Tuesday, September 30, 2008

Ehiza ibilbidea

Aurreko igandean, irailaren 28an Larrabeara joan ginen Koldo, Lander, Iñaki (argazkilari lanetan) eta laurok ehiza ibilbidean parte hartzera.

Basoko ibilbideekin konparatuz lehiaketa desberdina da, diana gutxiago egoten dira eta beste era batera jokatzen da. 30 lagun inguru batu ginen, eta eguraldia lagun goiz bikaina pasatu genuen. Lau tiro egoera zeuden, batean "treestand" batetik bota behar zen, behean zeuden animaliak lehenengo non dauden ikusi ostean, hurrengoan kamuflajeko kanping denda baten antzeko batetik, eta beste biak zuhaitzen artean zegoen zinta baten inguruan mugituta. Beti ere 50 segundu zituen arkulari bakoitzak, behin animaliak non zeuden ikusi ostean bakoitzari gezi bakarra botatzeko.

Goiz bukatu genuen honekin, eta hamaiketakoaren ostean diskoei jaurti genien, bat zuhaitzaren atzetik disko batzuk botatzen, eta besteak geziak bota ta bota, benetan entretenigarria!

Goiz bikaina pasatu genuen behintzat.

Erakustaldiak

Aurreko 2 asteetan erakustaldiak egin ditugu, lehenengoa Oñatin San Migel jaien barruan irailaren 21ean, San Martin izenez ezagutzen den parkean izan zen, eta jende pilatxoa bertaratu zen, halakoetan batez ere haurrak izaten dira gozatzen dutenak.

Hurrengo astean berriz, hilaren 27an Angiozarren egin genuen erakustaldia, hemen ere San Migel jaiak ospatzen dituzte, hemen ere jendea gustora, gu ere bai noski.

Friday, September 19, 2008

Gipuzkoako txapelketako argazkiak

Hemen daude Iñakik ateratako argazki batzuk:

argazkiak

Sunday, September 14, 2008

Lanaren emaitzak

Gaur jokatu da Oñatin Basoko 3D Ibilbideen Arkutiraketako Gipuzkoako txapelketa, guretzat atzo hasi ziren lanak ibilbidean, beste arlo batzuetan lehenago hasiak ginen arren.

Atzo goizean goiz Gaintzara joan ginen animaliak ekartzeko, eguraldi benetan eskaxa eduki genuen. Oñatira iristerako beste kideak zain genituen lokalean, eta hemendik denborarik galdu gabe ibilbidea montatzera joan ginen. Animaliak jarri, aurrez pentsatutako tokietan, dagozkien piketak ere ondo sartu, tarteka aterri, tarteka euripean, bazkaltzeko etenalditxo bat egin genuen aterpean, eta gero muntatze lanak amaitu genituen, oraindik ibilbidea markatzea eta segurtasun kontuak ziurtatzea falta zitzaigun

Basoko ibilbide teknikari lanak Amadeok bete zituen, bere oniritzia jaso genuen hiruzpalau diana zertxobait aldatu ostean. Eguna bukatzeko bidetik gertuen zeuden dianak gorde genituen, gaurko lanaren zatirik handiena eginda utzita.

Gaur goizean elkartu garenean oraindik eguna jaso gabe zegoen, eraman beharreko gauzak hartu, falta zena muntatu, animalien argazkiak jarri, laguntzaile moduan aritu direnei beren zereginen gainean azalpenak eman, eta pixkanaka arkulariak iristen joan dira, batzuk erdi galduta ibili diren arren, gehienak arazorik gabe heldu dira.

Patruilan Jose Luis, Irune eta Ignaciorekin joan naiz, gainean neukan nekearekin ez dut behar beste gozatu ibilbidea. Jendea pozik ikusi dut, ibilbidea gustukoa izan dutela komentatu digute, poztekoa da horrelakoak entzutea.

Amaieran, otarteko eta sari banaketaren ostean, laguntzaile izan ditugun komertzioen opariak zozketatu ditugu, barre batzuk ere egon dira tartean.

Sailkapenak ikusteko


Hemendik eskerrak ibilbidean laguntzaile izan ditugun lagun, senitarteko eta besteei, Debagoieneko Gurutze Gorriari, opariak eman dizkiguten komertzioei, eta nola ez, etorri zareten arkulari guztiei, zuek gabe ez bailitzateke txapelketarik egongo.