Saturday, June 30, 2007

Euskadiko Aire Libreko liga

Gaur jokatu da Donostiako Diarco taldearen zelaian Euskadiko aire libreko 6. jardunaldia. Han izan gara Iñaki, Mikel eta hirurok. Lehenengo aldiz joan gara tiro zelai honetara, eta esan behar apur bat kostatu zaigula aurkitzea. Badaezpada txapel eta eguzkitako kremekin joan gara, baina zelako ezustea eraman dugun tiro lerroa gerizpean zegoela jakitean!!

FITA 900 modura jokatu da gaurkoa, eta guk 30, 18 eta 12 metrora bota dugu, aldiz olinpiko eta poleadunek 60, 50 eta 40ra. Tradizionalean Mikel eta biok aritu gara Diarcoko Mauri eta Mikelen aurka parapeto berean. Distantzia luzeenera seinaka bota ditugu geziak, gero hirunaka. Normalean tirada hauek asko luzatzen dira, baina giro ona izan dugu gure artean eta eramangarriagoa egin zaigu guztioi. Basoan gustura botatzen duen Sesma bere olinpikoarekin aritu da, honek era guztietan eta arku guztiekin botatzen du!! Nahiko gustura amaitu dut, hobetu daiteken ustearekin, nire suelta batez ere...

Zelaiari gerizpea ematen zioten zuhaitzek osatzen dute Diarcokoek baso ibilbidea muntatu nahi duten basoa, eta itxura nahiko ona dauka. Ea laister baso horretan "pelutxe" batzuei geziak botatzen dizkiegun! Guk ere pinuditxo bat erabiltzeko baimena lortu dugu, hasiera baten entrenatzeko ea balio digun. Noski, aurretik lan mordo bat egin beharko dugu, azkenengo 4 urte hauetan ez baitu inork garbitu.

Tirada amaitu, eta etxera itzultzean Urbil merkatalgunean geldialditxoa egin dugu, bertan kebapa afaldu, eta martxa. Bihar batzuk Errioxara joango dira, guretzako hurrengo lehia datorren igandean izango da Legutianon, bertan jokatuko baita Mercedes saria.

No comments: