz ez dugu pinurik jo!!

Pinudia Oñatiko Garagaltza auzoan aurkitzen da, eta 2 hektarea ditu. Aurreko asteetan lanean aritu gara bertan, tiroak izango ziren lekuak garbitzen. Aste honetan berriz, lokalean genituen parapeto zatiekin parapeto txikiak sortu ditugu, 60x60cm-koak gutxi gora behera. Egur batzuekin lotu, eta ostiralean joan ginen pinudira hauek muntatzera. Guztira bost parapeto txiki jarri ditugu, baina leku desberdinetatik bota daitekeenez, tiro anitzak dira. Horrez gain beste bi irudi txiki egin ditugu zati txikienekin.

Momentuz entrenatzeko ondo dago, denborarekin orain arte garbitu dugun zatitxoaz gain beste baso zati batzuk garbitzeko asmoa dugu, eta diana gehiago jartzeko noski. Oraindik lehiaketa bat egiteko leku gutxiegi dugu, baina denborak hitzegingo du, gogoa behintzat etzaigu falta.

Basoaren argazkiak ikusteko, egin klik hemen.

Tuesday, July 17, 2007

Euskadiko Aire Libreko Txapelketako argazkiak

Federazioaren webgunean igandean jokatutako txapelketaren argazkiak ikusgai daude, egin klik hemen

Sailkapenak ikusteko berriz, egin klik hemen

Sunday, July 15, 2007

Euskadiko Aire Libreko Txapelketa

Atzo jokatu zen Donostiako Aiete auzoan dagoen Bera-Bera rugby zelaian aurtengo Euskadiko Aire Libreko txapelketa. Oñatitik Mikel eta biok joan ginen lehiatzera, Oihana ikusle eta animatzaile bezala etorri zen. Goizean goiz jaiki, eta Donostiara abiatu ginen. Oñatiko auzo bateko jaiak izaki, etxeratzeke zegoen jentea ikusi genuen bidean, egia esan gaupasa egiteko gaugiro ederra zegoen...

Zumarraga inguruan Bergarako bi Fernando ikusi genituen, eta guk bidea zehatz ez genekigunez, beraien atzetik joatea erabaki genuen, Donostiako sarreran konturatu ziren atzetik zuten kotxean gu gindoazela...

Eguna oskarbi zegoen, bero egin behar zuela nahiko argi zegoen. Eguzkiarengatik babesteko krema apur bat eman, nahiz eta amaierarako erre egin ginen, eta beroketak egiten hasi ginen. Gehiengoa olinpiko eta poleadun kategorietan, tradizionalean berriz 4 biribilduan, bat longbowarekin eta infantil bakarra. Salamancako saria izan da asteburu honetan, eta Mercedesko jentea, normalean etorriko zirenak, han ziren.

Epaileen artean, basoan ikusi ohi ditugun Basur eta Pruden, Gallina ere hurrun gabe, eta argazkilari ofiziala Pedro, lehendakaria. Lehenengo 30 metrora bota genuen, nik gustura amaitu nuen. Parapetoak 18 metrora hurbildu, eta berriz hasi aurretik patata-tortila otartekoak ekarri zizkiguten, puntu positibo bat antolakuntzari, Euskadiko Federakuntzari, baina goizean zehar ur gutxi banatu zuten, eta ematen zuten aldiko kontatuta, bakoitzari boteilatxo bat. Egiten zuen beroarekin gehixeago egon beharko litzateke. Eskerrak aldageletan ura betetzeko aukera zegoela.

18 metrora botatzen hasi ginenean, lehiaketa gelditu zuten epaileek biltzar txiki bat egiteko. Lehiaketa goizean eta arratsaldean jokatzekoa zen, baina galerna aurreikusita zegoenez guztia saio baten egitea erabaki zen, horrela arratsalde partekoa hastekoa zenerako amaituko genuen. Tiraldi honetan ez nuen horren gustura amaitu, gertuago egon arren ez bainuen 30era bota nuen bezain gustura bota.

Gu finalerdietarako sailkatuta geunden, eta niri gero irabaziko zuenaren aurka egokitu zitzaidan. 3. eta 4. posturako lehian Cesar bizkaitarraren kontra egokitu zitzaidan, eta Mikel berriz finalera heldu zen Josebaren kontra lehiatzeko. Azkenean podiuma Joseba, Mikel eta hirurok osatu genuen. Lehenengo aldia da podiumera igotzea lortzen dudana, jentea faltako zen agian, baina lortutakoa hor geratuko da. Mikelek gainera 2 zilarrezko domina lortu zituen, senior mailakoa eta absolutua, eta azken horregatik diru saria ere bai.

Trasteak batu eta martxa, merkatal gune baten bazkaldu genuen, arratsaldeko 4:30ak izan arren. Orduan konturatu ginen gorri gorri geundela!!! Orain entrenatzea tokatzen da, pinudia ea aste honetarako gezi batzuk botatzeko moduan dugun, bi aste bakarrik falta dira eta hurrengo hitzordu garrantzitsurako, BLANQUEFORT!!! Han ikusiko gara!!

Sunday, July 08, 2007

MERCEDES SARIA

Gaur jokatu da Larrabean Mercedes saria, eta han izan gara gure taldeko Oihana, Rafa, Mikel, Iñaki eta bostok. Gatzagan istripu bat izan da, eta lehenago joan den Oihanak abisatu digu Arlabandik pasatzeko. Iritsi garenean Yolik esan digu Ordiziako eta Donostiako arkulariak istripu baten erruz berandu etorriko direla, eta itxaron egingo diegula askotxo baitira.

10:10ean hasi gara, gaurko ibilbidea berria zen, pagadian izan dira tiro gehienak, gutxienak berriz pinudian. Nirekin Jose Manuel eta Justi gasteiztarrak, eta Ilde eta Katsu Ordiziako taldekoak. Nibel altua, batez ere azken bi hauek, amaieran lehenengo eta hirugarren gelditu baitira. Ibilbidea oso polita izan da, lastima euri apur bat egin digula hasieran, nahiz eta amaierarako nahikoa errespetatu digun. Tiro asko izan dira itzaletan, leku batzuetan oso ilun zegoen gainera.

Amaitzean elkarlekuan bildu gara guztiok, Sesma eta konpainiaren patruilaren zain egon gara sariak banatzeko, bitartean otarteko bikaina jan dugu. Mikel gaur ere podiumean, oraindik 3. postutik ezin izan du pasatu, baina iritsiko al dira postu hobeak? Ikusiko dugu! Gainera, sari bezala eman dizkioten 2 ardo boteilak oparitu dizkit, bere etxean ez ei du inork ardorik edaten, probatu egin beharko dugu...

Honen bidez, ZORIONAK Mercedes taldeko kideei, oso lan ona egin dutelako, eta aspaldian egin dugun ibilbide politena izateagatik!!!!