Monday, July 30, 2007

Blanquefort

Asteburu honetan jokatu da Blanqueforteko nazioarteko lehiaketa, batez ere Frantzia, Catalunya, Euskal Herria eta Espainiako arkulariek hartu dugu parte bertan. Ziur ez dakidan arren, berrehundik gora izan gara.

Ostiralean irten genuen Oñatitik Mikel eta Iñaki, azken honen kotxean, eta ni nirean. Bergaran Oihana hartu genuen, goizez lana egin zuela, eta Ibanen zain geratu ginen, gure argazkilari ofiziala. Bergaratik irten orduko ia arratsaldeko 3ak ziren, kotxe pilatxo bat aurkitu genituen Blanqueforterako bidean, gainera bero handia egiten zuenez bidaia gogorragoa egin zitzaigun, Iñakiren kotxeak aire girotua duenez ez zitzaien horren gogorra egingo!

Arratsaldeko 6:30etarako dortsalak jasotzeko zain geunden, gure aurretik Azu eta Jose Manuel gasteiztarrak, denbora dexente egin zuten eta atzeko guztiak itxaron egin behar, tartean ordiziako jentea. Gu ordiziarrekin batera Euskadi talde bezala joan ginen, eta dortsala jasotzean sorpresa ederra hartu genuen, ikurriña geneukan izenaren ondoan, badaezpada ere pegatinak hartuak genituen arren. Euskal selekziokoek ere ikurriña zuten, baina bertan "Selección de Euskadi" gehituta. Indians-ak erosi, tabernan hauek estreinatu garagardo eta freskagarriak erosteko, eta kanping denda muntatzera abiatu ginen.

Han zeuden gasteiztarrak, kanpamentu handi bat ezarrita, ordiziar batzuek ere dendak jarri zituzten, gaztetxoenek aldiz Ilderen furgonetan egin zuten lo, Donostiako Diarcoko jentea ere han zegoen. Dena gertu zegoenean, taldetxo bakoitza afaltzen hasi zen, eta amaieran gasteiztarren kanpamentuaren bueltan jarri ginen guztiok. Berriketa apur bat, eta goiz samar oheratu ginen. Batzuk herrira joan ziren, hotelean egin behar baitzuten lo. Gau hontan ez zen zarata larregi egon.

Larunbatean goizeko 7retan altxatu ginen, gertatu ondoren kotxea hartu eta gosaltzera abiatu ginen Blanqueforteko "kanpo base"ra. Behin gosalduta, beroketa batzuk egin, eta bakoitza bere patruilaren bila. Nirekin Aitor gasteiztarra, bere alaba Haizea cady bezala eta Eric eta Norbert frantsesak. Giro onean ibili ginen, ibilbide txuria goizean eta gorria bazkalostean izan genituen. Teorikoki zailenak hauek ziren, baina ez da nire puntuazio txarraren arrazoia.

Arratsaldeko ibilbidea bukatu ondoren, oñatiarrok (eta angiozartarra) kanpingera itzuli ginen, izerdia eta usain txarra kentzeko dutxa bero bat hartu, eta berriz afaltzeko gune nagusira buelta. Afalostean 4x4 kotxetik tiroak zeuden, esan behar ilunduta zegoela, eta horrek apur bat zaildu egiten zuela. Gu ez ginen animatu botatzera, bakarrik Ordiziako gaztetxoak. Hauek amaitu zutenean lotara.

Igande goizean ere larunbatean bezala, goiz altxatu ginen, gosaldu eta ibilbideei ekitea. Patruilak aldatu egiten dira sailkapenaren arabera, eta oraingoan Jose Manuel eta Jorge euskaldunekin eta Jannick frantsesarekin nengoen. Goiz partean Iban gurekin etorri zen paparazzi lanak egitera, ibilbide bakoitza taldeko batekin egitean guztion argazkiak lortu ditugu. Jannickek ingelesez apur bat egiten zuenez ez dugu ulertzeko arazorik eduki. Larunbateko puntuekin konparatuz, izugarrizko gorakada izan dut, egia esan erreza zegoen, baina horrez gain gustura bota nuen, bi gezi galdu arren. Euria ere egin zigun, baina freskatzeko ondo etorri zitzaigun.

Ibilbideak amaitzean, sari banaketaren zain. Jaime elgoibartarrak bigarren amaitu zuen bere kategorian katalandar baten atzetik, eta ikusi beharra zegoen. Gainera Ansoalde bi anaiak eta Lander ere podiumera igo dira, ez dakit zenbatgarren podiuma duten gaztetxo hauek, baina honezkero ondo ohituta daude gora igoten! Podiumaren gainean, Espainiako eta Frantziako banderak, Jaimek esan duen bezala, datorren urterako ikurriña jartzea lortu behar dugu, dortsala lortu dugu (askori seguru ez zaiona batere gustatu), eta zergatik ez gehiago?

Bukatu denean, kanpin-denda desmuntatzera joan gara, gasteiztarrekiko agurtu (hauek gaur itzultzekoak ziren) eta martxa etxeruntz. Gaueko 12:30etan iritsi nintzen, ohean sartu eta haurtxo baten bezala lo egin dut. Orain oporrak ditugu alderdi guztietatik, hurrengo hitzordua Donostian izango da bertako basoaren estreinaldiarekin, han jokatuko baita Gipuzkoako 3D txapelketa irailaren 9an, han ikusiko gara!

No comments: