Monday, February 23, 2009

Liga nazionala Talaveran

Larunbat goizean genuen hitzordua Ordizian. Bertan Ordizia taldeko Vidri, Jaime, Ilde, Lander, Galo eta Martin, Diarco taldeko Seyu, Sesma eta Mari eta ni neu bildu ginen, Ilderen eta Mariren kotxeetan banatu, eta helmuga Toledoko probintzian dagoen Talavera de la Reinan genuen.

Lasai joan ginen, Madrileko bidegurutzeetan ez ginen galdu GPSari esker, eta iristen ari ginela bazkaltzeko geldialdi bat egin genuen. Bapo bazkaldu ostean, oraindik beste ordu bat behar izan genuen Talaverara iristeko. Ni basoko komisioko bileran egon nintzen, asko luzatu zena gainera, eta bederatziak jota irten genuen. Besteak nahiko erraz aurkitu nituen, justu afaltzeko. Kuriosoa benetan tabernetan duten ohitura, trago bakoitzeko tapak ematen dizkizute.

Afalostean batzuk lotara, eta besteak berriz mundua konpontzeko saiakeran, hala ere berandu ez ginen oheratu. Gure gelan, eta besteenetan ere bai, bero larregi lo egiteko, nik ia ez nuen deskantsatu. Goizean jaiki, eta gosaltzeko toki baten bila ibilia zen Jaime, azkenean txurreria batean gosaldu genuen, ta hortik tiraldia izango zen lekura.

Jente ezaguna agurtu, zerbait berotu, eta patruilako kideekin elkartu ginen. Ez nuen aurrez inor ezagutzen, baina giro on bat edukitzea lortu genuen, gainera eguraldiak ere lagundu zigun. Nirekin ziren Juanjo Toledokoa, Miguel Salamancakoa, Antonio Madrilekoa eta Marina Catalunyakoa. 1. ibilbidean huts larregi egin nituen, erditik aurrera txukundu nuen arren. Otartekoa jan, bertan zetozen irabiatu, zuku eta txokolatina ere dena barrura, baina hemen ohituta gauden otartekoekin alderatuz, konparaziorik ere ez. Poleadunak eta klasikoak berandu etorri ziren, gu 2. ibilbiderantz irtetzeko ia gertu geundela.

Arratsalde parteko ibilbidea hobeto joan zitzaidan, eta oso gustora bota nuen. Orokorrean tiroak politak, animali handiak gertu, beste batzuk gehieneko distantziara, basoa zoragarria, alde batera begiratu eta Gredos mendizerra ikusten zen, Talaveraren atzean, eta basoan erromeroaren usain goxoaz gozatzen genuen. Oinez ibiltzeko ere ez zuen larregiko zailtasunik, leku batzuetan irristakorra egon arren.

2. ibilibidea amaitu, oparien poltsa bat jaso genuen guztiok, eta momentuan parrilan gertatutako gaiekin otartekoak gertatzen ari ziren, hauek ordaindu egin behar ziren, baina onak zeuden, biderako janda irtetzeko behintzat. Gainera otarteko bakoitzeko "migas" ematen zuten, onak hauek ere!

Ilde ta konpainia lehenago abiatu ziren bitartean, guk lasaiago ekin genion itzulerako bideari. Madril inguruko txolopotea harrapatu genuen, asteburu guztietako kontu bera, guztiak hirira itzultzen direnean. Arandan afaldu genuen, eta azkenean etxera iritsi orduko goizeko ordubiak jota, oso nekatuta, baina oso gustora.

Aipatzekoa Jaimeren bigarren postua, beste guztiok norbere mailan edo okertxeago, baina asteburu bikain bat pasatuta seguro!

Argazki batzuk ere atera nituen, sartu hemen ikusteko.

No comments: